ARKUPEAN

Kontraesanak bizilagun

Mikel Elorza -

2016ko apirilak 26
Ez zait iruditzen bateragarria TTIP itunaren alde eta errefuxiatuek bizi duten egoera deitoratzen egotea, prentsaurreko berean. Barack Obamak egin du. Siriako gerrari, edo Afganistangoari edo Irakekoari ihesi datoz errefuxiatuetatik asko —gerra horien sorreran zer esanik baduke Bakearen Nobel saridunak—, baina gehienek miseriari egin nahi diote itzuri, eta etorkizun hobea, edo soilik etorkizuna edo, burua hain urruti jarri gabe, gaur egun bat bilatzen dute. Eta abiatzen dute bidaia, hesi-lasterketa bat. Hesi naturalak eta gizakiok eraikitakoak, munduko marabillen erroldan ez daudenak. Azken hauek ematen dizkiete lanik handienak, Mediterraneoa onik igarotzea ez baita erraza, baina hagitzez gaitzagoa da mugak gainditu ahal izatea, paperek eta legalitateak osatu hesiak iragatea. Hesi horien zirrikiturik ezak bidaltzen baititu migratzaileak ontzi kaxkarretan itsasoak zeharkatzera.

Eta hain zuzen ere lehen munduaren eta gainerakoen arteko diferentzia bere horretan manten dadin sendotzera dator TTIP ituna. Mundua egun arautzen eta izorratzen ari den sistema ekonomiko komertziala finkatzera dator itun hori, munduan munduen arteko errenkada berdin mantentzera: lehena, hirugarrena...

Ez da bateragarria, baina ulergarria da. Kontrakoa frogatzen ez den bitartean, Barack Obama gizakia baita, humanoa, eta beraz errefuxiatuen egoera deitoratzen du. Idomeniko kanpalekura ez da joan, baina ez da erabat baztertzekoa Greziako irla batean azaltzea, sorpresaz, katolikoen buruak edo Jordaniako erreginak egin duten gisan.

Barack Obama pertsonak, beraz, bat egiten du haur kontsolagabe horien lantuarekin, malko bakoitzean drama oso bat erakusten duten gurasoekin; bat egingo ez du bada! Gertatzen da, ordea, prentsaurrekoan batera azaltzen zaizkigula Barack Obama gizakia, humanoa, eta AEBetako lehendakaria. Eta ene uste harroan hori absolutuki bateraezina da: humanoa eta AEBetako lehendakaria.

Ez da presidentearen arazo esklusiboa, hala ere. Gugan ere ematen da, gure neurri apalean. Zeren eta gu ere oso humanoak gara, eta toleranteak ikerketa soziologikoek diotenez... Idomeniko errefuxiatuekin. Hendaiara iritsi diren dozena erdiarekin. Derrigorra baita kupitzea hondartzan gorpu edo trenbide batzuen gainean abandonatuta daudenekin: Eta derrigorra izateaz gain, erraza ere bada. Han dauden bitartean. Hona irits daitezenean hasten dira pitzatzen gure egiturak eta pitzaduretan hesiak zutitzen.

Jendea mordoa dago elkartasuna erakusten ari dena, eta lanean ari dena ondo errefuxiatuen egoera hobetzearren. Asko, eta benetan laudagarria da eta laudatzeaz gain esku bat botaz gero ere txarra ez. Besterik da ordea Idomeniko errefuxiatuak gure diru eta lanpostuak hartzen hasten direnean. Familia errumaniarrak beheko pisua hartzen duenean (inork alokairuan ematea onartuz gero!). Moro kuadrilla etxe aurreko parkean biltzen denean. Horiekin denekin eta gainera ijitoekin eskola partekatu behar dutenean gure seme-alabek. Elkartasunak pitzatzen hasten dira immigrazioak muturra gure bizimoduan sartzen duenean.

Toleranteak gara, bai, besteak beste immigrazioa benetan bizitzea ez zaigulako egokitu; immigrazioa portzentaia bat delako, eta gainera txikia. Eta ez errealitatea. Gipuzkoako Diputazioa salatzen dugu laguntzak kendu dituelako, eta zinez salatu beharrekoa da; eta Maroto oso gaiztoa da eta Gora Gasteizek eman zion erantzuna eredugarria. Baina gehienok haurrak ez ditugu Gasteizko hainbat eskolatara eramaten, ez gara haiekin ezkontzen, negozioak egiten, etxeak alokairuan ematen...

Gure kontraesanekin bizi gara. Badakit.

Etorkinekin, ahal dela, ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna