Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Mahaian

2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Oso jatun txarra izan nintzen txikitan, eta egoskor samarra, gainera; konbinazio okerra, inondik ere. Orduak eta orduak egiten nituen mahaiaren aurrean eserita, mugitu gabe, amak behin eta berriro berotzen zuelarik neuk ukitu ere egiten ez nuen platera aurrean nuela. Hura jateko esango zuen amak; ezetz nik. «Nekatuko zara, bada», orduan amak, eta nik irmo, haren segurtasunak nire egoskorkeria puztuta, eta geldi egon beharrak hankak inurritu egingo zizkidan arren, tinko eutsiko nion apustuari. «Goseak irabaziko dizu», esango zidan orduan artean kokotaraino behar zuen gure amak, baina sabeleko orroak baino ozenagoa izango zen nire baitako ahots tematia. Halako baten, alta, jateari ekingo nion. Halako baten, bada, ohartu egingo nintzen dema horretan neu nintzela galtzaile bakarra, neure buruarekiko gustura geratu arren, ahizpekin batera parkera joateko aukera galtzen ari nintzelako. Koilara hartu eta eltzeko birberotua ahoratzen hasiko nintzen, baina ez nekearengatik, ezta gosearengatik ere. Jaten hasiko nintzen, bertan egoskortuta jarraitzea baino askoz nahiago izango nuelako handik altxatutakoan egingo nuena. «Ikusten?», esango zidan amak, bere garaipenaz harro; «ulertzen?», pentsatuko nuen nik, amore emateak zertan porrota izanik ez duela sinistuta.

Kataluniako eszenatokiari begira, zaila da jakitea nor den alaba jatera behartzen ari den ama setatia eta nor bere buruari tinko eutsita harro agertzen dena. Irudi lezake biek ala biek badutela bietatik zerbait, proportzio desberdinetan aldarte eta unearen arabera. Lerro hauek idazten ari naizen unean, litekeena da mahaian eserita jarraitzea Junts Pel Si eta CUPeko ordezkariek, nork bere posizioari tinko eutsita, hankak apur bat inurrituta, hori bai. Igandera arteko epea agortu aitzin, bada mahai-joko horretan oraindik zeri heldu, nori zer eskatu, nork nori zer ukatu. Baliteke, ordea, lerro hauek papereratzeko orduan auzia argitu izana, auskalo zein bidetatik, eta auskako zerk xaxatuta: goseak, nekeak, edo beste zerbait hobe lehenetsi izanak mahaikideetako batek edo denek. Nork daki? Berria zaigu guztia, ezezaguna, eta ondorioz, alferrik dira orain arteko nabigazio-orriak kartografiatu gabeko itsasoan nabigatzen ari garelako.

Zantzuak izan ditzakegu, baina zantzu okerrak eta tranpatiak ia denak, kontua iritsi den puntura behin iritsita, aurreikuspenak hankamotz sortzen baitira. Eric Hobsbawm historialaria etorri zait akordura: «Etorkizuna iraganaren hari-muturrak harilkatuta sortzen da; alferrik da geroa aurresaten saiatzea aurretik mataza korapilatua askatuko ez badugu». Patuak makur jo du Katalunian azken bolada honetan, grinatu edo egon dela esango nuke, mataza askatuko luketen hari-muturrak behin eta berriro txirikordatu. Kazeta honetan bertan irakurri nion gai hauetaz ni baino askoz sendoagoa den iritzi-emaile bati askotan gertatu izan direla historian zehar gisa bereko fenomenoak: alegia, iristen dela unea non pausotxo bat gehiago eginez bidea burura eraman daitekeen, eta orduan bertigoa nagusitu egiten dela, ardurak azken muturrera eramateak paralizatu egiten gaituelako. Horrelakoetan, ahaztu egiten dira orain arte gainditu diren askotariko trabak, eta nekea da nagusi, eta baita irtenbide-gosea ere.

Zirt edo zart egin beharra, bestela esanda. Ulergarriak dira presak eta frustrazioa, espero baino askoz urrutiago iritsi izana ez baita kontsolamendua. Ulergarriak izanagatik, alta, beste zerbait, beste zerbait desberdin, espero zitekeen.

Eta orain artekoak argi erakutsi digu agintearen karrajuetan ez direla irtenbideak erraz aurkitzen, kontrakoa gertatzen ez denean. Ez ziren indar politikoak izan mugimendu hau guztia askarazi zutenak, edo ez beren kasa eta bakarka, gutxienez. Zaila da imajinatzea milaka herritarren sostengurik gabe oraingo egoera hau bera gertatuko zenik. Ezinezkoa zatekeen une honetan askaezina iruditzen zaigun korapiloa aldez aurretik herritarren mobilizazio eredugarriak oztopo ia guztiak gaindiarazi egin ez balitu. Geografia ia osoa korritu zuen martxarik gabe, martxa hura edo antzekoak aurrera eramateko herriz herri, etxez etxe, egindako lanik gabe, irudika al lezake norbaitek egoera hau? Ni neuk ez, behintzat. Horra nire lezioa: herritarrek eskutik jokatu dutenean partidak aurrera egin du, eta mahaian parte hartu ez duten unean, ordea, gaiztotu egin da jokoa. Hobsbawmekin nago honetan: orain artekotik ikasi egin behar da, emaitza desberdinak nahi badira, bide desberdinak urratu egin behar baitira, ezinbestean.

Oraingo honetan ez bada, beste noizbait izango da. Noizbait itzuli beharko da mahaira. Gure amak bazekien. Eta baita neuk ere. Eta biak zuzen geunden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.