ARKUPEAN

Iowako sailetakoak baino

Mikel Elorza -

2016ko otsailak 2
Maria-Merce Marçal poetaren Dibisa poema, ereserki eta manifestu bat da era berean: «Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana,/ Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. // Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra». Eta hiru aldiz zapaldua izatearena Angela Davisengandik hartua dateke: emakume, beltz eta komunista (eta homosexuala). Euskal Herrira dator egunotan eta harengan ezagunenak diren borroken artean, bat hartu nahi dut hizpide: espetxeen aurka egiten duen aldarria.

Aurretik aipa dezadan, dena den, poztekoa dela AEBetatik datozenen artean tarteka halakorik izatea, Oscar sariak gureak balira bezala jokatzen dugun herri honetan ere hasi baitugu, guk geuk abiatu, hango presidentea aukera dezaten lasterketa, metroz metro ezagutuko duguna. Adituek azaldu digute Iowako hautesleak gutxi direla eta ez dutela ordezkatzen AEBetako hautesleria eta beraz hango caucus-etako emaitza ez dela esanguratsua, baina hala eta guztiz ere caucus horri ere jarraipen zehatza egin diogu. Mundialak baikara. Baina baita mundukoak ere. Hartu bakarrik ez, eman ere egiten dugu, hain gara mundutar eta mundial! Basque Culinary Centerrek antolatu du sukaldaritza alorreko Nobel saria izatea nahi duguna: Basque Culinary World Prize. World prize bat eratu dugu guk geuk, ez da astoaren gauerdiko arrantza gero, eta euskal kultura ari gara inork imajina ezin zezakeen tokitaraino eramaten, ingelesezko tituludun ekitaldiz betetako hiriburutzatik hasi, inork oraindik ez dakien zerbait lotzen dituen bridge-ak pasatu eta world prize-raino.

Artaburuak gara, galantak, artaburuak king size, Iowako sailetakoak baino puskaz handiagoak.

Tokitaraino ari gara eramaten euskal kultura, eta han utzi, tokitan. Alegia inon ez. Euskal ondarea, berriz, batzuek toki askoz zehatzago batean dute: jabetza erregistroetan, eliza katolikoaren izenean. Artaldea gutxitzen ari zaie, baina larreei eutsi.

Espetxe sistemarena, zigor legeriarena aipatu nahi nuen, jada gure hedabideetatik desagertu den gertakari latza gogoan, Gasteizko hilketa eta erasoarena. Maiz errepikatuagatik ere, esan beharra dago: indarkeria matxistak hil egiten du. Eta asko hiltzen du. Eta gutxi hilda ere —asko hil, gutxi hil, bakarra ere gehiegi ez balitz bezala!—, ezin utzi. Hilketak sumendiaren laba baino ez dira, ikusgarriena, baina arazoa hori eragiten duten plaka tektonikoak dira, jendartearen egituran, hau da, gure buruetan, iltzatuta daudenak. Pitzatu ez, hautsi beharrekoak: baina zigor hutsaz?

Espetxeetako harresiak ere pitzatu beharrekotzat neuzkan. Nik bederen. Izan ere, tarteka zalantzan jartzen dut gehienen nahia hori den. Alicia neskatxa Gasteizen hil zuen gizasemeak egindakoa «ordain dezala» eskatu zuten agintariek, «garesti ordain dezala» azpimarratuz, ordaintzea nahikoa ez balitz bezala. Eta deklaratuko dut beldurra eragiten didala garesti ordainarazte horrek. Uste nuen betiko kartzelaren kontra geundela legeria PPk erreformatu zuen horretan, baina ez da hori joan den astean hedabideetan sumatu den zurrumurrua.

Haur-hiltzaileak zigortzeko gogoa edukiz gero, bada egunotan Europan eta Ekialde Hurbilean non bilatu. Milaka haur galtzen dituen Europa honetan, jabetza-erregistroak ugari baina harrerakoak eskas dituena. Edo, edukita, itxita dauzkana infernutik datozenentzat.

Eta dabiltzala erne haien laguntzan dihardutenak, laster baitira, mafia izendapen pean, legearen zama bizkarrean.

Haurrekin trafikatzen dutenak, sasian, horiek mafia.

Haurrekin, helduekin, armekin, diruarekin... trafikatzen dutenak, baina zigiluz, nazioarteko komunitatea.