Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Alabaren galderak eta ateoak

2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Boladaka berritzen zaion izua du, bakoitzean tankera eta galdera berriz, baina izu bera, beti. Alabaz ari naiz. Boladaka, lo hartu aurreko azken musu horretan ohikotan baino estuago besarkatzen nau, oso estu, biok itsatsita geratzea nahiko balu bezala, eta, horrenbestez, jakiten dut izua berriro hor dagoela, gorputz txiki eta itxuraz aratz horretan mamu beltza dabilela. «Ama, denok hilko al gara?», «umeak hiltzen al gara edo zaharrak bakarrik?», «zu, hilko al zara?», «zer gertatzen da hil eta gero?», «zertarako balio du jaiotzeak gero, derrigorrez, hil egin behar badugu?». Horra izuak hartzen duen hitzezko forma.

Baina batez ere gorputzean eta gorputzaren bidez sentitzen dut alabaren izua, ilunpean gauden arren normalean baino harago ikusteko senez zabal-zabalik sumatzen dizkiodan begietan, beso eta ukabilen uzkurduran, arnasa eteten dion hasperentxoan. Eta une horretan nahiko nukeen arren pitzadurarik gabeko salbazio ohola izan, izua kutsatzen zait niri ere, ohikotan bestelako hamaika kezka geruzaren azpian ondo gordeta daukadan beldurra. Izu horrek lotzen nau inoiz izan nintzen ume hartara, zeinak «denok hilko al gara?» galdetzen zuen amaren gorputzera itsatsirik.

Nolanahi ere, jakiten dut nire pertsona heldu mozorroari eusten, eta dardararik gabeko eskuz laztantzen dut alaba, behinola amak laztantzen ninduen modura orain, ohartu naiz, esku haien laztanean ere larridura bera zegoela. Halaber, noizbait amak niri adinako ahots sendoz erantzuten diet alabaren galderei, nahiz eta hitz diferentez, batik bat, hiltzearen ondorengoari eta bizitzaren zergatiari dagokionez. Nire azalpenetan ez baitago jainkorik, ez haraindikoaz itxaropenik, norberaren zein besteen memoriaren azpimarra eta maitasunaren aldarrikapena ez bada. Eta, hala eta guztiz, une horretan inoiz baino hurbilago sentitzen dut ama, eta baita haren ama ere, eta haren ama... hitz eta eduki ezberdinez bada ere, larritasun berari ari gatzaizkiolako erantzuten, auskalo noiz hasitako soka luzean. Are, esango nuke, garaiek, ideologiek, jendarte antolaketa eta bizi praktiken aldaketak gure pentsaera, sinesmen, bizi ohitura, emozioen antolaketan, eta, batez ere, hitzetan iltzatutako ezaugarriez gaindi mami berdintsuz.

Egunotan nire bueltako Twitter eta Facebooketan honako albiste hau ibili da bolo-bolo: Islandian aurreneko aldiz erabat ateoa den belaunaldia sortu dela. Xeheago: iazko urtarrilean argitaratu zuten inkesta baten arabera, ez dago 25-44 urte bitarteko islandiarrik izadiaren sorreran inongo jainkok esku hartu zuela pentsatzen duenik. Nire bueltako Twitter eta Facebookek txaloz hartu du albistea, goraipatuz islandiarren aurrerapena, eta, bide batez, deitoratuz, euskal herritarron atzerapena, nonbait, oraindik, asko direlako gurean sinestunak, batik bat, kristau-katolikoak.

Niri, berriz, galderak sortu zaizkit. Era askotakoak. Adibidez, egia al den gurean hainbeste direla fededun kristau-katolikoakerlijioa bizimoduaren ardazle izatearen zentzuan, bederen, fedearekin baino estatusarekin eta bestelako identitate ezaugarri batzuekin lotuago ikusten baititut ikastetxe erlijiosoetako matrikulazioak edota bataio-jaunartze-ezkontza errituak.

Eta, batez ere, honako itaun honek: ateoa izateak XXI. mendeko Mendebalde zuri honetan zer esan nahi duen, eta zer bizi jarrera eta praktikatan gauzatzen den, zertan den txalogarria, zertan aurrerapena. Esan gabe doa erlijioak botereen tresnarik indartsuenetakoak izan direla eta hainbat eremu geografikotan zein sozialetan hala segitzen dutela izaten, eta izpiritualtasunaren erabilera horri izkin, aurre eta kontra egitea ezinbestekoa dela askatasunean eta erabakimenean sakontzeko. Baina jainkoak hiltzeak berekin ekarri du jainko berriak sortzea, eta, honetara jarrita, ohikotan aipatzen ditugun futbola, dirua, arrakasta, zientzia... anekdota baino ez direlakoan nago; horien denaren sakoneko ardatza jendeok geure burua den guztiaren jabe eta nagusi ez ezik, gidari, jainko ere autoizendatu izana dela. Alegia, inoizko harro, handinahi, suntsitzaile eta itsuen jarduteko aitzakia izatea.

Eskerrak, tarteka, haurren izuek, hitz-totelka uzten gaituzten eta geure biluztasuna erakusten diguten. Eskerrak, tarteka, tximista batek kanpandorre bat suntsitzen duen, gure ñañotasuna oroitarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.