Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zorretan

2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Banketxe batean lan egiten duen adiskideak beti aipatzen du adibidea, argigarria delakoan. Bere lana era askotako mailegu-eskaerak aztertzea eta, egoki ikusiz gero, onartzea da. Koliseoan gladiadoreen patua erabakitzen duen Zesarraren modukoa da, jainkosa txiki bat: bere erpuruaren mugimenduak zirt edo zart eginarazten du. Urte asko egin ditu langintza horretan, kontraesan eta buruko min askorekin, eta instintu modu bat garatu du horri esker: erabaki zail baten aurrean dagoenean, badaki jende xumea dela beren zorrak kitatzen lehenak, zintzoenak eta arduratsuenak. Kontrakoa pentsa litekeen arren, bizitza-duintasunaren marra gorritik gora daudenak berankorragoak direla ikusi du: pribilegiodunek sistemak bere alde jokatuko duela badakitelako dela dio nire lagunak.

Salbuespenak salbuespen, lerro hauek irakurtzen ari zareten guztiok marra gorritik gora zaudete. Baita neu ere, noski. Mundua ikusteko distantzia ertain eta luzeko betaurrekoekin begiratzea baino ez dago horretaz jabetzeko. Zuria eta lana duena naizen aldetik, marra gorritikdezente gora nago bizitzako esparru askotan, baina emakumea naizelarik, beren maileguak ordaindu arte lo lasai egiten ez duen jende xumea bezalakoa naiz.

Rosa Parksek zurien eserlekua aukeratu zuen goiz horretan, maileguan hartu nuen emakumeok (kolore, izaera eta klasea gorabehera) plaza publikoan askatasunez izateko eskubidearen zorra. Eta berandu nabil, berandu gabiltza, oraindik ez garelako aske eta beldurrik gabe nahi duten tokian ibiltzeko. Nire alaba nerabeek babestuta itzuli behar dute etxera gauez, zer gerta.

Deustuko ibaiaren ertzean gailetak egiten zituzten emakumeekin zorretan nago. Aitzindari horiei esker ordaindutako lana izateko eskubidea irabazi dut, baina oraindik gutxiago naiz lan berbera egiten duten gizonen aldean: gutxiago kobratzen dut, eta aukera gutxiago dut lan askotan. Prekarietateak emakume aurpegia du.

Clara Campoamorrekiko zorretan nago, hau da, herritar oso bihurtzeko bidean urratsik zailenak egin zituzten garai hartako emakume guztiekin. Gizonena bakarrik izanik ere unibertsala deitzen zen sufragio-mota hori eskuratu ziguten, eta haiei esker aukeratu eta aukeratua izateko eskubidea dut. Baina oraindik ez dut ikusi emakume lehendakaririk, diputatu nagusirik edo gure hiriburuetako alkate andrerik, Nafarroatik harago, behintzat.

Zorretan nago beren bularretakoak errez eta jendaurrean emakume bikoteari musu emanez geure sexualitatearen jabe izateko bide luze eta malkartsuan lehen urratsak egin zituztenekin. Oraindik, baina, edertasun ezinezkoaren kanonean kabiarazteko Anaia Handia begira daukat telebista, iragarki, dendetako erakusleihoetatik. Seme-alabarik izango ote nuen galdetu zidaten lan-elkarrizketa batean, eta beren laztanak mahaiaren azpian ezkutatzen dituzten ene lagunei begiratzen diedanean, auzo-lotsa sentitzen dut beren ausardiaren aurrean begiak beste aldera eramaten dituztenengatik.

Zorretan nago ama eta amonarekin, zorretan nago nire ahizpekin, zorretan nire ahotsa entzunarazteko beldurretik libratu nahi izan ninduen irakaslearekin.

Nire aurretik lan handia, lan isila, lan ezinbestekoa egin duten emakumeei zor diet gaur egun naizena. Eta garaia heldu da, bai, zor hori kitatzeko, interesak pilatzen ari zaizkigulako, gure buruarekikoak, hurrengo belaunaldiarekikoak bezainbeste. Ez da deabrukeria, Munilla jauna: ardura esaten zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.