ARKUPEAN

Gu eta haiektarrak

Mikel Elorza -

2018ko urtarrilak 31
Ez zela existitzen sinetsaraztea izan omen zen deabruaren garaipenik behinena, lorpen gorena. Bada estrategia hori ere zahartua dago. Badirela aldarrikatu bakarrik ez, orain nabarmenkeriaz agertzen dira jainko berriak. Diskrezioz eramaten zen garai batean, lotsa pixka batekin ere pentsatu nahi dut, eta asko zeukanak ez zuen arrandiaz erakusten, gutxi zeukaten asko zeudela jakitun, ia ezer ez daukaten asko daudela jakitun; gorde antzean eramaten zen urrezko bizimodua, soilik maila berekoekin partekatuz. Munduko aberats eta boteretsuen Davosko bilera erdi ezkutuko kontu bat zen orain ez asko. Biltzen zirela bai, baina non biltzen ziren ere justuan genekien, eta hango berri gutxi. Ez dira hainbeste urte. Foku-argitan biltzen dira orain, ordea. Han izatea baino, han izan zarela esatea da inporta duena. Han izan zarela jakin dadila. Oinarrian dagoena han egotea da, han egoteko behar dena edukitzea izatea baino garrantzitsuagoa, baina ia hori bezain garrantzitsu bihurtu da hori erakustea. Besteok ikus dezagun, amets egin dezagun. Albistegietako lerroburu da, baina ez harrikatzeko.

Agerian ibiltzea baita erakuskeriaren gizarte honen zutabeetako bat. Boterearen estrategia da, deabruarenari buelta emanez: gauzak nabarmentzea. Zahar usaineko aristokraziaren garaiak pasatuta, XX. mendearen bigarren erdian elite ekonomikoek euren izaera pixka bat antzaldatu eta, halako ponpezia eta soineko distirantik gabe, fokuetatik aparte egin zituzten bizimoduak, modu endogamiko xamar batean. Haiek zeuden, eta gu. Haien begiradatik, jakina, haiek gu bat osatzen zuten, munduko munduan dauden mundu txikietako— aberats eta boteretsuen gu-a, eta gero haiek geunden.

Estrategia aldatzen joan da, ordea, eta haiek eta gu ez daudela konbentziarazi gaituzte, denak garela, edo izan gaitezkeela, gu. Ez da egia, datuek argiro diote: inoiz baino handiagoa da gu eta haien arteko zuloa, amildegia, baina konkistatu egin gaituzte eta denok haiek izan nahi dugu. Denok gu izan nahi dugu. Denok Davos xede.

Eskema erraztu egin du, noski, progreso ekonomikoak jende askori ekarri dion, ekarri digun, ondasun aurrerakadak. Davoskoen aldean haiek gara, baina gu ere bagara, eta baditugu aldamenean haiek batzuk. Eta urrutiago haiek mordoa. Eta horrela kate luzea, baina oinarri berri batekin: denak gu izan nahia.

(bada ekuazio honen barruan orain gutxi arte sarrerarik izan ez duen beste faktore bat: gu-ren barruan eta baita haiek-en barruan beste gu eta haiek bat dago, hankarteko zintzilikarioak mugatua, mundua zintzilikario horrekin marrazten dutenek, dugunok, zedarritua).

Horra gure porrota. Goragoko kate-begiko gu bihurtzea helburu bilakatu izana. Ez dugu noski egunerokoan bizi, edo igartzen bederen, egunero bizitzearekin ere aski da maiz. Ez dugu egunerokoan bizi, baina egunero bizi dugu.

Haiek gutar bihurtzea baino gu haiektar izan gaitezkeela sinetsaraziz, ahantzarazi digute egia bat, artikulu honi darion espiritua bezain zaharra, baina hala ere egia handia: gu eta haiek izatea ahalbidetzen duena da batzuek asko daukatela beste batzuek gutxi daukatelako. Batzuek ikaragarri daukate, beste batzuek ezer ez daukatelako. Eta soluzio zuzena, oraindik ere, banaketa da.

Baina hori zaila da, nonbait, eta beste soluzioa da haiektar bihurtzen ahalegintzea. Haserretu gabe, gainera, batez ere haserretu gabe, bortxarik gabe.

Ezkor nator, badakit, baina, zer nahi duzue, Davos festa gisa saltzen digute eta gainera kirol albisteekin gosaldu naiz egunotan: hor bai haserre, baina ez kopuruekin.

Deabrua ere galtzaile, sasoi ilunak fedegabeontzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna