mikel elorza
ARKUPEAN

Ate birakariak

2016ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ate birakarien figura baliatzen da gobernuetatik enpresa handietako administrazio kontseiluetara, eta alderantzira, hainbatek egiten dituzten bidaiak irudikatzeko. Salatzeko, gehienbat. Hauteskunde kanpainan daudenean gaitzesten dute hautagaiek lotura hori, batzuek ahots oso beheran bada ere, baina ahazten zaie gobernua utzi eta lanpostua eskaintzen dietenean. Normala, bestalde: beti eman du bihotzean poza txin-txin horrek.

Ate birakariena, batetik besterako mudatzeak, enpresetatik gobernuetara eta alderantzira, ageriko alderdia baizik ez dira. Lotsagabeena, nolabait esan. Alderdiek —agintean daudenean— euren koadroei erretiro goxoak banatzeko baliatzen dute, eta fabore baten ordaintzat har daiteke, baina hori baino areagokoa dela esango nuke. Fabore zehatzen ordainketa baino, konexioa estrukturala da, ministro ohiak korporazioaren aulkietan eseri, edo ez.

Iberdrolak, euskal enpresa ikur horrek, Bilbon egin zuen joan den astean batzarra, iazko mozkin oso handiak —beti da ona dirua irabaztea, ezta?— eta Europan haien alorreko podiumean direlaospatuz. Bejondeigula euskaldunoi, harro egoteko beste motibo bat!

Gobernua uzterako soldata bat ziurtatzeko asmo zehatzik gabe, hala ere, onartu zuen Mariano Rajoyren Gobernuak argindarrari buruzko legea, Espainian atzodanik bere osotasunean indarrean dena. Argindarra autoekoiztea zuzenean debekatu ez, baina praktikan ia galarazi egiten duena. Orain arte argindar produkzio txikiak egin zitezkeen, baina orain sarera lotzea derrigorrezkoa da, eta autoprodukziorako aukerak izugarri zaildu dira, legearen galdakizunak ia ezinezko bihurtzen baitu. Pozik egongo ez dira ba Iberdrolakoak! Eta ez dago ordainaren derrigorrik: sistema da, sistemak bere buruaren alde jokatzen du. Erretiroko aulki eta EPSVak gehigarria dira.

Energia enpresa handiak, finantza-erakundeak, telekomunikazio enpresak, eraikuntza alorreko erraldoiak... ate birakariak ez, konektatutako bulegoak dira, eraikin berekoak. Ateak, birakariak,kanpora joan behar dutenerako daude, bueltatu ahal izateko: haize pixka bat hartzera ateratzen direnean, guri adarra jotzera, itzuliko direla ziurtatzeko. Adarra jotzen baitigute, majo asko. Eta hortaz, kolore berdea enpresa-irudian barneratzen da, eta petroleraren iragarkiak mundu oxigenatua erakusten du. Edo, aste honetan ikusi dut nik, banku batek poema ezagun —eta Bardeak baino higatuago— bat aukeratzen du haien gizarte-ekintza balioesteko: ezinbestekoei, horiei laguntzen die bankuak, besteen alde ari direnei, eta berak haiei laguntzen dienez, bada…

Adarra jotzen digute, baina merezia ere badaukagu, aspaldi erosi gintuztelako. Zalaparta pittin bat ateratzen dugu noiztenka, baina handik aurrera... Egitasmo alternatiboak badira —Goiener, Fiare...—, bizimodu diferenteak ere bai, baina ez dute zalapartak eta kexuak behar lukeen neurrian aurrera egiten. Min gehien ematen digun tokitik helduta gauzkate-eta: patrikatik. Hurrena gure neurriko zerga-paradisua izango da, familia bi eta hirumileuristen offshore-ak, Panama txikiak. Paradisu prêt-a-porter batzuk laster eskainiko dizkigu aholkularitza munduko Inditexek, Ogasunari ebasteko gure neurriko trikimailuekin eta aurrera, hurrengora arte.

Espainiako Cáritas erakundeak txostena atera berri du, adieraziz umetan pobrezian hazi direnen 10etik 8 gaur egun oraindik ere pobrezian bizi direla eta, beraz, baita haien ondorengoak ere. Poemak esan zezakeen bezala, pobreen semeetatik baitatoz seme pobreak. Eta alabak, letran ez zeudenak garai ez korrektoetako izaki poema, semeak baino are pobreagoak izan ohi direnak.

Horiek ate birakaririk ez. Igogailurik ere ez. Behegailuak baino ez.

Futbola gelditzen zaigu, hor tarteka handiei irabazten diegu, eta une batez haiek adina garela pentsa dezakegu. Helduta gauzkate, helduta gauzkatenez: baloietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.