Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Basamortuan euria

2015eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gauez heldu nintzen Tindufeko aireportura bertara egin nuen lehen bisitan. Hegazkinaren argiek dir-dir egiten zuten iluntasuna urratuz, eta bidaia nekagarriaren ostean lurra hartu nuenean, apenas erreparatu nien zelatan nabarmen ageri ziren militarrei. Begiak geure bila zetorren itxura zarpaileko autobusean jarrita nituen: Gipuzkoako matrikula zeraman eta aurrealdeko kartelak «Amara — Mutualidades» zioen. Institututik etxera joateko eguerdiro hartzen nuen autobus berberean iritsi nintzen, hortaz, Saharako errefuxiatuen kanpalekura.

Egunotan, 1975. urteko azaroaren 6ko Martxa Berdea deritzonaren urtemuga dela eta, bertako irudiak eman dituzte hedabideek, eta ia nahigabe, nire autobus hori bertatik ote zebilen ikusteko begira eta begira ibili naiz. Telebistako irudietan ez da azaldu, baina hura gabe ere, lehen bidaia horretan ikusitakoak bere horretan dirauela iruditu zait, oso gutxi aldatu baita hango egoera ni estreinakoz bertara joan nintzenetik. Nago, apenas ez dela aldatu, txarrerako ez bada behintzat, Marokok sahararrak beren herritik ihes egitera behartu zituenez geroztik, 40 urte igaro diren arren.

15 eguneko egonaldia izan zen lehendabiziko hura, ondoren beste batzuk (luzeagoak eta laburragoak) etorri direlarik. Rabuni-ko harrera-kanpamentura Donostiako autobusean nindoala, euria hasi zuen, eta horrelaxe heldu nintzen, kristaletan ur-tantak nola jausten ziren ikusten, abisuak euskaraz idatzita zituen autobusean eserita, basamortuan barrena.

Euria ez dela batere ohikoa esan zidaten kanpamentuetako egoeraren berri ematera etorri ziren adiskide sahararrek, eta beraz, zerbait ona, zerbait apartaren seinale izango zela gu iristearekin batera euria hastea. Etxeko autobusean iritsi eta etxeko eguraldi ia berbera tokatu zitzaidan, zeren eta lehenean ez ezik, hamabost egunetako seitan euria egin baitzuen. Zerbaiten seinale izango zen, nahiz eta ez dakidan oraindik zerena.

Tindufeko kanpamentuetan den-dena da ezusteko, euritan plisti-plasta jardutea bezain harrigarria, eta beharbada, horregatik ez gaitu jadanik hango dramak harritzen. Behin-behineko soluzio gisa iritsi ziren bertara sahararrak beren herrietatik erauzita, eta bi belaunaldi behintzat hazi eta hezi dira bertan, hilabete gutxi batzuk irauteko pentsatuta zeuden eraikuntza traketsetan, bizimodu arruntarekin batere zerikusirik ez duten baldintzatan. Hara joan izan naizen guztietan entzun diet hura azkena izango zela, hurrengoa «etxean» hartuko nindutela eta hondartzan ospatuko genuela askatasuna. 40 urte igaro eta gero, ordea, zaila dirudi ilusioari xalotasunez eusteak, ezinezkoa ez bada ere.

Basamortuan bizi den herri arrantzalea izanik, hartxintxarren gainean marrazkiak egiten dituzte zaharrek, oraindik gogoratzen duten apurra erabat gal ez dadin behin betiko. Arrainak eta arrantza-arteak marrazten dituzte ura eskasa den lautada zikinetan, eta itsasoa sekula ikusi ez duten gazteek buruz ikasten dituzte beren esanak. Nekez ahaztuko dut Omarrek, hamar urteko gaztetxoak, txibia harrapatzeko modurik onena zein den azaldu zidanekoa, zehaztasun harrigarriaz kontatu baitzidan harrapatutakoari egun pare batez fresko eusteko zer egin behar den.

Ezagutu nuenean, Ahmedek 18 urte zituen. Elkartasun-sareak antolatu ohi dituen udako egonaldietan Italiako Padua hirian egona zen, eta hantxe ikusi zuen lehen aldiz hurbildu orduko berez zabaltzen diren ate automatikoak eta eskailera elektrikoak. Hizketan izan ginen gauean argiketari izateko ikasi nahi zuela esan zidan, «etxera itzultzen garenean, han ere Italiakoak bezalako eraikin handiak egingo ditugulako». Ilunpean ari ginen hizketan, gaua baitzen argiketa-sistemarik gabeko basamortu hartan.

Zenbat iraun dezake memoriak, eta zenbat ilusioak? Belaunez belaun transmititu egiten denak herri-nortasunaren oinarriak osatu egiten ditu, eta sendotu. Zer geratzen da, ordea, lau hamarkadako eten bat gertatzen denean? Lubaki bat sortzen da, haustura bat, hartxintxarretan egindako marrazkiak ezabatu egiten dituena. Edo ez, nor daki? Logikak dio ametsek iraungipen-data dutela, halako baten agortu egiten dela ilusioari eusten dion indarra. Baliteke, ordea, logika bera ere garaitu ahal izatea, herri harrigarria baita Donostiako lineako autobus baten bisitatu daitekeen basamortu euritsu hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.