Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zubiak

2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Balkanetako Gerra da xehetasun guztiekin gogoratzen dudan azkena. Hango geografian arrotzak beharko luketen izenek oihartzuna sortzen didate, bereziki basakeriaren gertaleku izan zirenek. Behar bezala ahoskatzeko gauza ez banaiz ere, borrokatu ziren armadetako buruzagienaz ere oroitu egiten naiz, mihian trabatzen zaizkidan bezainbeste iltzatuta geratu baitzitzaizkidan gogoaren ertzen baten.

Gerra gehiago izan dira geroztik, gehiegi, baina huraxe da mugarri nire oroimenean. Handik aurrerakoetan, xehetasunei erreparatzeko gaitasuna galdu egin dut antza, eta zertzelada nagusiak nola edo hala aipatzeko gauza naiz, eta ez besterik. Irudi gutxi, protagonista gutxi, egiazko daturik apenas ez dut oroitzen.

Mostar hirira lehen aldiz joan nintzenerako zutik eta harro ageri zen bertako zubia, gerran zartatua izan zenean sekulako albiste-uholde eragin zuena. Erromesen modura inguratu gintzaizkion zubiari bisitan joandako lagunak, hamaika aldiz ikusiak baikenituen haren aurriak. Gerra amaitu eta bake formalaren urak bere onera itzuli zirenean, nazioarteko zubigileen taldeak altxatu egin zuen, berregituratze sinbolikoan. Zubiaren alde banatan, inskripzio bera irakur zitekeen ni joan nintzenean, oraindik han jarraitzen duena: «Ez ahaztu 1993».

Mostar hirian gerraren arrastoak nonahi ageri dira oraindik, eraikinetan, kaleetan eta, bereziki, zubiak gorabehera bat egitea lortu ez duten bi komunitate erlijiosoen arteko eguneroko hartu-emanetan. Edozein kasutan, zubia da lezio lazgarria behin eta berriro gogorarazten duen elementu nagusia, totema, sinboloa.

Hauteskundeek zubigintzarako aukera franko utzi dizkigute, gertakizun. Premia handia dugu, nahi baino gehiago atzeratu baitugu langintza hori. Hamarkadak daramatzagu ezinikusiaren tolesetan nola edo hala elkarrekin bizitzen, baina atzeregi joan gabe, adibidez, egin kontu urte paretik gora doala indarkeriarik bortitzenaren ekaitzetatik irten eta eszenatoki berri baten promesan murgildu ginenetik. Neurri handian, alta, promesa izaten jarraitzen du, herrigintzaren ertzak lotzeko ahaleginean ez baitugu asmatu. Alfer, ezgai edo ezados izatea leporatzen diogu elkarri, eta, bitartean, etorkizunaren ibaiari begira jarraitzen dugu, bakoitza bere ibaiertzetik ia mugitu gabe, edo pauso txikiegiak eginda. Aldamioak jarri ditugu zubia altxatzen hasteko, baina ahulegiak dira oraindik, edo horixe iradoki zidaten joan den hileko hauteskunde-kanpainaren beroan ibaiertz bakoitzetik elkarri jaulkitako gezi-andanek. Oreka zailean dihardu gure zubiak.

Begioker geratzeko arrisku handiarekin, begi bana jarri beharko genuke zubiaren oinarrietan zein ibaian. Lehenak sendotasuna dakar, elkar hartzeko aukera ia bakarra; eta bigarrenak jarioa, ihes egiten utzi behar ez ditugun etorkizun-aukerak. Zubiak gure lekua, gure posizioa, gure egoteko modua erakutsiko digu, eta ibaiak noraino iritsi nahi dugun agertuko digu. Eta biak batera jorratu behar ditugu.

Zubiak zartatzea izaten da, gerra garaian, hiria mendean hartu nahi duen armada kolonizatzailearen lehentasuna, eta, aldi berean, gotortu behar den herri matxinoak ere zubia lehertzera jotzen du beste ezer baino lehen, arerioa sar ez dadin. Gerrak ohekide bitxiak egiten ditu eta hauxe da horietako bat: bi aldeei komeni zaie distantzia bera, erasorako eta defentsarako jokamolde bera darabilte. Gerraren gordintasunetik irtendakoan, ostera, zubiak berriro altxatzea izaten da zereginik behinena, zubietan hasten baita bake-aukera. Bertan elkartzen dira muturrak, eta ez da kasualitatea, nik uste, zubiaren albo banari beso deitzea zenbait hizkuntzatan. Zubigintza lan nekosoa da, gintza atzizkiaz amaitzen diren guztiak bezainbeste.

Euskal Herrian aukera galduen katalogoa oso luzea da. Egokiera ezin hobeak ziruditenak maiz alferrik pasatzen utzi ditugu eta horrek mesfidantzak, ezin ikusiak eta zauriak laga dizkigu azalean, berrosatzeak luze joko dutenak. Oinarrietara zuzen-zuzenean jaulkitako leherkariak askotan entzun ditugu, zaratots ikaragarria eginez. Handik abiatu behar dugu, beraz: argi ulertzetik zergatik leherrarazi genituen zubiak, zein zen komeni zitzaigun distantzia. Jakin behar dugu zertaz ari ginen, ustez, geure burua defenditzen, eta nor zen, izatekotan, mendean hartu nahi gintuen etsaia. Memoriaren zubitik begiratuta, iragana argiago ikusi ahal izatea espero dut, zinez.

Hala egindakoan, bada, nondik gatozen jakingo dugu, eta beraz, aukera izango dugu, berandu baino lehen, nora joan nahi dugun deliberatzeko, jomuga berriak elkarrekin irudikatzeko.

Belaunaldi bakoitzak bere iraultzak bizi ditu, bere sinboloetan oinarritzen da, eta horietara bueltatzen da erreferentziak behar dituenean. Denboran aurrera egin ahala, zaharkitu egiten zaizkigu erreferentziak, eta kosta egiten da metaforak sortzeko erabiltzen ditugun elementuak partekatzea, gazteagoak direnentzat baliabide estilistiko hutsak baitira.

Mostarreko zubia lau metro zabal da, eta 30 metro luze. Jende mordoa izaten da beti ertz bakoitzean, atrakzio turistiko nagusia baita han eta herri osoan. Argazkiak egiteko geratzean, berehala inguratzen zaizkizu, adinez nagusi diren gizonezkoak eskuarki, gerra garaian han jazo zena kontatzeko txanpon batzuen truke. Hitz egingo dizuna musulmana bada, historiak kolore bat izango du, eta katolikoa bada, berriz, beste bat. Desberdina. Kontrakoa pentsatzeko tentazioa izan baduzu, berehala joango zaizu burutik: zubiek ez dute, berez, bakea sortzen. Gintza atzizkia lotu behar zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.