Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Arrazoiaren indarra

2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ihesi doa gizona, izua gidari, atzean duena betiko atzean utzi nahirik. Atzeko horrek beldurgarri behar du izan, itsu-itsuan aurrera baitarrai gizonak, bultzaka bidea zabalduz, aurrean topatzen dituen hesien gainetik jauzi egiteko prest. Gerriz gora biluzik doa, ezker sorbaldatik behera zintzilik daraman zerrenda bat besterik ezer gabe, baina ohol puska txiki bati heltzen dio, paparraren kontra tinko, huraxe balitz bezala hesiez bestaldeko etorkizunaren giltza.

Horixe nire interpretazioa, argazki hura estreinakoz ikusi nuenean. Giza begia edozertara egokitzen da, baita izugarrikeria latzetara ere, ikusiaren ikusiz dena ohiko bihurtzen zaion arte, ikusezin. Zenbat horrelako (eta okerrago) ez ote ditugu aspaldion ikusi, Sirian hil nahi ez eta beste inon bizitzerik ez duten iheslarien artean? Argazki hura ere niregatik aise pasatuko zen: beste bat gehiago, izugarrikeriaren bilduman. Latza, baina eramangarri bihurtua dagoeneko.

Argazkiko gizona, ordea, Xavier Broseta zen, Air France-ko Giza Baliabideen zuzendaria. Argazkiko unea baino ordu bete lehenago, Air France-k Charles de Gaulle aireportuan duen bulegoan zegoen Broseta jauna, beste buruzagi pare batekin, lasai ederrean. Air France-k egoera larria bizi du, antza, eta datozen bi urteotan dirua nola aurreztu erabakitzen ari ziren. Ezin esan euren errezeta originala denik: 2.900 lanpostu suntsitu, eta kito (300 pilotu, 700 azafata eta 1.900 lurreko langile).

Hori erabakiko zela jakitun, lau sindikatuk manifestaziorako deia egina zuten goi-bilera horren ordu bererako. Gero, gaitzidura haserre eta haserrea sumin bihurtu zitzaien manifestari batzuei, eta nola edo hala lortu zuten bilera lekuraino iristea, Broseta jauna bulegotik alde egiten ari zen unean.

Jakina: Brosetaren ezker sorbaldan ikusi nuena ez zen zerrenda, gorbata baizik; ohol zatia iruditu zitzaidana ez zen pateraren oroigarri, tablet bat baizik. Siriarren argazkietan ez bezala, Broseta babesteko dago polizia, hesietan gora egiten laguntzeko.

Neure buruarekin ernegatuta, hedabideak miatzen hasi nintzen. Salbuespenak salbu, ematen du hor aipatzeko moduko indarkeria bakarra langileena dela («Erdi Aroko bortizkeria», dio batek). Luzea da indarkeria (langileena, noski) arbuiatu dutenen zerrenda, Manuel Valls lehen ministroa buru dela.

Espainiako irrati kate handi batean bada kirol kazetari bat, izarren izar dabilena aurreko izarra itzal bihurtu zenetik. Aurreko hura bezala, hau ere gauza da airean ari direla kontra egitera ausartzen zaion langilea airean bidaltzeko. Horrez gain, (bere) ustez bera baino gutxiago direnak gupidarik gabe jipoitzen ditu (besteak beste, aski espainol ez den edozer edo edonor); boteretsuekin, aldiz, ondo lerde-merke jokatu ohi du.Behin, bi txirrindulari eraman zituen bere irratsaiora, etapa luze baten amaiera aldera bizikletak trabatu, erori eta elkarren kontra ukabilka arituak zirelako. Errieta egin eta gero, txirrindulariek elkarri barkamena eskatu arteko onik ez zuen izan gure kazetari bipilak, ezin baitu inola ere (inoren) indarkeriarekin burutu.

Borreroak ez ezik, indarkeriak ere baditu milaka aurpegi, eta agerikoa ez da beti zitalena(ukabila ondo arma kaltegabea da botereak darabiltzan armen aldean). Milaka aurpegi ez ezik, kausa edo arrazoi bat ereizaten du indarkeriak, sarri ezkutatu nahi izaten den arren (Parisko istiluetan aritutako langileak «berezko izatez indarkeria zale» zirela ere idatzi du norbaitek!).

Egiatan, Aliziaren lagun Humpty Dumpty-k esango lukeen bezala, kontua da nork erabakitzen duen indarkeria zer den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.