mikel elorza
ARKUPEAN

Arrantza kuotak

2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Umetako garaia ekarriko dio akordura inori Andamango itsasoak, Emilio Salgarik eskainitako abenturen oihartzuna. Tsunamiarekin gogoratuko dira beste batzuk, itsaso hauxe, besteak beste, zeharkatu baitzuen olatu erraldoiak. Hango uretan murgil egindakoak izango dira zenbait,Thailandia aldera oporretara joandakoak, itsaso honek blaitutako lur eta hondartzek eskaintzen dituzten edertasunak gozatzera. Eta izena ez zuen sekula entzun ere egingo, azkenik, beste askok. Han noraezean dabiltzanak ere ez agian: zertarako jakin hilerri izango duzun itsasoaren izena?

Aste honetan irakurri edo entzun dugu guk izena, aspaldiko partez, hango uretan errari ibili diren itsasontziak medio. Nagusiki Myanmar eta Bangladeshtik hanka egindako jendea, ziento bat lagun hiltzeko zorian izan dira. Itsasora jo bai, baina porturik jotzen ez zietelako uzten. Malaysiak, Thailandiak, Indonesiak erabaki eta adierazi zuten itsasora itzularaziko zietela, ontziak bueltan bidaliko zituztela. Armadako ontziren bat hurbildu zaie, ura-eta ematera hilzorian ziren migratzaileei (hildakoak kareletik putzura bota zituzten ordurako); baina erreskaterik ez.

Rohingya herrikoak dira gehienak, inoiz aipatu ditugunak, Myanmarren jazarpen latza jasaten dutenak. Gutxiengo etnikoa, musulmanak, Bangladeshera bidali nahi dituzte budistek, Myanmarren arrotzak direlakoan, eta Estatuak jazartzen ditu, kontzentrazio-esparrutan sartzen, eskubideak ukatzen… Giza eskubideen aldeko erakundeek salatua dute herritar hauen egoera, genozidioaz ere mintzo dira. Migratzaile ez ezik, errefuxiatu ere badira beraz, esan nahi dut gatazka politiko bati ihesi irtenak, baina ez dirudi hori estatu hartzaileei axola zaienik.

Arrantzale batzuek erreskatatu dituzte oraingoan. Batek daki hurrengoan. Fokuak itzaltzean.

Baina seguru hemen ere errudunak mafiak direla, giza trafikatzaileak. Eta ez da paradoxa txarra giza trafikatzaileez jardutea jakinik itsaso eta hondartza horietara joaten diren turistetako asko hango hankarteetan —haur eta nerabeak maiz—murgil egitera joaten direla.

Holandarrak ez diren ontzi errariena ez da gauza berria, noski, baina gustura entzungo nuke Europako Batasunak zer dioen afera humanitario honetaz. Itsasoan galduta ez, utzita zebiltzan rohingya koitaduez kupitzea ona litzateke, Indonesiak eta besteek han duten jarrera bera baitute Mediterraneoan: migratzaile eta errefuxiatuei sarrera itxi.

Baina ez daude geldi Europan: neurriak adostu dituzte. Zaintza zorroztuko dutela, eta mafiei ekingo dietela. Eskuhartze armaturako baimena ere galdatu diote NBEri! Mafiak ezabatu behar dira, denek dakigun gauza delako haiek direla egoeraren kulpante nagusienak, eta horrela konponduko dela arazoa.

Ez dezadan, hala ere, egia ezkutatu, mozorrotu. Hartu dute beste neurririk ere. Mediterraneoko arrantza kupoak banatu dituzte: hainbat antxoa, hainbat erreboilo, hainbat hegaluze; estatu bakoitzari dagozkion kuotak. Estatu gehienak kexu dira, baina hara, oraingo honetan kupo txikiagoak nahi dituztelako. Jakina, ekuazioa zuzen entenditzeko antxoa, erreboilo eta hegaluze jartzen duen tokian siriar, sudandar, eritrear jarri behar da.

Gauza bat daukate seguru xamarra: izan itsasoan izan lehorrean, marrazoen hortz-haginak dituzte patu. Mediterraneoan, Andamanen.

(Zorteko dira, hala ere, migratzaileok, estatu txintxoek abandonatzen dituzte itsasoan; Ipar Korean balira, akaso artilleria antiaereoz fusilatuko lituzkete).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.