ARKUPEAN

Txantxangorria txantxate

Joxerra Garzia -

2016ko urtarrilak 30
Aitortzen dut: estetikoki ere ez da nire gustukoa euskararen logo-ikurtzat aurkeztu berri diguten txantxangorria: aukeran naïf-inozoegia, ETBren hasierako logoa eta Disneyland dakarzkit gogora.

Gustagarri zaigun edo ez, horixe da, ordea, gutxienekoa.

Komunikazioa ez baita estetika kontua, eraginkortasun kontua baizik: jendeari eskaintzen zaizkion mezu eta piezen oinarrian estrategia zehatz eta egoki bat dagoen edo ez, horixe da axola duen bakarra. Bistarako zein belarrirako bikaina izanagatik ere, hartzailearengan eragiteko balio ez badu, deus ere ez du mezu pertsuasibo batek balio. Zehatzago esanda: jendea gure markaren aldekoago bihurtzeko balio behar dute mezu pertsuasiboek, jendearen gurekiko jarreran eta jokabidean eragiteko, betiere geuri komeni zaigun norantzan, jakina.

Gustukoa izan zein ez, irizpide horixe da gure txantxangorri txantxatea epaitzeko irizpide egoki bakarra, kasu honetan euskara delarik, ustez behintzat, indartu beharreko marka.

Unibertsitatean ia hogei bat urtez publizitatea, pertsuasioa eta gisako gaiak jorratzen aritu eta gero, badut, zorionez, lankide (eta, batez ere, ikasle) ohiz osatutako sare halako bat (Twitter, Facebook eta enparauak baino dezentez sozialagoa). Oraingoan ere egin dut (sare)kideren artean galdeketatxo ez batere zientifiko bat (bestela nola ausartu gai hori hemen hizpide hartzera?)

Gutxitan bezalako adostasuna aurkitu dut eta, estatistikoki, «zentzugabe» hitza gailendu da beste guztien artean. Horrez gain, noiztik behar du hizkuntza batek logo bat? Gustuak gustu, inork ez dio tankerarik ere hartzen, zein izan ote litekeen txantxangorri hori plazaratzeko arrazoi estrategikoa. «Zer esan ganorazkorik ez badaukazu, kantatu zerbait», dio publizitate munduko lelo zahar ezagun batek, eta bakarren batek aipatu dit gomendio hori aintzat hartuta sortua izango dela, beharbada, gure papogorria.

Funtsean, gure marka indartzeko nori zer (eta nola) esatea komeni zaigun kalkulatzea besterik ez da estrategia. Esaten errazago, ondo egiten baino. Sormenik distiratsuenak ere ez du deus balio, aurrez estrategia behar bezala landu ez bada. Eta eskarmentuz dakit horixe dela dugun gabeziarik nabarmenena: gurean oro har, eta euskalgintzan bereziki.

Gure txantxangorriak ere horretan du herrenik nabarmenena, horrexegatik ez dakit zer onura ekar diezaiokeen euskararen markari. Jendeak garunean dituen (edo ez dituen) karpeta gisakoak dira markak. Arreta-ekonomiaren gizartean bizi garenez, gutako bakoitzak karpeta asko izaten ditu, baina karpeta bakoitzaren barruan oso item gutxi dago: marka horri hautematen dizkiogun ezaugarri bereizgarri gutxi batzuk baino ez (hiruzpalau edo, guretzat garrantzitsuenak direnak). Markak ez dira berez sortzen. Ahalegin handia, ildo estrategikoekiko koherentzia erabatekoa, eta denbora asko behar dira gure hartzaileen garunean geure markari dagokion karpetan komeni zaizkigun ezaugarriak sartzeko.

Horrela sortuak dira munduan diren marka indartsu ezagun guztiak. Euskara, aldiz, badirudi zernahi izan daitekeela: amona xaharra zeneko garaia ondo gogoan daukat. Tarteko agerkariak bazter utzita, oraindik orain birus kutsakor bihurtu ziguten. Eta baita aire-aire lelopeko haizagailu ere...

Eta zer, txarrak al dira ba metafora (ateraldi, burutazio) horiek guztiak? Estetikari dagokion galdera baldin bada, nahiago nire iritzia neuretzat gorde. Komunikazioaren ikuspegitik, berriz, ezin argiago eta argiago daukat: bakoitza ona balitz ere, denon artean osatzen duten komunikazioa penagarria da, aldrebeskeria latza, estrategia jakinik gabeko txantxa gorria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna