Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

10 urteko imajinarioak

2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ondorengo testua esperimentu bat da. Hamar urteko pertsona bati egindako 40 minutuko elkarrizketa soziopolitikoaren zati batzuk dira. Surrealismotik errealitaterik gordinenera doan ibilbide adierazgarria. Hamar urteko imajinario batean barneratzeko saiakera. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

ABERATSAK ETA POBREAK

Nolakoak dira munduko aberatsenak? Nahi dutena egiten dute. Herrialde bateko errege-erreginak dira.

Zer egin dute aberats bihurtzeko? Ezer ez. Haien gurasoak errege-erreginak ziren.

Munduko familia aberatsena den horretan zer hizkuntzatan mintzo dira? Ingelesez.

Zer koloretako azala dute? (Bere eskuaren azala erakusten du). Haragi kolorekoa.

Zuria? Bai.

Non bizi dira? Suitzan.

Orain irudika ezazu munduko familiarik pobreena. Zer koloretakoa dute azala? Beltza.

Non bizi dira? Afrikan.Nigerian.

Zer jaten dute? Ez dakit. Aurkitzen dutena.

Zer hizkuntzaz mintzo dira? Ez dakit.

Zein da haien erlijioa? Ez dakit.

Eta familia aberatsaren erlijioa? Kristianismoa.

Zer musika gustatzen zaiefamilia pobrekoei? Bere auzokoek jotzen dutena. Perkusioa.

Eta aberatsei? Opera!

Zer janari gustatzen zaie gehien aberatsei? Tarta bat. Txokolatearekin eta basoko fruituekin eta horrelako gauzekin.

Eta pobreei? Edozein.

IRUÑERA

Iruñeko zer auzotan biziko litzateke familia aberatsa? Bigarren zabalgunean. Media Luna inguruan.

Eta familia pobrea? [20 bat segundoz pentsatu du] Arrosadian.

Aberatsek non erosiko lukete arropa? Corte Inglesen.

Eta pobreek? Merkadilloan.

Aberatsen seme-alabak eskolara ala ikastolara joanen lirateke? Eskolara. Jesuitetara.

Eta familia pobrekoak? Ez dakit.

KARTZELAKOAK

Zergatik dago zure osaba kartzelan? Ez dakit... Euskalduna izateagatik?

Zu eta biok ere euskaldunak gara eta ez gaude kartzelan. ... [Isiltasun tarte luzea]

Kartzelan daude zerbait txarra egin dutenak? Bai, baina batzuk ez.

Nortzuk ez? Nire osaba. Zu lehen, aitatxi, Fofi, Mikel, eta ez naiz oroitzen nola deitzen diren bi abokatu orain daudenak kartzelan eta jende gehiago.

Eta zergatik uste duzu daudela kartzela urrunetan ezagutzen dituzun preso guztiak? Familiak fastidiatzeko?

Nork nahi du familiak fastidiatu? [Aho txikiarekin eta oso baxu] Poliziek? Eta politikariek...?

HITZ HANDIAK

Nor da euskaldun? Euskaraz dakiena; eta igual ere badago euskaraz dakiena baina ez duena euskaldun izan nahi, izan nahi duena amerikarra.

Eta zer da espainiar izatea? Norbaiti galdetzen badiozu, erranen duena baietz, espainiarra dela.

Hortaz, hor desberdintasuna dago: espainiarra da espainiar izan nahi duena eta euskalduna bakarrik euskaraz dakiena? Hori... Zuk erran zenuelako joan den egunean.

Kar-kar-kar! Baina nik jakin nahi dut zuk zer pentsatzen duzun. Ba... Euskalduna dela euskaldun sentitzen dena.

Zuk uste duzu Alemanian denek jakin behar dutela alemanieraz? Ez. Igual Alemanian daude zati batzuk bertze hizkuntza bat erabiltzen dutena.

Eta Nafarroan denok egin beharko genuke euskaraz? Ez.

Zergatik ez? Nahi duenak nahi duena.

Gaur egun, nahi duenak egin dezake euskaraz? Zu kalera zoaz eta nahi duzunarekin egin dezakezu euskaraz? Ez.

Nahi duenak nahi duena hitz egin behar badu, zergatik ez? Baina igual bertzeak ez dit ulertzen.

Orduan ezin duzu euskaraz egin. Bertzeek ez badakite, zuk ezin duzu euskaraz egin. Bueno, beraiekin ez, baina bertze batzuekin...

Baina ez dakienarekin zuk espainolez egin behar duzu, ez? Ez baldin badakit, ez! [Haserre].

Baina badakizu. Ezagutzen duzu norbait espainolez ez dakiena, hemen, Iruñean? Eeeeez.

Orduan, espainolez dakitenek nahi dutenean egin dezakete, denok dakigulako; baina euskaldunok ezin dugu, denek ez dakitelako euskaraz. Baina hori nikezagutzen dudan jendea... eta ez dut jende asko ezagutzen... [Aztoratuta].

Zu ezin zara euskaraz bizi... Ezin zara erostera joan euskaraz. Espainolez bakarrik dakitenek bai, ahal dute...

- ...

Bueno, pasatuko dut hau garbira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.