Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Kultura osasungarria

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Heriotzak eta kulturak, neurri batean, antzeko eragina dute gizakiengan: zenbat eta gertuago sentitu bata zein bestea, orduan eta pertsona hobeak bihurtzen gara. Zaila da parekatzea auto-istripu bat edo mediku baten albiste txarra eleberri batekin edo film batekin, baina gizaki hilkorrongan heriotzaren gertutasunak sorrarazten duen beldurrak automatikoki eragiten du geratzen zaigun denbora zorrotzago eta sakonago profitatzeko beharra, maite ditugunez gozatzeko gogoa, hain maite ez ditugunekiko uste oro erlatibizatzekoa... eta kultur sorkari egokiek antzeko gauzak sentiaraz diezazkigukete era berean. Nola jakin, ordea, edozein kultur sorkuntzak balio duen euskal herritarrak pertsona hobeak bihurtzeko?

Ziurrenik galdera hori izango zuten buruan XXI. mendearen bukaeran Euskal Film eta Liburuen Kultur kalitateari buruzko Informazioaren legea onartu zuenean Eusko Legebiltzarrak. Coca Cola latetan eta jogurta potoetan produktu bakoitzaren kaloriak eta abarrak jakinarazi behar zaizkion bezalaxe irensleari, legearen eztabaidak agerian utzi zuen euskal herritarrek irakurtzen zituzten liburuen eta ikusten zituzten filmen onuren berri jaso behar zutela, jakin zezaten hautatutako best seller-ek edo film komertzialek zein neurritan lagunduko zieten pertsona hobeak izaten.

Ezaguna da filmek bazutela gutxieneko prebentzio sistema bat XX. mendetik: ikur txiki batzuei esker publikoak jakin zezakeen filma egokia ote zen publiko ororentzat, 13 urtetik gorakoentzat edo soilik 18 urtetik gorakoentzat. Sailkapena egiteko hiru irizpide erabiltzen zituzten: hizkera (hitz gordinen erabilera), drogen presentzia (tabakotik hasita) eta sexua (gorputz biluzetatik hasi eta sexu harremanetaraino). Hala ere, gutxieneko horiek aski ez eta Kultur kalitateari buruzko lege berriak generoa, arraza eta aniztasuna bezalako kontzeptuetan oinarritutako sailkapena argitaratu zuen. Sailkapen horrek ez zion inolako oztoporik jartzen filmari edo liburuari (hau da, berdin-berdin merkaturatzen zen), baina zenbait kolektibok eta kritikarik zorrotz-zorrotz hartzen zuten kontuan. Kalitate zigiluak ortzadarraren koloreak zituen, eta betetzen zituen irizpideen arabera kolore gehiago edo gutxiago izaten zituen.

Generoaren azterketa aurreko hamarkadetan sortutako test ugariren berrantolaketan oinarritu zen. Finean, honelako galderei baiezkoa erantzunda eskuratzen zuen film edo liburu batek kalitate zigiluaren parte more eta gorria: emakume bik gizon bat ez den gai bati buruz hitz egiten dute filmean (Bechdel testa)? Filma egindako langileen % 50 emakumeak dira (Uphold testa)? Obraren protagonista edo antagonista istorio propioa duen emakumea da (Peircel)? Zorionez, XX. mendeko test batzuk zaharkituta geratu ziren, eta ez zen beharrezkoa begiratzea ea pertsonaia femenino bakarra zuen filmak (Pottokina printzipioa). Okerrik ezean, gogoan dut XXI. mende bukaera arte ez zela test guztiak gainditu zituen euskal filmik sortu. Arraza kontuetan, bestalde, ezinbesteko bihurtu zen Ko testa gainditzea (zuria ez den pertsonaia bat gutxienez bost eszena edo ataletan mintzo da obrako hizkuntza nagusian?), eta sexu aniztasunean Bechdel gay testak aztertzen zuen obran bi homosexualek LGBTI+ gaiekin zerikusia ez duen zerbaiti buruz hitz ote zuten (eta filma bizirik bukatzen zuten).

Neurriaren aplikazioak izugarri aztoratu zuen euskal oilategia. Zenbait ahots neurketen aurka azaldu zen; beste batzuek, «denak ala inor ez» lelopean, zigilua euskal sortzaile guztiei pasarazteko eskatu zuten, «XXI. mendeko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketek ez dute Bechdel testa gainditzen» gisakoak adieraziz eta elkarri eraso eginez... eta dena pertsona hobeak izango ginelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.