ARKUPEAN

Iraileko saldoak

mikel elorza
2017ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Asteburuan maila goren horietako bat erdietsi du, titulua lortzearen harrabotsak esan nahi dut, Donostiako estropadetan, baina egia esan urte osoan etenik ez du: bandera, domina, manta, txapela, kopa... Dena da garaikurra, titulua lortzea eta horretara jartzen ditugu indar guztiak eta bideratzen estrategia eta taktika oro (politikan eta kirolean dozenaka urtetan erabili izanagatik ere, bereizten ez ditudanak, estrategia eta taktika; militante eskasa eta indiziplinatua ni, batean zein bestean). Jakina, inportantea parte hartzea dela eta kirola egitea eta osasuntsu egotea eta erretolika konpletoak jantziko du diskurtsoa, arima biluzia zein den denok oso ongi dakigun arren.

Haurrek txikitandik bizi dute, etxean eta kalean berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, borrokan edo bakean: irabaztea eta lehia, nahiz eta hauei ere soinekoa dotorea egiten diegun, kirolak sozializatzea eta esfortzu kolektiboa eta elkartasuna eta ez dakit zer gehiago dakarrela, arima biluzia apaindu nahian. Kirola maite ez duen haurrari galdetzea dago, gorrotatuagatik ere astebururo lagunekin baloi bati ostikoka ibili behar duen horri. Bere hobe beharrez egiten dena, esan gabe doa.

Baloi batekin izugarrizko balentriak egiten dituen milioidun goiztiar batzuengatik zer dirutzak pagatzen diren ikusita —erreferenduma deitzea baino delitu askozaz larriagoa ez al da ba 180 kilo ordaintzea (eta kobratzea) futbolari batengatik?—, normala ere bada printzipioen bideak utzi eta semea baloiaren ingeniaria izan dadin nahi izatea gurasook (zeren eta alabak, hark bezain ongi eginagatik ere, ez du hark adina jasoko/emango). Eta ondorioz futbol-eskoletara bideratzea, federazioen arauak saihestu ahal izateko sortu diren asmakizun horietara, haurrek metro bat ere justu direnetik jardun dezaten lehian. Pagatuta, kasu gehienetan; asko pagatuta kasu batzuetan. Erokeria bat.

Baina ez da bakarra. Erokeria hori deitoratzen duen asko dago, kirolaren demaseko inportantzia gogor kritikatzen duena, arratsaldean eskolatik irtenda semea edo alaba ingeleseko akademiara eramango duena. Ikasturte hasiera da eta han goaz gurasook saldoan, kasu askotan metroa egiten ez duten haurrak ingelesa ikas dezaten dirutza gastatzera. Eskolan txikitatik ari dira —alfer-alferrik ene uste harroan, hiru urte dauzkatenean octopus, octopus kantatuz—, baina ez da nahikoa. Ingelesa ikasi behar da, eskolatik kanpo. Izan ere, ingelesez jakitea gauza ona, aberasgarria eta, gainera, beharrezkoa baita etorkizunean...

Horiek denak nik ere badakizkit, eta ados nago, eta haien sustapenerako neurrien alde, baina erridikulu sozial itzela egiten ari garela ere uste dut 7, 9 eta batez ere 3 edo 5 urteko haurrak akademietara eramaten eta matrikuletan sos puska ederrak gastatzen. Nerabeez, helduarora iritsi direnez ez nizuke ezetz esango, kontrakoa, maila batetik aurrera eskola ez baita nahikoa, baina… Aspaldian, gainera, helburua ez da seme-alabek ingelesez jakin dezaten, ingeleseko titulua izan dezaten baizik. Badirudi ez doazela ikastera, etsamina gainditzera baizik. Horrek balio duela: first, advanced edo halako baten jabe izateak (haiek antolatzen dituztenen patrikak gizenduz,of course). Tituluak, kirolean bezala. Badakizu, lanerako, etorkizunerako... Ez, itxuraz, jendearekin hitz egiteko edo kultura batez gozatzeko, komunikatzeko, zeina hizkuntza ikastearen xede behar lukeen ene ustez; baina hala gabiltza. Eta nola denek egiten duten, nahi ez duenari eta, okerrago, diruz ezinean dabilenari ere izugarrizko presio soziala...

Ingelesetan gastatzen ditugun esfortzu, diru eta orduak beste batzuetan inbertituko bagenitu, etxean eta kalean berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, borrokan eta bakean, alde ederrean ibiliko ginateke. Edo ez, baina titulurik gabe, zer irabazi askorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.