mikel elorza
ARKUPEAN

Besteak beste

2015eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Egunerokoaren parazetamola eraginkorra da oso eta sendatu ditu gure orain hilabeteko sukarrak. Hedabideek errefuxiatu siriarren irudiak erakutsi zizkiguten, Serbia, Hungaria eta bestelako harresietan pareta jota, txarrantxetatik zintzilik, kamioietan itota, turisten toalla eta gorputz distiranten aldamenean Greziako hondartzetan lehorreratzen. Aylan Kurdi izenaz akordatzen? Oraindik bai, baina ez du denbora asko beharko udazkeneko haizeek memoriaren orbelpean estal dezaten —gogoratzen Kubako haur hartaz, AEBetara eraman edo ekarriaz, ez dakit jada zer zen heroi bilakatu zuten Eliancito hura…—. Sukarra, esan bezala, jaitsi zaigu eta duela hilabete ematen zuen gutariko bitik batek errefuxiatuak hartuko zituela etxean, gelak prest ere geneuzkan, baina honezkero… Bulkada zintzoa zela uste dut, baina haiek ez daude gure etxepean eta gu ere beste sukar batzuek harrapatu gaituzte, edo seguruago sukar ezak, eta bizitza aurrera doa. Hostoak orbel, datorren udaberrira arte. Errefuxiatuok nonbait izango dira, imajinatzen dut. Ea hurrengo uholdeak noiz zipriztintzen gaituen, ea zipriztintzen gaituen. Gehienez ere zipriztindu egingo baikaitu: Amnesty Internationalek dioenez munduko estatu aberatsek gehienera ere errefuxiatuen %20 hartzen dute.

Hori bai, euro batzuk esleituko dituzte migrazio mugimendu hauek zaintzera. Dirua zaindariari emango baitzaio, ez diru-premiak bultzatuta —edo gerrak— ospa egin behar izan duenari. Gerran dagoenari dirua hartu egin zaio lehen, armen truke, orain kendu nahi zaizkien arma horien truke.

Eta diruaz gain, bonbardaketak ere emango dizkiegu —selektiboak, seguru—, Errusiarenak ez izanik AEBetakoenak, Frantziarenak edo Erresuma Batuarenak bezain zilegi. Gezurretan ari omen dira Putin-eta, etxe alde, Assad alde. Eta seguru baietz, seguru hala dela. Besteak ez, txintxoak ez dira etxe alde ariko. Haiek gizateriaren alde. Izan dezagun fedea haiengan, Nobel saridunak gidatzen ditu.

Edo finantzatzen, Yemenen egun batean bai eta hurrengoan ere bai eztei-ospakizunak txikitzen ari den Saudi Arabia bezala. Harrigarriena da oraindik ere jendea ezkontzea Yemenen eta Afganistanen: ezteiak aspaldi bihurtuak dira objektibo militar. Edo albo-kalte, MSFren ospitaleak bezala. Sentitzen dugu, oso penatuta gaude, barkamena eskatzen dugu. Amen.

Eta segitzen dugu elkartasuna ereiten Ekialde Hurbilean. Ez zeuden tokian ere muturreko jarrerak sustatzen. Muturrekoak? Fanatikoak? Bai, hala dira hangoak gu zibilizatuon kontrara, odolean daramate.Harritzekoa ere ez dena, hainbeste gizaldi odoletan dantzan.

Katramilatu naiz, baina, pobretutako uranioaren ketan. Uranioa ere pobretua bidaltzen diegu bonbetan, joko dituzten etxeen pareko izan dadin, pobre. Aipatutako Aylan kurdua zen.Ankaran sarraskitu berri dituzten ehunka lagunak bezala. Islamistak omen atentatuaren atzean, dio Turkiako Gobernuak. Eta eurak aurrean. Eta Turkiari lagundu behar zaiola dio Mendebaldeak, islamismoaren aurkako gerra horretan. Islamista muturrekoak izango dira, jakina. Eta lagundu beharrekoa Turkiako Gobernua. Jakinago. Kurduei ez diegu lagunduko, zertan, azken batean horiek ere edozein unetan muturrekotuko dira, eta terrorista bilakatuko. Turkiako Gobernuari lagundu behar zaio. Kontra egiteko laguntza behar duelakoan! Islamisten kontra, kurduen kontra… terrorismoaren kontra. Kontra-terrorismoa. Horretan asko daki Turkiako Gobernuak, gobernu guztiek, eta Ankarako atentatuaren DNAn horixe dago, muturreko islamista baten argazkia erakutsiko badigute ere.

Baina terroristak besteak dira. Aiztoaz zazpi robocop israeldarri ekiten dien palestinarra. Air Franceko sindikalistak. Askapenako militanteak. Besteak, azken batean, beste dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.