mikel elorza
ARKUPEAN

Putreak funtsean

2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Baimenik, lan kontraturik, bisarik eta antzekorik ez zeramaten Cristobal Colon eta enparauek Indien bila abiatu ziren hartan. Gurutzea, horixe omen zeramaten iraganbide gisa. Ematen duenez, artean izendapen hori ez zeukaten amerikarrek ez zizkieten eskatu ez baimenak ez bisak: beso zabalik edo harrika hartu ote zituzten, denetarik izan ei zen, eta guztiok dakigu nola amaitu zen, Eduardo Galeanok maisuki laburtuta: europarrok urrea eta zilarra hartu eta bueltan etorri ginen, gurutzeak eta Jainkoa han utzita.

500 urtek askorako ematen dute, eta ikasi dugu estatuak eta mugak eraikitzen, eta indarkeria monopolizatu eta dibertsifikatzen —armak betikoak bai, baina orobat legeak, auzitegiak, administrazioa…— eta beraz orain Afrikatik datozen konkistatzaileei ateak ixten dizkiegu (ez baldin badatoz jet pribatuan edo golak sartzera), katez itxi ere, eta Europa den gaztelu aurreko foso bihurtua dugun Mediterranioan itotzen dira. Laurehun kolpe batean asko da, aste honetan hil direnak, AEBek gerra bat hasi eta biltegi militarrak berritzeko ez dituzte askoz gehiago behar, asko da baina, era berean, 500 urteren ondoren bizimodua askoz abiada biziagoan doa munduak bere buruari buelta eta eguzkiari bira emateko lehen hartzen zuen denbora hartzen badu ere. Eta azkarrago bizi gara eta berehala pasako zaigu 400 horiena, laster ordezkatuko dituzte beste laurehunek, baina bitartean guk bista beste ur batzuetan jarria izango dugu.

Arte-lanak geldituko dira, hori behintzat. Liburuak, filmak, dokumentalak, instalazioak, performanceak, margolanak... tragedia salatuz, nahi ez zutela urperatutako horien guztien izu begirada eta amorruzko garrasiak entzun eta ikusi ahal izateko. Ez da asko, baina gutxi ere ez da.

Eduardo Galeano izan da halakoen bozeramaile ibili direnetako bat, makina bat testu zoragarritan, historiaren anekdotarioan giza bizitzaren erretratua eginez, nagusi eta boteretsuen fokutik at. Grass ere bai, fikzioa baliatuz uruguaitarrak baino gehiago, bere garai eta espazioetara mugatuago.

Munduak agur nola egiten dien ikusteak, batzuetan, irribarrea pizten dit. Eurek ere oso ondo zekitenez, agur eta ohore egiten baitiete euren idatzien jomugan daudenek ere. Botereak hori ere badu, dena irensteko ahalmena, eta agintariak maiz ikusten ditugu sortzaileak ohoratzen, haiek herri bati edo dena delakoari ematen dioten prestigioa goratzen. Ez dira konfunditzen, baina: sekula ez dituzu ikusiko sortzaile horiek salatzen dutena aldatzen, haiek proposatzen dituztenak egiten.

Nazioarteko Diru Funtsak ez dut uste saririk edo dominarik inoiz emango zionik Galeanori, ez dakit domina edo sariak ematen ote dituen. Sariak bai, bere erara. Aginpideak ematen ditu. Estatuei —haien agintarien bitartez— esaten die zein neurri hartu behar dituzten Ekonomiaren bide zuzenetik joateko, eta delako estatu hori otzana eta maratza baldin bada, sarituko du. Greziarekin ari da borrokan adibidez, makila erakutsiz, ez baditu neurri zorrotzak hartzen —herritarrak itsasora joan behar izan gabe itoko dituztenak—, ez duela bedeinkapenik jasoko. Baina bedeinkatzaileak ederki dabiltza aspaldian: Strauss-Kahn, Lagarde, Rato. Patrika luzearen klubeko ohorezko kide, hirurak ere. Rato atzeman dute, bai. Baina kontua da otsoa harrapatzen dutenerako ardi guztiak janda dituela; eta ardi berriez hornitzen da saila —herritarren funtsetatik hartuta, jakina— eta beste otso bat jartzen artzain.

Putre-funtsak deitzen zaie, oker ez banago, inbertsio-funts harrapari batzuei, espekulazio huts gordinena gidari hartuta ibiltzen direnei. NDF ez dakit haietarik den, baina putreen funtsa dela ez da dudarik. Putreak Funtsean; putreak, funtsean. Hizkuntzak letra larriz edo txikiz idazten uzten digu, eta bietan ongi ulertzen da. Larria ez baita letra, putre hauen jokabidea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.