Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Begiak

2015eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Pariseko azken atentatuaren bezperan, alabek Gizartea ikasgaiko azterketa egin zuten, eta pozik itzuli ziren etxera, irakasleak ipinitako galdera ia guztiak baitzekizkiten, bikain jakin ere.

Gau horretan, alta, harrituta begiratu zioten telebistari gerora Daeshek bere gain hartu zuen ekintza bortitz horretan jazotakoa sinistu ezinik edo. «Ez dut ulertzen», esaten zuten behin eta berriro. Izan ere, hiruhileko horretako azken ikasgaia Islama baitzen, eta ederki asko ikasiak zituzten erlijiotik eratorritako kultura aberats horretaz ikaskizun zen guztia; ikasiak zituzten data mugarriak, Historian zehar izandako hedapena, profetaren esanak eta handik zabaldutako sinesmen eta fedearen kodeak. «Ez dut ulertzen» errepikatzen zuten telebistari begira, esatariek ziotena eta ikusten zuten basakeria hori guztia ez baitzegoen bere testuliburuetako inongotan kokatzerik.

Talka sortzen da askotan norberak ustez dakiena eta besteek azaldutakoa bat ez datozenean. Eta talkak oreka galtzea eragiten du, eta orekarik gabe ibiltzeak, estropezu egiteko arrisku handia. Ikaskide dituzten bi adiskide musulmanak susmagarri edo beldurgarri hartu behar ote zituzten galdetu zidaten afalorduan handik gutxira, eta orduan ekin genion geure kasa gezurren eta egien ertzak bilatzeari.

Nola edo hala, gertatutakoaznik neuk ulertzen dudan apurretatik abiatuta, gaia aztertzen jarraitu dugu. Historiako liburuak irakurri ditugu elkarrekin, bideoak ikusi ditugu, eta bereziki lagungarria izan da bere gelako adiskide musulmanekin solas egiteko aukera izatea. Haiei galdetu dizkiete beren zalantzak, eta haiek erantzunda argituko zituzten, edo ez, baina bitartekaririk gabe jardun ahal izateak guztia erraztu egiten du. Orain badakigu, adibidez, mapak eta erlijioak nahastea ez dela bide emankorra; orain badakigu, adibidez, ezin zaiela egotzi sinesmen-kide diren pertsona guztiei fededun gutxi batzuek Jainkoaren izenean egindako basakeria. Orain badakigu ezezaguna zaiguna, berez, beldurgarri begitandu ohi zaigula eta horregatik, ezinbestean, ahalegina egin behar dela ezagutzeko. Orain badakigu hori guztia, eta harrotasun puntu batez diote nire alabek AEBetako presidente izan nahi duen hautagai batek baino askoz gehiago jakitea ez dela marka txikia.

Joan den astean, Karakorum argazki-erakusketa ikustera joan ginen, gezur eta egien ertzak biltzen jarraitzen dugulako.Bilboko Errekalde Aretoan jarri du Baltistan Fundazioak erakusketa, Mikel Alonso argazkilari bilbotarraren lanetan oinarrituta.

Fundazioak urteak daramatza Hushé bailaran askotariko proiektuak garatzen, eta azken urte luzeetan, neskak eskolaratzen bereziki. Lan solidarioari esker, joan den urteko ikasturtean lehen aldiz eskolako ikasleen artean neska gehiago izan da, mutil baino. Pakistan osoan gutxi izango dira horrelakoak, bakarren bat badago behintzat. Mahai zaharretan marrazkiak egiten dituzte, idazten eta irakurtzen ikasten dute gazteenek. Eskola horietako baten zuzendaria ageri da argazkietako baten: Fundazioak sustaturiko eskola horietako batean formatutako emakumea, lehen aldiz, ardura-karguduna. Ikusgai dauden argazkietako gehienek eskolara joateko beka lortu duten nesken bisaiak itzultzen dizkigute, eta beren testuinguruan kokatuta, nazioarteko berri-emailerik zorrotzenak baino askoz ere informazio gehiago ematen dutela esango nuke. Lehen planoetan irribarre gutxi agertzen dira, eta ia nahigabe, geure begiak beren begietara zuzentzen dira, eta han geratzen dira iltzatuta, aurpegiek gezurra esaten dakiten arren, begietan den-dena baita egia. Islama nagusi den munduko leku askotan, emakumeek zapi batez estaltzen dute aurpegia jendaurrean daudenean, kultura eta erlijioak bat egiten duten lurralde zehaztugabe horretan ezarritako arau bihurtu ei den ohituraz. Begiak agerian lagatzen dituztelarik, emakume horiek barruan daramatenaren parte bat isuri egiten da, dela zama, dela indarra, dela noraeza. Zapiak agerikoa estali egiten du, baina ez du erabat desagertzen beste guztia, barru-barrukoak beti aurkitzen baitu jariorako zirrikituren bat, ihesbideren bat, arauek, tradizioek eta debekuek ezarritako hormatzarrak pitzatu egiten dituena.

Galdera gutxi egin zuten alabek erakusketa bisitatzen egon ginen tartean. Irtetean, «ez dut ulertzen» esan dute berriro alabek. «Neskato horiek al dira mundua kalapitara ei daramaten terrorista-kume beldurgarriak?». Aurpegiek eta hedabideek gezurra esaten badakite, baina begiek ez. Eta alabek ikusi egin dituzte neska horien begiak eta ez zaizkie beldurgarri iruditu. Donald Trumpen begiak, ordea, ikaratzeko modukoak iruditzen zaizkit niri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.