Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Desberdintasunak

2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Angel Errok Estatugintza izenburuko zutabea plazaratu zuen kazeta honetan bertan joan den asteartean. Ziztada modukoak dira Erroren gogoetak, argi bizi baten moduan bat-bateko itsualdia eragiten duten horietakoak. Kexu agertzen zen bertan, esanez estatuak zer bihurtu diren ez dela harrotzekoa, ezta harritzekoa ere. Interes partikularrak balizko interes orokorraren gainetik nagusitu direla argi eta garbi azaltzen zuen hainbat adibide emanez, Suediak Sahararen independentzia ez aitortzeko Ikea enpresaren negozioa arriskuan ez jartzea lehenetsi izana, esate baterako.

Aste honetan bertan, Iranen kontrako nazioarteko blokeoa bertan behera geratu dela iragarri dute Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek, eta hura egin orduko, esprintean irten da enpresa handien tropela, bertara albait azkarren iristeko. Teheranerako aire-zubi berria atondu beharko dute bizkor, ez baita erraz egokituko horrenbeste jende duela aste parera arte hegazkin-konpainien mapetako izkina batean ezkutatuta egon den aireportuan sartzeko. Harritu egin nau zein azkar aldatu zaigun harako begirada; mehatxua bat-batean desagertu da eta aurreikusten diren etekin ekonomikoen zurrunbiloan desitxuratu egin da orain arteko zalantza oro. Lehendik genekiena nabarmen erakutsi digu honek: alegia, diruaren hotsak eragin terapeutikoa sortzen duela kontzientzietan, lasaitu egiten baititu beldurrak, printzipioak anestesiatuta.

Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak aste honetan argitaratu du munduko aberastasun-desorekaren inguruko txostena, Davosen elkartzekoa den Munduko Ekonomiaren Foroaren atarian, hain justu. Zero askoko zifretan gal ez gaitezen, hona irudi argigarria, Oxfam-eko presidenteak berak txostena aurkeztean erabilitakoa: autobus batean aise sartzen den 62 laguneko elite ekonomikoak munduko biztanleen erdiek adina diru du. Irudi horrek bere horretan azaltzen du mendeetan zehar arlo zientifiko eta filosofikoan izan den zalantza nagusietarikoa: orain badakigu Lurra ez dela biribila, ezta laua ere antzinatean batzuek defendatu zuten moduan; orain badakigu Lurra figura koniko esperpentikoa dela, erpin zorrotz eta txiki-txiki bat duena, ezten bat irudi lezakeena. Ezten pozoitsua.

Zenbakiak gorabehera, espero zitekeena erakutsi du ikerketa horrek, eta Erroren berbak honetara ekarrita berriro, ez da ez harritzekoa ezta harrotzekoa ere bertan azaltzen zaiguna: aberastasuna sortzeko gauza da mundua; ez, ordea, behar bezalabanatzeko. Eta hortxe dago koxka.

Desberdintasunak berdindu egiten gaitu, paradoxikoki. Ez dago Ipar edo Hegorik, ez daude herri txiro eta aberatsak: desberdintasunaren anabasan demokratizatu egin da miseria, nazioartekotu, klasegabetu. Mutur eskandaluzkoak eratzearekin batera, erdigune lauso, zikin, bidegabe eta ilusiorik gabea eratuz joan da urtez urte.

Panorama horren aurrean, ikasi egin beharko dugu, bada, galdera zorrotzagoak egiten, eta erantzun konplexuagoak bilatzen. «Zer egin dezakegu?» itaunaren aurrean ertzik gabeko erantzun monolitikoa baino ez da entzuten: «aberastasuna sortu behar dugu» esaten zaigu, eta errepikatzearen errepikatzez, erantzun horrek berak den-dena azaltzen duela ulertzeraino iritsi gara. Nabarmen agertu da, alta, beste zerbait gehiago ere behar izango dela desberdintasunaren hazkunde etengabea noizbait mantsotuko bada. Aberastasuna sortzea beharrezkoa baita, baina ez da nahikoa. Galdegai gehiago ezarri behar dira ekuazioan erantzun zuzenak aurkituko badira: zer bezain garrantzitsua baita, edo are garrantzitsuagoa, nola egin asmatzea.

XIX. mendean, hau idatzi zuen Alexis de Tocqueville pentsalariak: «Ez gaude hain urruti. Laster teoria berriren bat entzutean dar-dar hasiko gara, litezkeen berrikuntza guztiak arazo moduan ikusiko ditu, eta gizarte-aurrerapen oro iraultzailetzat hartuko dugu. Ez gaude hain urruti: laster mugitzeari berari uko egingo diogu, beldurraren beldurrez».

Galdera berriak egin behar ditugu, aspalditxo honetan eztabaida garrantzitsuen erdigunetik zokoratu egin direnak. Bideragarria dena nagusitu egin zaio bidezkoa denari, eta etikak lekua galdu du gure artetik, ospe txarreko bihurtu zaigularik.

Galdera berriak egin behar ditugu, geure burutik hasita eta maila guztietan: lan-eskaintza baten aurrean, negozio-proposamen baten aurrean, eta baita erabaki txiki eta ustez garrantzi gutxiagokoen aurrean ere. Estatugintza desberdina nahi badugu, norberegintza ausartagoa landu beharko dugu, harritzeko eta harro egoteko gaitasunak gal ez ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.