ARKUPEAN

Latza, marka

Mikel Elorza -

2017ko abenduak 20
Philip K. Dick idazlearen istorio bat, The Minority Report, ezagun egin zuen zinemak —literatura hala doa aurrera, gero eta ikusle gehiago ditu!—: delituak eta gaizkileen egintzak aurrez detekta zitzakeen sistema bati buruzkoa zen, gaizkileak burutzera zihoazen hilketagatik atxilotzen zituzten, hilketa egin aurretik. Zientzia fikzioa. Zientziara ez dakit, fikziotik errealitatera jauzia aspaldi egina dago: atxiloketa prebentiboak oso dira erabiliak, mundu osoan. Eta baita hilketa prebentiboak ere, Israelgo Estatuak bolada batez hain gustuko izan zituenak: burutu zitzaketen ekintzengatik hiltzen zituzten etsaiak (eta haiekin batera autoan edo etxean zeudenak), badaezpada.

Delituei aurre egiteko prebentzioa balio gorentzat jotzen den garaiotan, eta delitua eta aurrezaintzari gagozkiola, bada delitu oso aipatzeko bat: tortura. Izan ere, Martxelo Otamendik maiz esan izan duenez, tortura da delitu bat badakiguna, ondo asko jakin ere, non gertatuko den eta noiz gertatuko den; badakigu gainera nortzuek egingo duten eta nortzuek jasango. Eta hainbeste datu aurrez edukita, delitua 4.113 aldiz gertatu izana marka da gero! Ez, bada. Marka da gero gorputzean edo ariman geratzen zaizuna, torturatua izan eta gero, ia 4.000 pertsonak eraman behar izan dutena. Daramatena. Asko dira testigantzak, baina berriki ikusi eta entzun dudanez, Rosa Jimeno Pasaiako badia dokumentalean jasandakoak kontatzen. Latza, marka.

Hain aurreikusgarria izanik, nolatan orduan hainbeste eta hainbestetan? Erantzuna erraz dator, ia galderarekin batera, Lujanbio Zugastiri hitz errimadunak eta istorio eta ideia apartak datozkion bezain erraz (bueno, hari errazago eta gainera egokiago; hori maila hori!). Tortura arma bat izan da, borroka antiterroristan eta oro har disidentzia politiko ez terroristaren aurkako errepresioan baliatu dena. Sistematikoa, errepikatzen zen prozedura bati zegokiolako, eta gainera sistemikoa, errepresio-sistemaren DNAn txertatua egon delako. Sistematikotasuna galduko zuen, borroka antiterrorista makaldu den heinean, baina sistemikotasuna ez, hori berarekin darama, eta oraindik ere, zenbait kolektibotako kideek jasaten duten tratua, atxilotuak izatean, ez da hain desberdina izango.

Askok ziurtasunez zekitena esatera dator torturari buruzko txostena, eta ez dio begirik irekiko lehendik ikusi ez duenari, ikusi nahi izan ez duenari; ez dira orain plazara jalgiko esanez «a, bai, orain konturatzen naiz egia dela, tortura existitzen zela, txosten honek frogatzen du». Ez da halakorik gertatuko, ikusi ez dutenek ez baitzeuzkaten begiak oharkabean itxita, propio beste aldera begiratzen zuten. Gatazkaren kontrako lubakian zeudelako asko, lubakietatik at bizi izan delako beste anitz.

Beste aldera begiratzea ez da inoren esklusiba, beste lubakian ere izan zen halakorik. Hori bai, batzuei larriago egozten zaie beste batzuei baino; batzuei barkamen eskea ez zaie eskatzen, gizarteratzeko baldintza gisa exigitzen zaie. Boterean dagoenak barkamen eskerik egin beharrik ez du maiz berari barkatu zaio indultu eta postu-igotzeen bitartez; botereak ez du barkamenik eskatzen.

Eta hala ere inportantea da txostena. Propagandak dioenaren kontrara, ez dut uste justizia ekarriko duenik, ez dut uste torturaren orbana duenari mina leunduko dionik txostenerako gogoratu behar izanak berrituko zion zauria hainbati, baina gizarte gisa oinarri garrantzitsua da geroaren eraikuntzan. Ez errepikatuko ez denaren itxaropen inozoan, errepika baitaiteke; salaketa gisa baizik. Hau gertatu egin zen, eta gertatu zela salatu behar da, ahal den neurrian gainera ordaina emanez jasan zutenei... eta baita jasanarazi zutenei ere!

Delituak preskribatu egiten dira, tortura eurak ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna