mikel elorza
ARKUPEAN

Egunerokoaren literatura

2015eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez surrealista frantsesen poemen lerroartean, ezta errealismoa magiaz janzten zuten Hego Ameriketako eleberrietan, are gutxiago absurdua oholtzara igo zuten antzerkigileen dialogoetan: errealitate antzaldatu, harrigarri, bihurritu, hankaz gorakoena eguneroko bizitzak eskaintzen digu, res publica deritzon hori kudeatzen dutenen bitartez.

Periodikua irakurtzeaz ari naiz, albisteez, gertatzen denaz. Irakurtzea, lau urte beteko direnean ETAk su-eten definitiboa iragarri zuenetik, amnistia… Elizari emango diotela! Bai, bi notizia dira, diferenteak, baina estrabismo informatiboa gertatu zait, bigarrenean dagoen hitza lehenengoan nahiko nukeelako nik. Lehenengoan dagoen espiritua, berriz, Estatu egoskorrarena, bigarrenean. Baina ez, Hipoteka Legearen aldaketa egingo du Espainiako Gobernuak eta Elizak ezingo ditu bere izenean jarri, ez lehen bezain erraz bederen, eliza, ermita, parrokia, etxe eta lurrak… baina orain arte jarriak dituenak barkatu egingo zaizkio! Amnistia eta askatasuna. Errenta deklarazioan dagokion laukitxoan klik gutxiegi egiten direla irudituko zaie, nonbait, eta higiezinak bermatu zaizkie. Eta ni oraintxe hasi naiz higiezin hitzaren benetako esanahia entelegatzen: haiei xemeiko bat kentzeko aparatu juridiko hori higituko duenik ez dago.

Beste amnistiaren berri ez dago: Parisko bilkura dela-eta egun batzuez fokua berriro jarriko zaio gaiari, lehen Gaia zenari, larritasuna letretan ere galdua duen horri. Ez da Madrilen inolako mugimendurik nabaritzen, ez baldin bada preso daudenei presoaldiak luzatu eta espetxeetako bezero berriak biltzeko. Prozesuari dagokionez, higiez jarraitzen du Madrilek. Eta hori ez da albiste surrealista, edo elipsia, hori notizia txarra da.

Ez dago denerako geldirik, ordea, Espainiako Gobernua. Errealitatea antzaldatzeko genero fantastikoan ere jarduten du, eta, aprobetxatuz autonomi erkidego eta udaletan gestoreak izango direnak itungintzan okupatuta eta gu haiei begira gaudela, sektore elektrikoa arautuko duen dekretua prestatu du. Eguzkiari bide-saria jarriz. Hori ezinezkoa dela? Egin ezazu eguzki-panelen instalazio bat, zure baratzerako adibidez, edo etxerako, eta igarriko diozu, igarriko diozunez! Mendiari ateak ezin zaizkiola jarri dio espainolezko esaera batek, baina mendi buelta bat ematea besterik ez dago konprobatzeko gezur galanta dela, mendia atez, atakaz, langaz eta txarrantxaz josia dagoela. Eguzkiarekin, antzeratsu: zergapeko! Eta gainera, hauxe oraindik larriagoa, autokontsumorako ekoizpen elektrikoa galaraztea, trabatzea bederen, herritarrak konpainia elektriko handien bitartekaritza erabiltzera derrigortuz. Eta bide batez bono soziala deitzen zitzaiona, ezinean zebilenari argindarra merkeago ematen ziona, kendu. Dekretua, zer esango dizuet, kalanbre bat da bere osotasunean. Eta ministroa, Soria jauna, urte batzuk barru enpresa horietako administrazio kontseiluko kide bainoago, ohorezko kide izendatuko dute (eta Ciudadanoseko inor aldameneko aulkian, larri ibili!).

Fantasia eta surrealismoa ez ezik, fartsa ere iristen zaigu hedabideetatik. Zer da, bestela, Nazioarteko Diru Funtsak egiten duena? BEZa igotzea, despidoak merkatzea, eta koordainketa proposatu ditu. Atzera joango garela, bestela. Onartu beharra dago katxondo apartekoak direla morroi hauek. Atzera egingo dugula? Ezinezkoa da, barren. Ez dago tokirik: atzea beteta dago!

Gaur Iruñean EH Bilduko hautagaia izendatuko dute alkate. Laster Uxue Barkos Nafarroako lehendakari. Eta abar. Amaitzeko tonu negarbera hartuko dut, errealitatearen lirika merkea,baina... Jaume Sisak garai batean kantatzen zuen qualsevol nit potsortir el sol, eta, baiki, batzuetan ateratzen da eguzkia, gauez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.