Inaki Galdos
ARKUPEAN

«...egin zaiozu bisita»

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Onartzen dut ditxosozko 155.arena konponduta –nolabait esatearren– egon izan balitz prest nengoela EAJk Madrileko aurrekontuari emandako baiezkoa ulertu eta defendatzeko. Prest nengoen argudiatzeko, iazkoak bezala, lorpen mamitsuak zituela aurtengo akordioak ere, eta gehitzeko ez zaidala bidezkoa iruditu denbora luzez pentsioen KPIaren araberako igoerarena aldarrikapen nagusitzat izan duten zenbaitzuek —hor daude hemerotekak— hori lortu izana gutxiesteko eta hutsaren hurrengotzat hartzeko egin duten ahalegina. Edota gogorarazteko aurrekontu bat onartzeak garrantzi politiko handia baldin badu ere, horrek ez duela esan nahi alderdi batek oposizioa uzten duenik nahitaez, EH Bilduk edota Podemosek han-hemenka aspaldion erakutsi duten bezala, adibidez.

Halaber, onartzen dut EAJk ditxosozko 155.arena ezinbesteko baldintza gisa jarri izan ez balu ere prest nengoela aurrekontuari emandako baietza ulertu eta defendatzeko, pisuzko arrazoiak egon bazeudelako, eta ez txikiena sekulako arriskua den Ciudadanos olatu gainetik jaitsi arte denbora irabaztearena. Gainera, gero eta ulergaitzagoa egiten zaidalako zenbait euskal eragile politikoren jarrera, EAJri Kataluniako prozesuarekiko irmotasuna eskatzekoa, eragile horien hango alderdi adiskideari eskatzen ez diotena. Edo ez al da gauza jakina subiranismoaren zati handi baten baitan dagoen itzelezko haserrea Esquerrarekin?

Baina, onartzen hasita, onartu beharko dut higadura sortu duela nigan EAJk aurrekontuarekin egindakoak. Baina hainbeste aldiz eta hain tinko emandako hitza jatearena garrantzitsua bada ere —zintzoak iruditu zaizkit autokritikak—, beste kontu batek areagotu du nire kezka batez ere, mingarriak iruditu zaizkidalako han-hemenka entzun eta irakurri ditudanak boto hori zuritzeko.

Komunikatzaile ona da Andoni Ortuzar, eta pasa den larunbatean irakurri genion artikuluan toki berezia eskaini bazion bere alderdiaren Kataluniakoarekiko distantziakidetasuna edo neutraltasuna ukatzeari, iruditzen zait jabetu direla jende askok —tartean euren alderkide eta boto-emaile askok— sarri sumatu dutela jarrera hori eurengan aspaldion, baina batez ere aurrekontuari emandako baiezkoa azaltzeko. Ez direla bi aldeak ados jartzen, tematuak daudela, denen errua dela... Eta egia ez izanda ere, jende askoren pertzepzioa hori bada, begi bistan dago arazo bat dagoela.

Elkartasuna adierazi bai, baina hasieratik egin zituen ñabardurak EAJk Kataluniako prozesuarekiko. Iruditzen zait gainera bere hainbat aurreikuspenetan asmatu ere egin zuela eta ezker abertzalea EAJ baino gehiago mugitu dela bere hasierako jarreratik, orduan bai, baina dagoeneko ez baitute Euskal Herrian berehala prozesu bertsua hasteko proposamenik luzatzen EH Bilduko kideek. Koherentea bezain zilegia da, beraz, jelkideek zalantzak, ezberdintasunak, kritikak adieraztea hango subiranistek egiten ari direnekiko, edo subiranisten arteko batzuek gutxienez, Puigdemont eta enparauekiko urrutiago daudelako nabarmenki PDeCat eta Esquerrarekiko baino. Baina aldi berean, hainbat jarrera ikusita —ez guztiak—, sarri galdetzen diogu geure buruari ez al den posible gertutasun, enpatia gehixeago erakustea sekulako jazarpena jasaten ari den herriarekiko eta euren ordezkariekiko eta haserre handiagoa jazarpen horren arduradunak direnekiko.

Gurtel auziko epaiarekin, bertan behera geratu zen 24 orduren bueltan jelkideek aurrekontuei baiezkoa emateko erabili zuten urrezko arrazoietako bat: denbora irabaztearena. Eragozpen berri bat alderdiarentzat? Bai eta ez. Bai edo ez. Orain ikusiko baita alde batetik alternatibarik egon bazegoen eta bestetik benetan 155.a marra gaindiezina den askorentzat akordio politikoak erdiesteko.

Zentsura mozioak ematen duenaren zain, ez gara gutxi gustura ikusiko genukeenak Kataluniarekiko beste jarrera bat, aurrekontuen botoari edota jandako hitzari baino garrantzi handiagoa ematen baitiogu horri. Hasteko, ez da gertatuko, baina lehendakariarekin edota Ortuzarrekin kalean topo egingo banu, Xenpelarrena gomendatuko nioke bati zein besteari: «Alemanian bizi da eta / egin zaiozu bisita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.