ARKUPEAN

Ahal dute?

Gaizka Aranguren -

2014ko uztailak 1
Podemos-Ahal dugu alderdiaren aurka Espainiako hainbat komunikabidek abiarazi duten kanpainaren harira, ondoko esaldiari buruzko hausnarketa egitea komeniko litzatekeelakoan nago: eskuineko espainiarraren antzekoena ezkerreko espainiarra da.

Joan den hauteskunde europarretan Pablo Iglesiasen alderdiak lortu zituen emaitzek berriro ere esaldi hura kolokan jartzeko bidea ireki dute. Izan ere, orain arte bertze inolako espainiar alderdik ez bezala, badirudi Podemos-Ahal dugu-k ez dituela espainiar nazionalismoaren oinarrizko letaniak bere izaeraren oinarritzat.

Azken egun hauetan Podemos-Ahal dugu espainiar komunikabide handien jomuga izatearen arrazoia Pablo Iglesiasek Ritz Hoteleko gosari batean ETAren bortizkeriak arrazoi politikoak zituela adierazi zuela da. Horren zain ziren.

Kanpaina mediatikoari aitzin egiteko asmoz, behin eta berriro adierazi dute, bai alderdiak eta baita bere eledun ezagunenak ere, ETA gaitzesten dutela. Gaitzestearena ez da arazo handia Podemos-Ahal dugu-rentzat, baina agerian uzten du ez dutela haiek erabakitzen ez zertaz jardun behar duten, ez zein tonutan eta ezta noiz ere. Ufada politikoa sorrarazten duten komunikabideen haizearen arabera mugitu behar dute. Pablo Iglesiasek ezin du erabaki kondena hitza erabiliko duen ala ez. Erabiltzen ez badu, gurutzean iltzatua izanen da. Horretaraino iristeko gogorik ez.

Nolanahi ere, ukaezina da Podemos-Ahal dugu-k haize freskoa eraman duela espainiar politikagintzara. Euskal Herriko jarrera subiranistetatik begiratuta, zaila da oso haiena bezain jarrera hurbila antzematea Espainiako bertze edozein alderditan. Herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera aitortu dute, gardenki, eta hori nekez entzun zitekeen espainiar ezkerraren eledunen ahotan.

Gatozen, ordea, alderdi berri horren bertako, Hego Euskal Herriko, indarra eta egitura aztertzera.

Azpimarratu beharra dago oso emaitza onak atera dituztela. Jende gazte gehiago dagoen tokietan bereziki. Orain arte politikagintzarekin bereziki mugitzen ez den boza eskuratu dutela erran dezakegu, beraz. Bertze alderdi batzuetatik bozak eskuratu baldin badituzte, ematen du mugimendu bikoitzetik izan dela: Ezker Batua/Ezker Anitza/Izquierda-Ezkerrari botoa ematen ziotenek eman diotela Podemos-Ahal duguri eta PSE-PSNtik edan duela Ezker Batua/Ezker Anitza/Izquierda-Ezkerra-k boto irteera hori bete arte. Nafarroa Garaian, ziur aski, Geroa Bairi botoa eman zioten bakan batzuk —gazteak- eskuratu ditu Iglesiasek.

Alta, Podemos-Ahal dugu-rekin bere burua identifikatzen duen jendeak parte hartu al du, orain arte, Euskal Herriko mugimendu sozialetan? Auzo Elkarteetan? Mugimendu feministan? Ekologistan? Antimilitaristan? Bestak antolatzeko egituretan? Irrati libreetan? Kontsumo alternatiboko ekimenetan? Bada, ez du ematen orain arte oso pertsona militanteak izan direkin eguneroko jardunetan. Zirkuloen argazkietan ageri diren aurpegi bakan batzuk ikusi ditugu M-15eko Batzarretan. Jende konprometitua ezker ikuspegitik, bai, baina ale bakanak.

Ikusteko dago datozen hilabeteetan errorik gabeko egitasmo honek inolako egituraketa iraunkorrik sortzea lortzen duen.

Auzolana eta zirkuluen filosofia oso hurbil daude, baina konpromiso handia eskatzen duten jarduteko moduak dira. Mugimendu politiko bat di-da batean antolatu nahi izatea, batez ere aldez aitzin errorik ez dagoenean eta zure jendeak konpromiso soziopolitikorako esperientziarik ez duenean, oso konplikatua da.

Euskal Herriaren biziraupenaren aldeko ikuspegitik, eskuineko espainiarraren antzekoena ezkerreko espainiarra da esaldia lurperatzeko argudioak emanen ote ditu Podemos-Ahal dugu-k?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna