Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Mikroak

2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Mikro deitzen zaio, eta bat-batean txikia egiten da, txiki-txiki bihurtzen dugu. Izan ere, mikro esaten diegu, eta ezdeusak direla adierazten ari gara, axolarik batere gabeak. Nork erreparatzen die ñabardurei? Egia bada, Historian zehar hainbat pentsalarik esan izan duten moduan, hitzek errealitateak adierazteko ez ezik errealitate berriak sortzeko ere balio dutena, hori hala baldin bada, arazo larri bat dugu txikigarriekin. Arazo handi-handi bat.

Begiratu bat izan daiteke, edo telebistako iragarki horretan ikusi duzuna. Esaldi ustez graziosoa izan daiteke, zuri batere graziarik egiten ez dizun komentario bat. Mikromatxismoak, molde bateko nahiz bestekoak izanik ere, egunero pairatzen ditugu emakumeok. Bada, txikikeriak dira jende askorentzat, emakume askorentzat ere bai. Gutxi dira egunero, kalean, lanean, autobusean, etxean, eskolan edo tabernan balizko txikikeriez jabetzen direnak, edo adieraztera ausartzen direnak. Arrazoi asko daude horren atzean, baina nago adierazpide horrek, hau da, txiki-txiki bihurtzeak ez duela batere laguntzen.

Izan ere, mikroa denez, kosta egiten zaigu ikustea, identifikatzea, izen bat jartzea. Nola esango diozu goitik behera biluztu egiten zaituen begirada zikinaren aurrean protesta egiteari? Ez duzu azaltzen asmatzen zergatik berotzen zaizkizun barruak lankideren batek irribarre egiteko esaten dizunean, «irribarre egizu, neska, politago zaude-eta». Zergatik izan behar duzu polita, zergatik dagokizu zuri munduaren edergarri izatea? Nola esaten zaio zama horri guztiari?

Izendatzerik ez duzunez gero, oharkabean pasatzen denez gero, nahastu egingo zara, eta baliteke zeure buruari galdetzea zeu ote zaren, auskalo zergatik, begirada, esaldi eta keinu horiei guztiei azpiak ateratzen alferrik ari dena. Zeurea ote den arazoa, eta ez gizartearena. Bada, bide okerrak helmuga okerretara ematen gaitu beti, eta maiz amildegiaren ertzera.

Neu naiz huts egin zuena, aitortuko du urteetan noizean behingo jipoietara ohitu den emakumeak. Lotsatia naiz, kexatuko da bere burua agertzera ausartzen ez den profesional bikaina. Maite nauelako arduratzen da nitaz, pentsatuko du mutil-lagunak eskuko telefonoko mezuak irakurtzen dizkiola dakien nerabeak.

Genero desberdintasuna esaten diogu horri, baina desoreka eta mendetasuna ere deitu beharko genioke. Nerabe batzuekin proba egin dut aste honetan bertan, eta, neska eta mutilei galdetuta, oso gutxi izan dira jarrera baztertzaile, iraingarri eta dominatzaileak zerrendatzeko gauza izan zirenak. Orobat, barregarriak iruditu zaizkie guraso batzuek azaldu genizkien kezkak.

Errealitate faltsu bat sortzen du mikroak, eta, alegiazko horretan, normalak dira emakume-ama, emakume-objektu, emakume-panpina, emakume-gozagarri, emakume-osagarri, emakume-loreontzi, emakume-erdi, emakume-ardi, emakume-urdanga eta gisa bereko hitz-elkarketa guztiak. Zuzenak eta normalak direla ulertzea beste biderik ez dugu, hala ez balira, oso bestelakoa baitzatekeen guztia. Ez zinateke zeu izango, lotsaren lotsaz, kaleko garbitzaile batek esandako gordinkeria erantzun orduko korrika irten zena. Normala ez balira, hots, aparta edo ezohikoak balira, emakume guztiok zerbait egingo genuke, edo, nahiago bada, zerbait «gehiago» egingo genuke. Normala ez balitz, gizonek ere, gizon guztiek ere, zerbait gehiago egin dezaketela ikusiko lukete. Txikigarriak bere helburua bete du, eta lantzean behin aztoratuko zaituen min txikia anestesiatzen ikasiko duzu.

Kausa-eragina loturak ez du zertan zuzena izan, baina mikromatxismoak, emakumeon kontrako biolentzia gordinenaren atariko sintomak ez ezik, gaixotasuna ere badira bere horretan. Jarrera horiek, begiratu horiek, bazterketa sistematiko hori, bere horretan, bortxa dira, bortxazko egoera onartezinak.

Datorren asteko asteartean puntu morea ikusiko dugu nonahi. Emakumeen kontrako biolentzia salatzea da ikur horren helburu, baita xede berbera duten hamaika ekimenena ere. Egutegiko egun handien egiazko eraginez zalantza asko dudan arren, gaitz erdi urtean behin, sikiera, ustez mikroa den horrek berez duen eragin makroa ikusarazteko balio badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.