Azalberritu egin da Osasuna, iragan sasoiko nahigabea ilusio bihurtzeko

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abuztuak 19
Kolpe mingarria izan zen Osasunarentzat joan zen denboraldian Lehen Mailara igotzeko lehiatik kanpo gelditzea. Faborito gisa ekin zion sasoiari, jaitsi berritan zuen gihar ekonomikoari esker talde ahaltsua osatuta, baina porrot egin zuen: ez zen sailkatu igotzeko kanporaketetarako. Horrek iraultza eragin du taldean. Hasteko, aldaketa izan da aulkian: Jagoba Arrasatek hartu du Diego Martinezen tokia. Taldea estilo biziago batez hornitu eta Sadar gotorleku bihurtzeko asmoz iritsi da teknikari berriatuarra Iruñera. Bestalde, sei jokalari iritsi dira orain arte, eta 11 atera.

Bi galera garrantzitsu izan ditu orain arte taldeak: Lucas Torro Eintracht Frankfurtera joan da, eta Quique, Deportivora. Bederen, haien truk 3,5 milioi euro inguru patrikaratu dituzte gorritxoek. Diru horrekin talde lehiakorra osatu dute. Beharrik handiena zelai erdian eta hegaletan zegoen, eta mugimendu gehienak postu horiek indartzeko egin dituzte. Euskarrirako bi jokalari ekarri dituzte, Iñigo Perez eta Imanol Garcia, eta hegalean joka dezaketen beste bi, Juan Villar eta Brandon Thomas. Brandon, gainera, aurrelaria ere bada.

Defentsan, berriz, Nacho Vidal da fitxaketa bakarra. Valentziako jokalari ohiak eskuin hegala indartuko du. Bestalde, Ruben Martinez atezaina ere iritsi da, min hartutako Sergio Herrera ordezteko. Arrasatek harrobiko hainbat gazterekin osatuko du taldea. Olabide eta David Garciak talde gorritxoan gelditzeko aukera izango dute. Bestalde, lehen taldera igo dira Luis Perea eta Juan Perez. Horiez landa, Endika Irigoien eta Javi Martinez talde nagusian eta harrobikoan arituko dira. Arrasatek aintzat hartuko ditu Ivan Martinez eta Jorge Herrando ere.

Osasunak talde lehiakorra izango du berriro. Klubak ez du igoera helburu gisa jarri nahi, presioa gainetik kentze aldera, baina taldeari, gutxienez, igoera faserako sailkatzea eskatu behar zaio. Ohi gisa, zaleak bidelagun izango ditu. Atzera ere 15.000 bazkideren langa gainditu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna