Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Lantegiaren usaina

2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Nire haurtzaroak altzairurtuaren usaina du, eta metalezko txirbilaren soinua. Aitak Hernaniko Orbegozo lantegian egiten zuen lan eta hori ez da garrantzirik gabeko ñabardura. Gaur egun oso gutxi eragiten dio senideari gurasoen langintzak, baina garai hartan oso bestela zen kontua, lanak den-dena antolatzen baitzuen bere inguruan. Gure auzoan baserritarrak eta kaletarrak zeuden, eta gu bigarren multzokoak ginen. Lehenek lurrarekin egiten zuten lan, eta bigarrenek lantegietan. Tartekorik bazen, jakina, janari-dendakoak eta tabernetakoak zeuden, baina gutxi. Lana langintza baino gehiago zen duela gutxira arte, lan-merkatuari buruzko inkesta zenik ez nekien garaian behintzat. Aitak fabrikan egiten zuen, datu biografikoa zen harentzat eta bere senide osoarentzat. Amak etxean egiten zuen behar eta aitak lantegian: oso sinplea zen, eta bere sinpletasun horretan gauza asko azaltzen zituen, onerako edo txarrerako.

Aitaren arropetan itsatsita iristen zen etxera altzairurtuaren usaina, garbitzen zailak ziren arropetarako detergentearekin nahastuta zabaltzen zen bazter guztietara. Lantegiaren erritmoaren arabera bizi ginen denok etxean. Fabrikak ateak ixten zituen abuztuan, eta huraxe zen nolabaiteko opor-garaia denontzat. Gaueko lan-txanda bazuen aitak, egunez isil-isilik egoten ginen denok, eguerdira arte egin behar baitzuen lo. Arratsaldeko lan-txanda egokitzen zitzaionean, berriz, baimena ematen ziguten beranduago oheratzeko, eta lantegitik etorri eta musu eman arte zain eusten genion.

Ez naiz sekula izan Arcelor enpresak Sestaon duen lantegi handiaren barruan, baina inguruetan ibili izan naizen guztietan zerbait ezaguna sumatu izan dut giroan, aita zetorrela iragartzen zuen usainaren arrastoa edo. Badakit asko aldatu direla altzairu-lanak urte hauetan guztietan, eta labe garaien inguruak; gutxi dute, kanpotik ikusita, behintzat, nik gogoratzen dudan orube zikin, zaratatsu eta ia likatsu horietatik. Usaina, alta, berbera dela esango nuke, eta ez dut uste hori denik denboran zehar irautea lortu duen bakarra.

Enpresak lan-etena iragarri zuen egunean telebistaren aurrean entzun nituen bertako langileen kexuak, eta horiek ere oso ezagunak ziren. Aitarekin nengoen, eta «berriro» esan zuen berak ahopeka telebistari notiziaren nondik norakoak azaltzeko betarik ia eman gabe. Zertarako, baina? Ederki daki berak zer esango duten, nola bizi izango duten oraingo kalapita hau. Sestaoko Arcelorrek iragarri du ezinezkoa zaiola Txinako enpresek ezarri duten prezioaren lehiari aurre egitea, eta izango dute, noski, arrazoiaren parte bat. Inozoa izango naiz, baina esango nuke arrazoiaren beste partea beren lanpostuaren defentsan irten diren langileek dutela, lantegia bideragarria dela diotenak. Eta inozoa izanik ere erabat ergela ez naizela uste dudanez gero, esango nuke partida ez dela Sestaoko kaleetan jokatuko, handik urruti baizik; eta ez direla bertako ugazabak ezta langileak ere norgehiagokan jardungo duten bakarrak.

Horretan ere, aitaren lantegiaren antz handia du Sestaokoak, atzeraldi ekonomiko bortitzaren erdian Hernanikoa itxi zuten garaiko solasaldi ia berberak entzuten ari bainaiz egun hauetan. Gogoratzen dut nola bizi izan zen hura guztia gure etxean, nola bizi izan genituen ordura arte geure bizimodua arautzen zuen ordena ia naturala apurtzea ekarri zuten gertakariak, protestak, grebak, aitaren eta haren lankideen nora eza eta kezkak. Eta gogoratzen dut orduko soluzioak batzuk gogobete zituela, beste batzuk amorratu, eta guzti-guztiei bizimodu-aldaketa zaila eragin ziela, edo eragin zigula esan beharko nuke.

Sestaon, Landabenen... geure ekonomiaren zutabe izan den jarduera industriala aldatzen ari da, eta aldatuko da are gehiago aurrerantzean. Lantegiak ez dira egundo nire haurtzaroko memoriak iraunarazi dien leku horiek izango, eta ezagutzen dudan apurrarengatik esango nuke laborategi itxura handiagoa izango dutela tailerrarena baino. Historian zehar etengabe gertatu dira eraldaketa teknologikoek bizkortu dituzten trantsizioak, eskutik helduta krisiak (handiak edo txikiak) ekarri dituztenak.

Oraingo hau ez da salbuespena izango, baina hori guztia ulertuta ere, ez nuke nahi zerbait funtsezkoa ahaztea: usaina. Lantegien usaina behar du herri honek, lan produktiboaren pultsua behar dugu, ongizate deitu izan dugun horri eutsiko badiogu. Bere gabezia guztiekin nahi bada ere, gauzak egin egin ditugulako izan dugu orain arte erdietsi dugun aurrerapen-maila. Gauzak egin ditugulako izan dugu industria, beste batzuk salerosketa hutsezko ekonomia espekulatiboaren tronpeta hotsek zoratuta zebiltzan moduan. Gauzak egiteari uzten zaionean, gauzak nola egiten diren ahaztu egiten da, eta orduan, gizarte aseptikoa bihurtzen gara, usainik gabea. Etorkizunik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.