ARKUPEAN

Berririk onenak

Juan Kruz Lakasta -

2018ko martxoak 15
«Ispilura begiratu, eta adineko gizon bat ikusten dut». Patxi Irurtzunek idatzi du, egunerokotasunari buruzko testu single eta eder batean. Niri gauza bera gertatzen zait. Eta nik ere (besteak-beste adinak eman didan) arrazoizko zoriontasun lasaitik egiten diot so gizon urtetsuari.

Nire oroitzapenak (eta erreferente zaharrunoak) urtzen ari dira, malkoak euripean nola. Eta (gazte gehienek esamolde hau zergatik darabildan ulertzen ez duzuela jakinagatik ere) esanen dizuet nik zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditudala:

Barrikadak sutan oholtzaz haratago (eta Ertzaintzaren furgonetez honatago), Gernika 37-87 jaialdiko azken kontzertuan, Kortatuk gomazko piloten eta ke poteen artean jotzen zuen bitartean.

Natxo Cicatriz Iruñeko La Granja taberna txikian Lola abesten, gure koadrilako Mikel, garai hartan hamabost urteko nerabe mukizua zela (ginela), lepotik zintzilik.

Manolo Gil laguna, Iruñeko Mañueta karrikako pisuan, Euskal Herrira iritsitako lehen Macintosh-etako batean, Photoshop programaren lehen bertsioarekin, Negu Gorriak taldearen aizkorak diseinatzen, Herrera de la Manchako kontzertu historikoaren bezperetan.

Gari, Ruper eta Laboa elkarrekin kantuan, Anoetako belodromoan, Komite Internazionalistek antolaturiko Hertzainak taldearen berragerraldian.

Marco Antonio Sanz de Acedo Gavilan, Lore Etxean, protohuajoloteen lehen entseguetako batean, lurrean belauniko, Los Tigres del Norte taldearen Carrera contra la muerte kanta itzela abesten.

Haiek eta beste hamaika ikusi ditut. Eta inguruko gazteei hainbatetan esan dizuet kezkagarri neritzola zuek gure garaietako musika hura guztia gogoko edukitzeari, buruz jakiteari.

Jatorki esaten nizuela sinetsita nengoen, baina orain nago, neure buruari aitortu ez arren, gozatzen nuela hori esanez, talaian jartzen ninduelako, nagusitasunean, nagusikerian.

Alta, talaia balantza egiten ari da, erortzear.

Euskal rock erradikalaren oihartzunak gero eta apalagoak dira. Horren osteko doinu tronpeteroak ere itzaltzen ari dira. Globalizazioak mundu osoko gazteen gustu musikalak inoiz baino gehiago homogeneizatu ditu. Musikaren negozioak paradigma aldaketa latza pairatu du. Militantzia gainbehera dator. Garai likidoak dira. Eta ingurumari belaxka horren erdian, datorren larunbatean, euskal rockaren historiako mugarri nagusietako bat ezarriko dute: sold out, 10.000 sarrerak salduta Berri Txarrak-en BECeko kontzerturako.

Bada garaia ozen esatekoa: hirukotearen soinuaren konpaktutasunarengatik, hirukoteko musikari bakoitzaren maisutasun teknikoarengatik, estilo askotarikoak jorratzeko gaitasunarengatik, letren zorroztasunarengatik, letren poetikotasunarengatik, letren dogmatismorik gabeko gaitasun iradokitzailearengatik, kanta puskak sortzeko erraztasunarengatik, Gorkaren lidergo indartsu bezain apalarengatik, jaio-musika-hil filosofiaren aldeko apustu ausart eta kementsuarengatik, hamaika arrazoirengatik, inoizko euskal rock talderik onenaren aitzinean gaude. Eta euskal rock talde batek inoiz erdietsiriko lorpenik handienak erdiesten ari da. Orain. Hemen. Eta atzerrian.

Utikan zaharrunoak, haien garai epikoak, talaiak eta nagusikeriak.

Azken ohar bat: aspaldi honetan, ispiluan dakusadan adineko gizonak behin eta berriz darabil ezpainetan Katedral bat kantatzarraren letra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna