Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Distantzia desegokitik

2015eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Arte abstraktua atsegin badut ere, beti mesfidati inguratu izan natzaio, konplexu handia eragiten baitit. Ulertuko ote dut zer adierazi nahi zuen margolari edo eskultoreak? Azalean, izan ere, gauza handirik iradokitzen ez didaten figura itxuragabetuak baino ez dira ageri, askotan ederrak iruditzen zaizkidanak. Plazer hutsa, baina, nahikoa ote da artelanari behar bezala begiratzeko? Behinola, artean aditua den adiskide batekin joan nintzen Arco azokara, hark gidatuta probetxu handiagoa atera ahal izango niolakoan. «Distantzia», esan zidan, «distantzia zaindu behar duzu, hurbilegitik begiratuta kaosa baino ez baita antzematen, eta urrutiegitik behatuta, berriz, hutsa».

Distantzia kontua omen da, beraz, ulertzea.

Ez dakit zein puntu zehatzetik begiratu beharko niokeen azken bolada honetan hazten ikusten dudan bazterkeriaren bolari. Ez dakit nola interpretatu behar dudan, adibidez, nire autobus-geltokian aste honetan agertu den pintadaren aurrean bidaiariok jarrera. «Lana kentzen digute immigranteek» irakur daiteke markesinan. Mezua horixe da, hitzak gorabehera, bere buruan berta-bertakotzat jotzen omen duen pintadaren egileak gaztelaniaz idatzi baitzuen bere mezu xenofoboa. Bada, autobusaren zain geundela, gutako inor ez zen deus esatera ausartu, baina janzkerarengatik islamiarra zela nabarmen ageri zuen gazte beltzaranari begiratu genion. Distantzia kontua da, eta itxura guztien arabera, hurbilagotik begiratu arte ez gara ohartzen nola mugitzen ari diren tolerantziaren eta errespetuaren marrak. Egun horretan, ni neu behintzat distantzia desegokian jarri nintzen hasieran, eta gaztearen deserosotasunaz jabetu nintzen arte ez bainintzen, lotsaren lotsaz, marra horretatik kanpora mugitu.

Ni eskolako umea nintzen garaian, ikasle guztiok auzo edo herrikoak ginen, denok ezagun, denok zur bereko ezpalak, kolore eta jatorri bertsukoak. Hiri ertaina izatera ez zen iristen gurea, eta oraingo distantziatik begiratuta, nire belaunaldikoa exotismo gutxiko haurtzaroa izan zela ikusten dut. Orain berriz, goitik behera aldatu da kontua, zorionez.

Alde handia dago, eta itxura guztien arabera, batzuei luzeegia egin zaie jauzia. Neurearekin alderatuta, geure alaben eskola-bizitza askoz koloretsuagoa da, pluralagoa, biziagoa... errealagoa. Jatorri desberdineko ikaskideak izan dituzte haurtzaindegiaz geroztik, eta beren lagun-taldean badira etxean bospasei hizkuntza desberdinez mintzo diren kideak.

Gasteizen etorkinak artatzen lan egiten duen adiskide batek kontatu dit egunero aurkitzen dituela beren lokalaren atean nire autobus geltokikoaren moduko mezuak; joan den astean, svastika batez apaindutakoak agertu ziren. Nazi-ikurra onartezina dela esan du hiriko agintari gorenak, baina ez dakit zer iritzi duen mezuei beraiei buruz. Bitartean, elkarteko boluntarioek mezu xenofoboak ezabatu egiten dituzte agertu orduko. «Gizarte laguntzak nazionalentzat», «Stop hipokrisia, espainiarrak lehendabizi»; «Espainiar langabetu bakoitzetik immigrante kanporatu bana». Mezu hauek ere gutxi-gorabeherakoak dira, gaztelania hutsez heldu baitira aipatu dizuedan lagunaren elkartera, Lanbidera eta Gasteizko beste zenbait tokitara.

Jakin nahi nuke, ulertze aldera, non kokatzen diren era horretako mezuak bidaltzen dituztenak, zer den beraientzat bertako izate hori, zein eskubide berezi eta partekaezin (ustez) ematen dizkien beren jatorriak, besteenei aitortu ezin zaizkienak. Jakin nahi nuke zein distantziatik begiratzen dioten zorionez gero eta pluralagoa eta koloretsuagoa den errealitateari, aldarrikapen monokromo xenofoboaren alde lerratzeko.

Jakin nahi nuke, bada, kaosaren emaitza diren, edo hutsaren bozeramaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.