Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Nafarroa Bai gogoan

2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako indar abertzaleek aldez aurretik zituzten bi diputatuak galdu zituzten 2015eko abenduak 20ko hauteskundeetan. Nafarroari dagozkion bost diputatutik batere gabe gelditzera igaro zen Nafarroako abertzalegoa. Emaitza hark, gainera, larritasun erantsia zeukan, kontuan izanez gero Uxue Barkosen Nafar Gobernuko gidaritza daraman alderdia bosgarren indarra eta ordezkaritzarik gabea gelditu zela.

Euskal Herria Bilduk 34.856 boz jaso zituen, eta Geroa Baik, 30.554; beraz, Nafarroan 65.410 boz abertzale ordezkaritzarik gabe geratu ziren. Bien bitartean PSNk ordezkaritza lortu zuen 54.700 boz eskuratuta, etaPodemosek, berriz, diputatu bakoitza 40.482 botorekin atera zuen.

Nafarroako abertzalegoak, Nafarroa Bai sortu arte, soilik behin lortu zuen ordezkaritza hauteskunde orokorretan, Herri Batasunaren eskutik eta, beraz, bestelako aurrerapausoak eman ahal izateko ezinbestekoa zen abertzaleoi berez zailagoak zaizkigun hauteskunde hauetan ere giharra erakustea. Horixe izan zen Nafarroa Bai-ren sorreran helburu nagusia, hain zuzen ere; zera, alegia, Nafarroako abertzalegoak ordezkatzen duen gizarte zatiari irudia ematea.

Nafarroa Bai sortu genuenok beti lehenetsitako oinarri ideologiko bat zehartasuna edo transbertsalitatea da. Zehartasunak, ordea, esan nahi du norbera izatez utzi gabe bestelakoekin elkarlana eta elkarbizitzagaratzeko prestasuna. Esaldi bitxiak dion bezala, ordea, norbera izateko lehenik nor izan behar da. Nafarroan inork ez digu abertzaleoi transbertsalitatean irabazten, baina norbera izateaz lotsatzen denak nor izatez uzten du.

Zoritxarrez entzun berri dugu, Koldo Martinezen hitzetan, Nafarroan abertzale guztiak elkar hartuta joateak frontearen itxura emango lukeela, ondoren frontearen itxura hori txarretsiz. Adierazpen hori Nafarroa Bairen jatorrizko ideia nagusiaren kontra doa. Gainera politikoki antzua da eta nafar aurrerakoi, ezkerreko eta zehartasunaren aldekoentzat kaltegarria.

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indar politikoak hauteskunde orokorretan elkarturik joateko proposamena politikako arau tinkoen aurkakoa da; ezinezko eta alferrikako proposamen antzua; besteak beste, Podemos eta IUren sukaldeak, sukaldariak eta onura elektoralak Madrilen elikatzen direlako. Senaturako zerrenda bateratuak egiteak, berriz, lehengo aurrekariak dauzka eta ez dirudi ezinezkoa, nahiz eta balio eta eragin mugatua daukan. Hurrengoan malguago eta azkarrago jokatu beharko dute Araizek eta alboko eledunek.

Hautagaiak aukeratzeko tenorean ager zitezkeen arazoak eta gainditzeko bide demokratiko bezain aurrerakoia bat besterik ez da bizi garen garai hauetan, zera: aukera edo primaria irekiak egitea alegia. Badakigu Sabin Etxeko hegemonia ametsari ezinezkoa zaiola oraindik abertzalegoan eskuina eta ezkerra eta aniztasuna badaudela dion baieztapenetik abiatzea, baina denbora kontua da.

Biharamunean, edo hobeki esateko ekainaren 26ko arrats edo ilunabar luze-luzean agian norbaiti aipatutako oroitzapena gogoratuko zaio; NaBai alegia.

Eta Madrilera zertarako oraindik galdetzen duten adiskideei, berriz, zer esan, lana, hitza eta bizimodua gogoratzea baizik, baina baita agur esateko besterik ez balitz ere, joan, egon eta lan egin beharko litzateke. Bakea, elkartasuna eta ingurumena; lana, zerbitzu publikoak, kultura, barne eta irakaskuntza euskaraz aldarrikatu beharrekoak dira. Madrilera zergatik? Eta nora ez Euskal Herriarengatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.