ARKUPEAN

Delitu askoz handiagoa

Mikel Elorza -

2018ko martxoak 14
Kaleak hartuta izan dira aspaldiko partez, eta poztekoa da jendarte esklerotizatu honetan mugimendua ikustea, errotonda tematikoetako azalore transgenikoen artean jendea ibiltzea protestan, aldarriak egiten. Pentsionistek eman ziguten, ematen ari dira zapatuan deitu gaituzte handi nahi dituzten manifestazioetara— poz handia. Eta martxoaren zortzigarrena ere iritsi zen, bai iritsi ere. Beste mundu bat, mundu hobe bat posible dela egingarri egiten duen mugimendu bakarretakoa, bakarra ez bada. Mugimendu feminista. Berdea energia alorreko enpresa erraldoiek lapurtua dutenez, more kolorea esleitu beharko litzaioke itxaropenari.

Pentsionisten mugimenduarekin bat egitea errazagoa da, ikus dezakegu guk ere —gizonezko zuri hegemonikook— galtzekoak ditugula alor horretan; ez dakidana da bizimodu erosoaren errutinak narkotizatuta gauzkanez, plazara jalgi egiteko gauza izango garen. Errotondekin laketuta gaude, egia esan; eta baloiarekin, edo pilotekin... ertzik gabeko gauza biribilekin. Mugimendu feministaren aldarriena, berriz, iraultzeak goian dagoena behean eta behean dagoena goian jarriko duen mugimendutzat beldurrez ikusita —eta ez behean dagoena gora etortzea, goian zegoenari lekua kenduz baino lekua modu hobean banatuz, goian sobera baitago—, errezelo eta oztopoak handiagoak izango dira. Etorriko ahal da, etorri behar du. Hitzezko atxikimendua lortu du, urteko egun batekoa. Izan dadila bide baten hasiera, ez erakusleihoko afixa.

Ordea, plazaren okupazioaren alorrean, oihartzun sozialaz ari naiz, penduluak beste aldera egin du aste honetan, Espainiaren influentzia-eremuan bizi garenontzat. Hau da, Bidasoaz hegoaldera bizi —Bidasoaz iparralderako asko ere bai— eta bereziki komunikazio- eta erreferentzia-sare sozial espainolaren menpeko garenontzat. Andaluzian hildako mutikoaz ari naiz. Gure artean zenbait ingurutan hain handia izan ez bada ere —Espainiako oihartzun soziala txikiagoa delako—, oro har oso handia izan da. Exajeratuki handia.

Gure arteko eremu batzuetan (euskarazko medioetan...) izan duen oihartzun txikiagoa, bestalde, susmoa (eta desioa) dut ez dela izan soilik Almerian gertatu delako, ez dela futitze abertzalea izan, ezpada kazetaritza-jarrera duin batetik begiratu zaiola aferari.

Tragedia izan da, bai noski, baina mutikoa ito duen emakumeak baino izu handiagoa eragin dit horren inguruan sortutakoak. Zalapartak. Heriotza-zigorraren aldeko aldarriek. Sare sozialetan eta zenbait mediotan —telebistetan bereziki— auziak hartu duen dimentsioak. Medioak odoletan aztarrika, eta gu haien bitartez, erreportaje eta saio berezien bitartez haien miserien putzuan plisti-plastaka. Eta hagintariak dolu-agerpenetan buru, herriaren sufrimenduarekin bat eginez. «Denok gara x» formularen aspaldiko edukigabetze eta manipulatze latza: mutiko hori izan behar dugu aste honetan guztiok —ai, ez bazara, odolgabe konplize makurra, gertatuko ahal zaizu antzekorik!—. Duela hiru aste ertzain eta gainera beltza izatera ere ia behartu gintuzten (futbolarekin gertatzen ari denak aparteko gogoeta merezi du: indarkeria —arra, erabat arra—, dirua, alienazioa...).

Obszenidade sozial galanta begitandu zait.

Hau guztia, gainera, iritzia plazaratzeagatik jendea epaitzen, zigortzen eta espetxeratzen ari diren garaietan —gorroto-delituak leporatuta!—, zigor-sistemaren gogortzearekin jarraitu nahi den garaietan. Espainiako Estatua adierazpen-eskubideak urratzeagatik Europan zigortu behar duten garaietan. Twiterren, Facebooken eta ez dakit non esan diren guztiak batuta baino, eta batzuk astakeria handiak ziren, askoz delitu handiagoa ikusten dut egunotako ikuskarian. Delitua jendarteari egiten zaion erasotzat hartuta, hala ulertzen baitut nik, kaltea askoz handiagoa da, inolako zalantzarik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna