Bruselak ontzat jo du AEBek enpresentzat nahi duten gutxieneko zerga: %15

Europako Batzordeak esan du «aurrerapauso» bat dela Washingtonekin adostu behar duen jokaleku berri baterako negoziazio konplexuan

Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioa, atzo, Lisboan. ANTONIO COTRIM / EFE.
xabier martin
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Joe Bidenen administrazio berria aurrera doa Donald Trumpek minaz bete zuen bidea garbitzeko lanekin, eta Europako Batasunarekin atzera kolaborazio estua izateko, ezinbestekoa da OCDEn izozturik egon den zergen negoziazioan emaitzak lortzea. Bada, Washingtonek lehen proposamen bat jarri du mahai gainean korporazioek gutxieneko sozietate zerga bat pagatu dezaten nazioarteko ekonomiarik indartsuenetan: %15.

Bruselak «aurrerapauso» gisa hartu du, garbi utzita musika hori atsegin duela; aditzera eman du, ordea, dantza luzea behar duen prozesuan baleko lehen urratsa baizik ez dela. Izan ere, estatu bakoitzaren lehiakortasun fiskalarekin lotutako neurri horrez gain, erraldoi teknologikoen salmenten zergena da Bidenekin adostu beharreko gairik beroena, Google tasa esan diotena. Esan beharrik ez dago: negoziazioaren bi habe horietan akordioak baleude aurten, muga zergen auziak ere konpondurik beharko luke, eta oraindik argitzeko dago.

Batzordeko Ekonomia komisario Paolo Gentilonirentzat, «oso litekeena da» paktu bat lortzea G20aren barruan, betiere AEBek proposatutako %15eko gutxieneko zerga horri dagokionez. Baina Eurotaldearen bilera bukatu ondoren, Lisboan, gogorarazi du lortuko balitz ere «lan asko» geratuko litzatekeela. AEBetako Altxorrak zehaztu du korporazioei %15eko gutxieneko tasa ezartzeko proposamena abiapuntu bat baino ez dela, eta prest dagoela tasa hori handitzeko.

Veneziako goi bilera

AEBen proposamenari ongietorria egin dion lehen estatua Frantzia izan da, Google tasa ezarri zuen lehena. Parisek esan du posible ikusten duela gutxieneko sozietate zerga bat adostea mundu osorako, eta erraldoi digitalentzako gutxieneko tasa bat adostea ere bai, haien salmentak zergapetuz. Negozioa egiten duten herrialdeetan pagatzea da horren helburua, eta ez paradisu fiskaletan: Irlandan, kasurako.

Horiek horrela, Washigntonek eta Bruselak begiz jota duteG20ko Finantza ministroek Venezian (Italia) egingo duten goi bilera. Uztailaren 9an eta 10ean egingo dute, eta itun garrantzitsuak lortzeko agertokia izatea nahiko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.