mikel elorza
ARKUPEAN

Perbertsio dira

2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Albistegiek eskaintzen dituzten erreportajetxoak ikusi besterik ez dago aurten ere baiesteko udaberriko opor izenaz birbataiatu beharko genituzkeen hauek galdua dutela santutasuna eta, menderaezin batzuk izan ezik, fedea auzi materialagoetara desbideratua dugula: mendia, hondartza, bidaiak, edari- eta janari-festak... oporrak, egun ulertzen ditugun bezala. Alegia, lanik ez egitearekin batera —lana dutenek beti ere—, gozamena eta, egun ezinezkoa bestela, kontsumoa —ahal dutenek, beti ere—.

Aberriarenak ere asko galdu du balio-merkatu honetan, eta garai bateko erakustaldiak ahaztuta, ekitaldi xumeagoetara jotzen da. Oraindik ere eusten zaio pixka batean, hala ere, Podemosekoak eguna ospatzera behartzeraino, baina hor ere fedegabetzen goaz. Edo geure burua ez hain behartua ikusten errituetan parte hartzera. Fedea galdu dugu, edo konpromisoa, edo seguruenik biak.

Errituak badu indarrik toki batzuetan: Espainian oraindik ere Aste Santuak indarra du, prozesioek-eta, ikuskizunaren alderdia nagusituta, urtean behineko parte hartzea nahikotzat jotzen den fede-osagai sui generis horrekin. Ez diet garrantzia kendu nahi, hala ere. Antzezkizunak dira, baina eduki eta mezu zehatz bateko antzezkizunak. Askok esango du tradizioagatik parte hartzen duela, eta antzezkizunetik duena kontuan hartzeko, esango dizute, epaitzeko orduan. Baina hain zuzen ere edukigabetu nahi izaten direnean bihurtzen dira arriskutsuen errituak, (ustez) desideologizatzen direnean. Beste prozesio batzuk ezagutzen ditut nik, alarde deitzen dietenak, eta haiek ere... baina bueno, isil nadin, ez naiz berta-bertakoa eta ezin dut ulertu. Prozesioekin ere tankeratsu, pontetik sekula edan gabea izanda, eta beraz alferrik ari naiz hari buruz osatzen ene sermoia.

Espainiako erlijio ekitaldien kontuarekin, dena den, broma gutxi (gure alarde edo aberriarekin bezala, bestalde). Elizaren boterea handia da, eta kandelak paseatzen asteburuko fededun okasional asko egongo bada ere, erroak boterearen egituretan ondo sustraituta daude. Zoaz haien aurka zerbait adieraztera, modu apur bat gogor edo lotsagabean, eta titiriterotzat joko zaituzte —historikoki botereak, alegia elizak, titiriteroei eman izan dien tratua emanda, esan nahi baita—. Prozesioetan atera eta gurtzen duten ama birjina horietarik pare bati dominak jarritakoa da Espainiako Barne ministroa. Benetan, ez da txantxa, eta hor segitzen dute biek ala biek, ministroak eta ama birjinak, perbertsioa beste zerbait balitz bezala.

Ez naiz tematuko izendapen aldaketekin, izana aldatuta izenarena etor daiteke geroago, nik ere bai baitakit gatozen tokitik gatozela; baina ez gaitzatela nondik gatozen horrek betiko lotu. Izendapenak ez dakit, baina ohitura eta tradizio zenbait aldatu behar dira. Fede-sakrifizioak utzi eta gozamenaren alorrera lerratzen bagara, txarra ez, gozamena zertzen eta definitzen lan handia badugun arren, horrek ere herren handiak eta zer aldatu latzak dituen arren (gozamena maiz, maizegi, beste batzuen ustiapenetik etortzea, hasteko, poblazioaren erdiarena...).

Arintasunaren, are arinkeriaren, aldeko proklamatzat hartuko du askok. Sakontasuna faltan botako, are konpromisoa ere. Ez dut hain urrutira iritsi nahi. Sakristia usaina behingoz kentzearekin konformatzen naiz, ema dezakeena baino handiagoa baita, perfumatzen duten arren. Azken asteotan gure eskoletako ikasleen mailaren inguruko gogoetak plazaratu dira. Ba gogorarazi nahi dut erlijioa izeneko ikasgai bat dagoela. Eta Eliza eskola askoren jabe eta zuzendari dela. Hori ere perbertsioa ez balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.