Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Historiaren istorioak

2017ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Igandea eta patxadatxo, prentsa irakurtzen hastea gustatzen zait. Horrek nolabaiteko jai kutsua ematen baitio egunari, lagunarteko ibilaldiak bezalaxe. Eta horretan nenbilen, larunbatean izandako biktima eta biolentziaren kontrako agerraldi eta ekitaldiena irakurtzen, Madrileko egunkari batean honako hau irakurri nuenean: «Detektibe ahalegin zehatz baten ondorioz, eta hainbat akta eta fitxategi berreskuratu ondoren, izen handiko historiagileak diren Manuel Alvarez Tardiok eta Roberto Villa Garciak 1.936, Iruzur eta biolentzia liburua argitaratu dute». Bertan eta ia minutuz minutu, Gerra Zibilaren aurreko azken hauteskundeen boto zenbaketaren kontaketari ekiten diote. Idazleek Espainian, goitik behera ibili eta Foreing Office, Quqi d´Orsay eta Vatikanoko fitxategiak arakatuz, 1935eko abendutik 36ko udaberrira doazen sei hilabeteek zein garrantzi izan zuten Espainiako historiarentzat kontatzen digute. Antza, gertatutakoaren egia kontatzean, ezkerraren garaipenaren gezurra agerian uzten dute. 50 ezarleku lapurtuak, 700.000 boto gehiago eskumarentzat, ezkerreko larderia eta bortxa boterea lortzeko, eta... 36ko uztailaren 18an gertatutakoarentzako azalpena? Umm, gaiarekiko neure suszeptibilitatea akaso.

Halere, hauek ez dira garai horretan gertatu zenari eta artxibo bertsuetan (Vatikanokoa kasurako) detektibe lanak eginda historiaren istorioak kontatu nahi izan dizkiguten lehenak. Gogoan daukat ikerketa goreneko liburu hura; Gerra zibileko PNV eta Francoren arteko negoziazioak liburuaren arabera eta «zoritxarrez», hainbeste errekadu eta ekintzaren ostean, Gernikako bonbardaketaren hanka sartzeak zapuztu omen zituen negoziazioak. Hain mingarria izango ez balitz, komeria emango luke. Izan ere, esandakoa eta idatzitakoa justifikatze aldera, bata eta bestearen egileek adjektibo berberak erabiltzen dituzte, eta Vatikanoko nagusiaren antzera, «idazle historiadoreak» ere hutsezin eta erantzunezinez jantzita agertzen zaizkigu. Kasualitatea beharbada, baina ikerketa bietan ere, argi utzi nahi izan digute, orain arte bizi izan dugun erroretik ateratzen laguntzeko, lortutako dokumentazioa egia berdaderoa dela, eta paperak, gehienetan sekretuak izan arren, publikoak direla. Kontraesanik? Baita zera ere! Lan gogorra eta neketsua batzuek justifikagaitza justifikatzeko eta memoria nahasteko egiten dutena.

Amnistia Internazionalak ere egin du bere ikerketa. Bertan, sekretu barik eta erraz lortutako txostenekin gobernuari luzatu dion informean 3.500 tortura kasu salatzen ditu; salatutako guztietatik, halere, 21etan baino ez zen epairik eman; epaiketetan 50 funtzionario baino ez zituzten zigortu eta zigortuenetatik 27k indultua edota errugabetzat jotzea lortu zuten; inpunitate nabaria. Eta badakigu ere ETAk eragindako ia 400 hilketa oraindik argitu barik daudela. Zergatik bada, memoria zintzo gordetzeko ahaleginetan dabiltzanek ez dituzte egia, justizia eta erreparazioaren mesederako aipatutako bizipen hauek kontatzen? Zergatik ez sakondu gure garaiko bortxakeria, tortura, hilketa eta giza eskubideen urraketetan elkarbizitzaren alde? Ez litzateke fidagarriagoa izango inongo fitxategietara joan barik alde guztietako jardute maltzurrak jasan dutenekin aurrez aurre hitz egitea? Ez litzateke askoz eraginkorragoa izango euren sentimendu, sentsazio eta egiak entzutea? Seguru baietz, baina uste dut hau guztia ez dela gure izen handiko istoriogileen interesekoa izango, ezta larunbatean Gasteizen apenas oihartzunik izan zuen alderdi eta biktimen elkarteen elkarretaratzea ere. Hauei, tamalez, lerroburu izan ditugun hemen eta hango plaken dantza zoroak askoz ere inspiragarriago irudituko zaizkiela egingo nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.