Albistea entzun

ARKUPEAN

Esanahi berriak

Xabier Paya Ruiz -

2018ko urtarrilak 16

Gogoan duzue zein den oraindik maitasunaren definizioa Espainieraren Erret Akademiaren arabera? «Maitasuna: gizakiaren sentimendu indartsua, norberaren askieztasunetik abiatuta, beste gizaki batekin elkartzeko beharra eta nahia eragiten dituena». Pentsatu zer den Espainiako eliza, epaitegi eta udaletxeetan elkarri betiko maitasuna zin egin dioten gizakiek egindako promesa! Eskerrak gehiengo zabalak ez duen hiztegira joko eztei-bidaiatik itzultzerakoan. Alde horretatik, askoz osasungarriagoa dirudi ezkontza euskaraz egiteak. Euskaltzaindiaren arabera, maitasuna da norbaiten edo zerbaiten alderako atxikimendua sortzen duen joera edo sentimena, haren ona bilatzera bultzatzen duena. Ez du ematen arnasa eteteko moduko sentimendu pasionala, baina euskal ezkontideen batura behintzat ez da izango penintsulako laranja erdi biren zukua.

XXI. mendeko Europako hiztegien arazo handiena adierazleen eta adierazien arteko loturan zetzan: batetik, adierazle askok ez zuten esanahi egokirik, gaztelaniazko maitasunaren definizioa adibide; bestetik, adierazi askok ez zuten adierazlerik, familia eta harreman ereduen aniztasunaren kalterako. Neba-arreben arteko ahaidetasunak halako zehaztasunez adierazten dituen Aitorren hizkuntza zaharra bera ere hitzik gabe geratzen zen, adibidez, aita biz edo ama biz osatutako bikoteak bereizi nahi zituenean. XX. mendearen bukaeratik, eskoletako jolas-orduetan, umetako soka-saltorako kantu batek «Aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz» zioen. Ia mende osoa jandako diktadurak familia ugari hautsi bazituen ere, Jean Baptiste Elizanburuk XIX. gizaldian bertsotan jarritako aita-ama seme-alaba eredua garondoan zizelkatu zieten haurrei. Denek zuten ama eta aita bana. Beno, denek ez, Izaskunek ez zuen amarik; bera umea zela hil zen. Unaik esaten zuen berak ez zuela aitarik, baina gurasoak banatuta zeuzkan, hori baino ez. Ametsen gurasoak zahar samarrak ziren ezkondu zirenerako eta, arratsaldean bila etortzen zitzaizkionean, haren aitona-amonak ematen zuten guraso gaztexeagoen artean. Pentsatzen hasita, orduko payatarrena ere ez zen eredu fidelena, aitak urte erdia munduaren bestaldean egiten baitzuen lanean.

XXI. mendearen erdia behar izan genuen onartzeko ez dagoela hamarreko familia eredurik, edo asko direla umeen heziketan hamarra atera dezaketenak. Eguzkia, etxea, autoa, aita eta ama plastidecorrak izan ohi zituzten eskolaurreko irudi zaharrak asko aldatu dira ordutik: batzuetan gizarteak aitak edo-eta amak ezabatu ditu (edo sekula ez ditu marraztu); besteetan krisiak etxeak eta autoak, eta eguzkia ere iraganeko kontu bihurtzen hasita dago. Familia hitzak jatorri latindarra du eta erreferentzia egiten dio gosea elkarrekin kentzen duen lagun multzoari; terminoaren etimologiak ez du ez aitarik, ez amarik, eta egungo familiek ere ez dute horrelakorik, baina berdin-berdin segitzen dute bere kideen gose efektiboa edo afektiboa asetzen.

Oraindik gogoan dut Euskaltzaindiaren lehen mendeurrena une oso berezia izan zela euskararentzat; ez bakarrik batuak mende erdia bete zuelako, ezpada erakundeak ospakizun urtean gutxienez 100 urteko aurrerapausoa eman zuelako zenbait hitzen adierak eguneratzean. Gutxi ziren 2.0 errealitatera jauzi egiteko premia nabarmena zutenak: errainak eta suhiak seme zein alaben senar zein emazte bihurtu ziren; guraso hitzaren sarrerari «aitak edo/eta amak» gehitu zitzaion eta bigarren adierari «bereziki, aita» esaldia ezabatu... Ez ziren ehun karaktere baino askoz gehiago izango Euskaltzaindiarentzat, baina karaktere aldaketa handia izan zen euskaldunentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...