Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Ihesaldia

2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Joan den mendeko 90eko hamarkada brillantinaz betean izan zen Espainiako telebista publikoan ¿Qué apostamos? (Zer jokatuko dugu?) izeneko lehiaketa saio ikusgarri—adierarik zalantzagarrienean— bezain arrakastatsua. Garai hartako izarrek aurkezten zuten; hots, beltza baino dezentez mingarriagoa gertatzen den umore zuri-zuriz, eta melengakeriaren goia jotzen zuen irribarrez, bihotzerrea eragiten zuten Ramon Garciak eta Ana Obregonek. Saioaren funtsa zen erronka bat bota eta jendea gauza harrigarriak egiten jartzea, apustu bat tarteko zela. Esate baterako, Bilboko suhiltzaileak euren mangeren ur txorrotadaren indarra baliatuz auto bat altxatzen, Hulk sinesgaitzaren tankerako gizon bat x minututan x auto suntsitzen, pazientziak elkartutako lagun taldetxo bat inoizko naipe dorre altuena eraikitzen, edota mutil gazte bat kondoiak kaputxa moduan buruan jantzi eta putzadaka-putzadaka leherrarazten.

Egia aitortzeko, ikusi nituen proba guztien artean bakarra izan zen nire bihotzean arrakala ireki zuena: mutikotxo bat gai izan zena beren artaldeko ardi guztiak ezagutzeko haien balaka soinu hutsetik, hain zuzen ere, maitasun ekintza gisa baino ezin izan nuelako ulertu mutilaren abilezia, ardietako bakoitzari jarri zion aditasuna, dena estimulu eta dena kitzika bihurtu zitzaigunetik ezin baitezaket irudika inori jarraitutasunez arreta eta dedikazioa ematea baino maitasun ekintza handiagorik. Gainerako balentriek oso epel uzten ninduten, eta eskuarki, galdera bat buruan jirabiraka nuela: minutuan ehun erloju sinkronizatzea lortzeko baliatutako adimen eta ahalegina, edo milaka naipeak bata bestearen gainean jartzeko behar dena, edo lau kolpetan auto bat suntsitzeko indarra, edo kondoi-kaputxak putzadaka lehertzen trebatzeko energia… hori guztia, ez al zitekeen kontu probetxugarriagoetara bidera? Denon mesederakoak ziren gauzak sortu eta egitera, jendarte antolaketa hobe bat erdiestera?

Bada, zera, aspaldiko lehiaketa zoldatsu hark piztutako galderak ekarri zizkidan gogora joan den igande goizean Hendaiatik Ultzamako baso zoragarrietara bidean Pausu parean ikusitakoak: milaka eta milaka jende (34.000tik gora omen) Pausu-Donostia 20 kilometro pasatxoko lasterketan parte hartzeko azken korrikalditxo eta luzamenduak egiten —eta, badakit, alderaketa hori eginda lagungutxi irabaziko dudala eta baten bat galtzeko arriskua hartu dudala niregain—. Baina horiexek izan ziren galderak: indar hau guztia, energia hau dena, ezin al da beste kontu probetxugarriagoetara bideratu? Denon mesederakoak diren gauzak sortu eta egitera, jendarte antolaketa hobe bat erdiestera?

Irudika ditzaket hau irakurtzen ari diren askorengandik arrapaladan datozkidan erantzunak: praktika osasungarria dela, kirola, norbere burua zaintzeko modua, estresa askatzekoa, beste jende batekin harremanean jartzeko, baita taldetasuna lantzekoa ere. Hau da, gauza aski mesedegarria eta denon onerakoa dela korrika egitea, edo terminologia berriagoan running-ean jardutea. Eta ez dut ukatuko parte handi batean arrazoiz ari direnik: nik ere estimatzen dut lasterkalditxo batek gorputz-gogoei eragiten dien askatzea eta berritzea, batik bat, besteren batzuekin partekatuta baldin bada.

Baina nago, azkenaldiko joeraren oinarrian beste zerbait dagoela: gero eta jende gehiago gero eta proba gogorragoetarako prestatzen, ultra eta trail, errepideetan zein mendietan gora desesperatuki lasterka, diru-trukeko lanaz aparteko bizi-ekintza, motibo eta energia xurgatzaile handiena horixe bihurtuta —alegia, jendarte bizitzako bestelako ekimenetan erabiltzeko denbora apur guztiak kirolaren zakuan sartuta—. Denak gero eta luzeago, gero eta azkarrago, arnasestuak albokoarekin hizketan ere uzten ez digula, baldin eta bakoitzaren errendimendua hobetzeko entrenamendu mota, jateko eredu, jantzi teknifikatu eta prestatzaile iaioez ez bada.

Azken batean, ez al da kapitalismoaren zola ideologikoa den meritokraziaren gainean eraikitzen den ihesaldi kolektibo handi bat? Norbere buruarekin lehian, norbere burua indartsu egiteko ametsez, sinetsita ahalegina egiten duenak beti jasotzen duela ordaina? Eta, batez ere, besteekin, besteen arretaz eta besteenganako dedikazioz, dugula izaten segitzeko aukera bakarra ohartu gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.