Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Bide gorriak eta polizia berdeak

2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gaur Txin Pon Txiri buruz idatzi nahi nuen. Txin Pon Txi edo dena delako hori. Ipar Korean dena erabakitzen duena. Piongiang eta Iruñea bidegorriz senidetu dituena. UPNko zinegotzi iruindar Juan Jose Etxeberria —eta bidenabar diskurtso erregionalistaren mailaintelektuala— ipurdi bistan utzi duena.

Gerra kultural aproposa, gehi sare sozialen erabilpen egokia, berdin misil nuklear ipar korearrenaren pareko hedatze-uhina, baita Euskal Herriko mugez haratago ere. Arrazoia buruan, ibili munduan —edo, behintzat, Iberiar penintsulan—, politika egiteko molde berriak lagun.

Baina zutabea izkiriatzeko argudio bila burmuineko bidegorrietan zehar nenbilelarik, txapelokerren kontrolarekin egin dut topo: Ausiki operazioa. Hozkada meningeetan.

Beste gerra kultural bat, kultural izenlagunik gabeko gerra klasikotik asko duena: herri bat, Altsasu, gizon armatuek setiaturik. Herriko sei gazte, bahiturik, espetxeraturik, giltzapeanhamar eta hamabost urte artean igarotzeko mehatxupean. Oinarrizko eskubideak, larriki urraturik.

Gerra bilatua: ETAk armei adio esan zienetik, Ahumadako kondearen oinordekoen kontrolak Altsasun —Leitzan nola— sistematikoak izan dira. Ugariak. Itogarriak. Jasanezinak. Eta erantzun politiko baketsu bat izan den aldiro —elkarretaratze bat edo Ospa Egun bat—, institutu armatuak biktimismoaren karta jokatu du, sare sozialetan haren kontu ofizialetatik #NiAltsasukoGuardiaZibilaNaiz bezalako traolak dantzan jarriz —gaztelera batuan,esan gabe doa—, zein aldeko hedabideetan erasoen pairaezintasunaren gaineko artikuluak kolokatuz.

Erreakzio bortitz bat heldu delarik —tamalgarria, baina antolatu gabea, taberna giroan supituki sortua—, lehendik ederki koipeztaturik zuten makineria indar betean jarri dute martxan: sare sozialetan etiketak berpiztuz; Brunete mediatikoak egurra ezker-eskuin banatuz —batez ere ezker—; eta etsaiaren komunikabide bat jo puntuan hartuz —Ahotsa—.

Ausiki deitu dute operazioa, baina —zenbait aurrekari onomastikori lotuz— Artzainarenxake-matea ere bataia zezaketen, aldez aurretik ederki diseinaturik baitzuten partida irabazteko estrategia.

Ongi etorri zaie PPren azken ustelkeria kasuak estaltzeko —alderdiaren Toledoko kupula osoa auzipetu berri dute— ke gortina moduan, Espainiako Barne ministro berri Juan Ignacio Zoidoren aurkezpen txartel bezala, eta Nafarroako Gobernua sostengatzen duen laukotearen kontrako ariete gisa.

Baina, ene uste makalean, xede nagusia gerra kulturalean beste bataila bat irabaztea zen: aldaketa garaiotan Guardia Zibilaren presentziaren zilegitasuna indartzeko, desmilitarizazioaren gaineko eztabaida ixteko, eta demokratak vs bortitzak dikotomia berpizteko.

Gerra hau ez dunk erraza —konpai— baina nago kontraerasoan eraginkorragoa dela nabarmentzea aldaketaren aldeko lau indarrek —eta, beraz, Nafarroako gehiengo politikoak— aho batez salatu dutela espetxeratzea zein gertaturikoa terrorismo izendatzea, lau indarretako batzuek auziaren hasieran egindako akatsak azpimarratzea baino. Edo baliagarriagoa dela Espainian operazio honen kontra altxatu diren ahotsak zabaltzea eta txalotzea, entzun ez direnak iraintzea baino. Egunen batean ulertaraziko dugulakoan Txin Pon Txiren diskurtsoaren maila —proportziorik eza, barregarritasuna— berdina dela bidegorrien auzian zein polizia berdeenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.