ARKUPEAN

Izarrak eta asteroideak

Mikel Elorza -

2016ko maiatzak 24
Bruce Springsteenen kontzertuak baino askozaz oihartzun mediatiko txikiagoaz, normala denez, Literaturia jardunaldiek parada eman digute literatura eta oro har sorkuntzaren hainbat emaitza dastatu eta gozatzeko. New Jerseyko izarraren aldean jende gutxi, lagun batzuk eta asteroide zenbait —badakizue kultura deitu eremu lauso horretan orbita galduko batzuk beti izaten direla—, baina ez nuke esango entusiasmoa txikiagoa izan denik. Ezin dira alderatu, badakit, hark 40.000 lagunez betetzen ditu estadioak, gure herria mapan kokatzen du —Andoni Egañak herenegun artikuluan gogorarazten zigunez itxuraz hura etorri arte mapetatik at geundelako— eta abar. Oso inportantea izango zen (ETBk programa berezia egitea falta izan da), irratietan-eta ikastolen festa edo futbol partida baten albiste-neurria hartu baitu, gutxienez hiru eguneko prime time bizitzarekin: bihar izango da, gaur da, atzo izan zen... Eta jakina, hotel aurreko argazkiak eta bisitak eta non bazkaldu duen eta olatuak... turismo-gidetan azaltzen diren kontu horiek. Sortu zait jakin-mina, bide batez, gure herrian hainbatetan izan den eta Gabon Donosti halako kariñoz esaten duen kantariak aditu ote duen sekula hemengo kantaririk. Astebukaerakoak gogoan, inori otu zaio Bruce Springsteeni Joseba Irazoki eta Beñat Axiariren berri ematea, adibidez? Ez dut uste. Arzakenera bai baina disko-denda batera joan izana harrituko litzaidake. Disko-dendak ere aspaldi desagertu zirelako, besteak beste. Eta, pentsatzen jarrita, beldurra ere ematen du haren cicerone nor egokitzen den, disko-dendarik balego ere «musika etnikoa»-ren apalera eramango lukete-eta euskal musika ezagut dezan Jefeak. Eta, garbi gera bedi, nik ez daukat ezer hari Aristerrazuko trikitixa gomendatzearen kontra. Kultur politikak egiten edo agintzen dituzten asko ohartu ez bada ere, apala da kezka. Eta, okerragoa dena, kultur politikak egiten edo agintzen dituzten askok badakite, nahita dagite, apalgintza.

Eta bestalde, ez dut maisuaren gaitzespenik egin nahi, arraioa: zale nauka. Tipo naturala ematen du, eta ez dago zertan guztiari ertzak topatzen ibili behar. Jakina. Baina azken asteotan asko kezkatu nau Eurovisionek ikurrina onar dezan sumatu dudan grinak, eta badaezpada. Gainera, oreka lortzeko fribolitatea eta huskeri-demasa ikur egiten duen hainbeste hipsterismo saresozializaturekin, komeni da beti serio beti kritiko batzuk egon gaitezen, egunero transzendentzia potokadak gosaltzen ditugun horietako batzuk (utzidazue, serio honi, tarteki gaiztoa egiten: ez debekatuen artean ez onartuen artean Nafarroako bandera ez zegoela-eta sumindurarik nabaritu ez izanak harritu nau, eta pentsatzen jarri aldaketa benetakoa ote den eta Nafarroaren esentzia urtzen ari ote den, manomanistako finalean ere eskurik sartu gabe geratu dira...).

Bada, dena den, haren kontzertuak eta Zarautzen asteburuan izandakoak bateratzen dituen punturik: bezeroen adina. Dirua dutenen eremua da nagusiki hori, jakina, garia mugitzen ez duenak sarrera merke horietarik ezin baitu erosi, baina bestela ere bai, sosik behar ez den kultura-edo ekitaldietan batez bestekoa antzerakoa izaten da. Gazteagoak mezatara erakartzea ez dugula lortzen, alegia. Beste batzuk dituzte haiek jainko eta gustuko liturgia.

Horiek eta beste batzuk ibili ditugu hizpide asteburuan, kultura zer den, sorkuntza zer den. Ez dago ebazten erraza. Ostegun eta ostiralean Amurrion egingo diren Jalgi jardunaldietan gai hauexek izango dira solasgai eta langai, ahaleginak merezi du. Ea zenbat galdera berri ateratzen diren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna