Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Kontuz!

2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Alaba nerabea duen lagun emakumezko bati entzun dizkiot aurreneko aldiz hitza zein albistea: stealthing aipatu du, eta, azaldu koitoan zakila sartzen ari den gizonak kidearen borondatearen kontra, ezkutuka, kondoia kendu eta hazia bestearen barruan isurtzeari esaten zaiola. Erantsi duenez, ez da han edo hemen batek edo bestek egin duen gauza bat, baizik eta «joera» bat, izen zehatza jarri eta albistegietako tituluak merezi izaterainoko hedadura duena. Are, ba omen dira Interneten stealthing-a praktikatzen duten gizonen foroak ere, eta komunitate birtual horietan «hazia zabaltzeko eskubidea» aldarrikatzeaz gain, elkar adoretzen omen dute eta kidea ohartu gabe kondoia kentzeko estrategiak partekatzen ei dituzte.

Larrituta kontatu hori guztia alaba nerabea duen lagunak. Hain justu, azpimarratu du alaba nerabea (eta nonbait heterosexuala) duelako sentitzen duela halako larritasuna: gero eta zailagoa zaiola zuzen erabakitzea zer esan behar dion sexu praktiken inguruan, zein mezu helarazi, zer jarrera hartzera bultzatu. Orain arte saiatu dela irekitasunez jokatzen, adierazten sexua gauza ona dela, norbere buruarekin eta besteekin atseginez, konfiantzaz eta askatasunez bizitzekoa. Hau da, beldurrak, klandestinitate zantzuak, zentsurak eta autozentsurak ezabatzen saiatu dela, berak jasotakoen oso bestelako hitz eta jokamoldeak helarazten, saihesteko gerora berak desiren eta sexuaren bizipen egoki samarrerako egin behar izan duen lasta arintze lan guztia.

Egun, ordea, panorama ikusita, hasita dagoela orain ia 40 urte bere ama bezala, kontuz!-aren eta errezeloaren diskurtsoan: kontuz ibiltzeko mutilekin, gauarekin, sare sozialekin, ezezagunekin... oro har, bere gorputzaren, bere afektuen, bere buruaren, kudeaketarekin... Ez zaiola gustatzen, baina «errealitateak» hori agintzen diola. Stealthing-aren hau beste tanta bat baino ez dela erasoz eta arriskuz betetako Itsaso izugarri batean: bideoen zabalkundea, sexting-a eta xantaiak,abusuak, bortxaketa, burundanga eta manada-k. Guztiaren gainetik, alaba ondo nahi duela.

Artega utzi nau lagunarekin izandako solasak, eta etxera iritsi bezain pronto stealthing idatzi dut Google oro-hartzailean. Eta bai, albiste sorta luzea jaurti ditbueltan, Euskal Herrian zein nazioartean gehien kontsumitzen diren hedabideak bitarteko direla plazaratutakoak. Lagunak azaldutakoa errepikatzen da horietan guztietan: praktikaren berri ematen da, «joera» dela azpimarratzen, komunitate egituratuak daudela, eta baita AEBetako unibertsitate batean ikerketa baten muina izan dela ere. Halaber, albiste horietako gehienetan artez edo moldez sare sozialen aipamena egiten da; edo, zehatzago, sare sozialen bidez lotutako sexu harreman lotura afektibo arinekoekin egiten da uztardura. Hots, ainguratze nagusia sexuaren gozamenean duten harremanen arriskuaz ohartarazten dute; edo, zehatzago, ohartarazten gaituzte, emakumezkoak.

Egia da, ez dago dudarik, oso-oso da arduragarria stealthing-a, beldurgarria. Funtsean, esan nahi duelako oraindik askorentzat maskulinitatea emakumezkoak menderatzearen gainean eraikitzen dela, boterearen eta jabekuntzaren marka gure gorputzetan utzi behar horretan. Azken batean, era bateko edo besteko bortxaketa guztietan bezala. Eta esan nahi duelako, halaber, emakumezkoak boteretzen ari garen heinean, gure gorputz, desira eta sexu erabakiez jabetzen, zapaltze forma berriak sortzen direla. Baina, era berean, arduragarria eta ondo aztertu beharrekoa da hedabideek gertakari hauei guztiei ematen dieten trataera, zer eta nor jartzen duten fokuan, zer eragiten duten, nori itsats diezaioketen estigma...Finean, beldurra, kontuz!-aren eta errezeloaren diskurtsoa, izan delako eta delako emakumeon sexu praktika eta jokabideak, desirak, afektuak, gorputzak, gu geu, kontrolatzeko eta bezatzeko tresna nagusia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.