mikel elorza
ARKUPEAN

Hautsetatik errautsetara

2014ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ez kontsumoa, ez hipotekak, ez soldatak ez KPIa, beste adierazle ekonomiko bat plazaratu dute egunotan hobekuntzaren erakusgarri: bikote banaketak. Handitu egin da dibortzio kopurua Espainian, eta hori hobetze ekonomikoaren seinale omen da.

Neurketa eta ondorio horretarako funtsik badago, noski, eta erraz samar da antzematen, baina bitxia ere suertatzen da dibortzioen emendatzea adierazle ekonomiko gisa aurkeztea. Famili ereduarekin eta, pixka bat loratuta, zoriontasunaren merkatuarekin lotzea errazagoa egiten da.

Nahiz eta, azterketa pausatua eginda, ezin ziurtatu merkatu horretan gora edo behera egitea esan nahi duen. Estreinako erreakzioa kalterakoa da, seguruena, banaketa gauza txartzat hartzea, baina era berean zoriontasunaren kontrakotzat ere pentsatu beharko genuke hondoa jotako bikote harremanari eustea. Gogoz kontrako kateari eustea baino sanoagoa izango dela, alegia, katea apurtzea. Urtetako harremana San Joanetako sutara bota behar izan gabe, besterik gabe bi pertsonaren bizitzetan solstizio berri bat izatea onerako izango da. Hori bai, bikotearen haustea alde bietatik beharrean bakarretik baldin badator, alde horrentzat udaren hasiera izan daitekeen bezala, gerezi denbora berria, beste aldearentzat ez, beste aldea erreta ateratzen da su horretatik, boteretsua baita garren indarra. Baina ez nadila bikote hausturen analisian katiga, normalena erreta ateratzea izango da-eta.

Adierazle ekonomikotzat aurkezteak piztu du gure arreta. Ekonomia hitzak, sorreran, «etxearen kudeaketa» edo antzeko zerbait esan nahi badu, ez gabiltza hain oker. Etxea kudeatzea bihurtua baita askoren bizimoduaren ardatz, banatzekotan egon, edo ez. Etxea, edo etxe falta.

Handiak behar zuten, nik uste, aste honetako San Joan suek, baldin eta neguko kontu txar eta arrangurak erretzera bota baditugu behintzat. Gasolina faltarik ez zuten izango, herritarrok bospasei urtez luzatu den negu latz honetako txarrak erretzera emanez gero.

30.000 euroko zorra pagatu ezinik zegoelako aste honetan kalera joan den sendiak izango zuen sutara zer bota. Nortzuk bota. Dozena erdi zero gehiagoko zorrak eginagatik ere inora bota ez genituen finantza erakundeak, adibidez. Are gehiago, sutan erre beharrean diruz hornitu genituen negu luzea ekarri zuen festarekin jarrai zezaten. Eta orain sutara bota nahi dutena horren akordua da: krisia pagatzen ari direla eragin ez zutenak.

Berriro gerta ez dadin berme handiagoak hartu omen dituzte agintariek—beharrik!—, baina funtsean krisi sakona eragin zutenak apenas erredurarik gabe eta kasu askotan ke kirats pixka batekin baino ez dira atera istorio honetatik. Eta ketan milaka jenderen bizitzak joan dira, suak itzali eta errautsetan aurkituko ditugunak patologo forentse adituak izan behar izan gabe.

Bejondeiela krisiagatik banatu ezin eta hori atzean utzi ahal izan dutenei, krisiak krisi, ezinago tristea izan behar baitu banatu nahi eta diru kontuengatik eutsi behar izatea bikoteari.

Eta benetan tristea espekulazioaren festa honetan milaka lagun kiskali direla, oraindik ere egunero erretzen ari direla, eta jende izatetik adierazle ekonomiko huts izatera pasatu direla. Izen eta deiturak dituzten adierazle ekonomikoen gainean eraiki nahi dutela etorkizuneko bizimodu ekonomikoki konpondua.

Ketan urtu diren izen eta deiturak.

Santu izenez beteriko aste honetan, nola litzateke santu gurtzaileen esaldi ekonomikoki eraldatua? «Hautsa zara eta errauts bilakaraziko zaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.