Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Tren galduak

2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Dirudienez, gizakiok izaten ditugun ametsen artean ohikoa izaten da tren galduarena. Ez da psikologian gradurik behar asmatzeko amets horren balizko esanahiak: tentagarria dirudien aukera bat galtzeko arriskua edo egoera jakin baterako prestatuta ez egotearen beldurra izaten dira azalpen arruntenak. Bi kasu horietan, ordea, ematen du bidaiaria trenera igotzeko irrikan dagoela, eta ez dakit hala izaten den kasu guztietan. Are gehiago, esango nuke kasu jakin batzuetan trenak muturren aurrean egiten duela ihes, lurreko bidaiariaren kardiograman zirkinik eragin gabe.

Inork ez dezala hartu artikulu hau abiadura handiko trenen aldeko oda gisa, baina euskal gizartearen aurrerabidearen inbertsio handienetakoa izanik, egokia iruditu zait trenen alegoriari heltzea. Izan ere, esango nuke euskal gizarteak tren ugari galdu zituela XXI. mendearen hasieran. Zenbait gairi erreparatuta, zalantza daukat gutxienez ez ote zen tren geltokiko komunean harrapatuta egongo, edo bidaia-txartelak erosteko dirua kutxazainetik atera ezinda, auskalo; kontua da bere etorkizunerako esanguratsuak izan zitezkeen bultzien azken deiek baso erdian eroritako arbolaren publiko berbera izan zutela.

Galdutako tren motak sailkatuz gero, nabarmena da Interneteko ikus-entzunezkoen arloan joaten utzitakoen kopurua. «Joaten utzitakoak» esan dut, onartezina bailitzateke esatea ez genekiela gizaldiaren lehen 15 urteetan Interneten bidez kontsumitzeko film eta telesailetan inbertitzeko trena hartu behar zela. Inguruko hizkuntza handiak pantaila txikian ikusteko fikziozko produktuak sortzen hasi ziren bitartean, Euskal Telebistak, adibidez, soilik bere kateetan eman zitzakeen proiektuak finantzatzen jarraitu zuen. Jarrera horrengatik, agian goraipatzekoagoa da garai hartan Interneteko ikus-entzunezkoen trenera igotzeko Argia astekariak egindako ahalegina; azken bagoiaren atzeko atetik sartutako ekimenek, ordea, hasieran aurrera egin arren, aparteko diru-laguntzen ikatzik gabe, bazter burdinbideetan bukatu zuten.

Trena ez hartzeko beste motiboetako bat betiereko nasaren sindromearena izan daiteke. Izan ere, ikus-entzunezkoen industriak merkatuaren baldintza berrietara egokitzeko zailtasunak, Interneten ikus-entzunezkoei etekin ekonomiko handia ateratzeko ezjakintasuna, edo krisiaren murrizketen mantra, besteak beste, tren berrietara igo ez eta estatus quo-ari eusteko argudio sendoak irudi zezaketen.

Badakizue batzuetan tren bat galtzeak tren gehiago galtzea dakarrela, eta kasu honetan, 2015ean Netflix eta HBO heldu zirenean gure ingurura, pentsaezina izan arren euskarazko produktuek edo azpitituluek lekurik izan zezaketenik plataformotan, trenera igo nahi izanda ere, euskal gizarteak ez zuen izan Interneten kontsumitzeko euskarazko produkziorik, eta, beraz, sekula hartuko ez zuen trenak muturren aurrean ihes egin zion, atea parez pare irekita zuenean igotzeko aukerarik izan gabe. Zorionez, euskaldunen artean badira makinista finak, eta badira abiadura handiko trenon atzetik abiatutako JarriOn bezalako lokomotor ausartak, hori bai, lehengo segundan edo oraingo terzeran jartzen gaituztenak.

Sinestezina egiten zait 2018an oraindik Interneten kontsumitzeko euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko diru-laguntza espezifikorik ez izatea ez Eusko Jaurlaritzak, ez Foru Aldundiek. EITBk ere izan beharko zuen, ustez Goazen-ekin harrapatu nahi zuen adin tartearen trena galdutzat jo ezean. Argi dago euskal gizarteak ezingo dituela hartu hizkuntza handien tren guztiak, eta aukeratzen jakin beharko duela, baina zinez poztuko nintzateke estrategikoak diren zenbait kasutan abiadura handiko trenak hartuko balitu konbentzimendu osoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.