Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Enbata, ekaitza eta orain euri

2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Duela 32 urte, 1983ko uztailean, 15-16 urteko hiru mutilek pankarta zintzilikatu zuten Donapaleuko azokaren atarian. Amikuzeko hiriburuko bestak ziren. Plastikoak «Besta bai borroka ere bai» edo antzeko ezer zioen.

Hiru mutil haietarik gazteena zuberotarra zen. Ordurako euskaltzaina zen bere osaba eta, Donapaleuko bestetan nonahi entzuten ziren auto-tanponesen (auto-txokeen) musika tarteko, poltsikoan gordeak zituen CNT espainiarraren autokolantak (pegatinak) atera eta anarkismoarekiko atxikimendua adierazten zuen etengabe. Denboraren poderioz kostalderako bidea hartu eta arrantzale bihurtuko zen zuberotar anarkista. Batek daki ez ote zen Marc Legassen Gastibeltzaren Karabinen oihartzunaren ondorioz egindako hautua.

Hiruren arteko zaharrena Nafarroa Garaikoa zen. Ordurako lehen urratsak eginak zituen, herabe, KAS zeritzon koordinakundeko gazte erakundean, Jarrain, hain zuzen ere. Adina eta esperientzia politiko apur horrekin ikasgairen bat emateko irrikari eutsi ezinik zebilen, gaixoa. Denbora tarteko, kazetaritzaren urmaelean lokaztuko zituen bere urratsak, Windows sistema eragiledun ordenagailuen ekranen (pantailen) aitzinean dioptriak etengabe gehituz.

Adinean tartekoa zenak egiten zituen Donapaleun anfitrioi lanak, amikuztarra baitzen. Bere aita, gainera, pertsona ezaguna zen. Euskal kantagintzako ahots inportantea. Eñaut Etxamendirekin batera Carrero Blancoren hegaldiaren berri abesten ematen zuen bertze Eñaut hura. Enbata mugimenduko zale ziren Etxamendi eta Larralde zena, Jean Louis Davant euskaltzain zuberotarra bezala. Gerora Abertzaleen Batasuna izanen zenaren aitzindaria izan zen Enbata. Egun, gainera bizirik dirauen aldizkaria. Hegoaldetik zihoazen euskal errefuxiatuei ahal bezain bertze laguntza ematen zietenetakoak ziren aipatu hiru gizonak.

Bada, gure hirugarren mutilak, Eñaut Larralde zenaren semea, Xabi izena zuen.

Xabi Larralde, ekonomia ikasketak egin eta irakaskuntza eta politikaren esparruan murgildu zen gerora.

Hiru lagun haiek Donapaleuko bestetan zintzilikatu zuten pankartaren garaiak enbatarenak ziren, baina ekaitza bazetorren. IKren lehen urratsen harira Herri Taldeak antolatuko ziren eta Ipar Euskal Herriko ezker abertzalea zatitu.

Xabi Larraldek Hegoaldean nagusi zen ezker abertzaleko egiturekin bat, Batasuna mugimendu politikoaren antolaketari lotu eta, pertsonalki eta profesionalki, horrelako hautu batek eragin zitzakeen kosteak ordaindu ditu urte luzetan.

Gaur, Xabi Larralde bezalako Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat eta hainbat militanteren ibilbide eta lanari esker, EHBaik abertzaletasunak duela 10 urte amestu baizik egiten ez zuen boz kopurua lortu du hauteskundeetan; BABn zeregin izugarria gelditzen bada ere.

Enbataren ondotik ekaitza eta orain euri tanta saldoa, lurrak busti eta ereindako hazi guzti haiek ernal daitezen.

Inoiz ez bezala, abertzaleak bigarren indarra izan dira bost kantonamendutan lehen itzulian eta horrek aukera eman die bigarrenean erakusteko eskuin frantziarraren ezkerreko alternatiba bideragarria badirela. Erantzuna tamainakoa izan da. Bozen %35etik gora leku guztietan eta %45en inguruan gehienetan.6-4ko emaitza duen partidak badu jarraipenik gerora.

Azken bi igandetako bozketek erakusten duten koadroak mugarri historikoa ezarri du eta Euskal Herri batu eta burujabea amesten dugunoi aukera damaigu esker ona adierazteko.

Hortaz, esker mila, Xabi.

(Uler bedi, Xabiren tokian: Anita, Leire, Peio, Alain, Léonie, Antton... eta ehunka gehiago).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.