Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Gaur ezin dut

2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Maitasun hitzak nahi nituzke esan/ baina gaur ezin dut»... Halaxe abesten zuen Benito Lertxundik 68 iraultzailearen atariko 1967an, Gure bide galdua-k izeneko kantuan. Halaxe kantatu zuten belaunaldikide askok: «Maitasun hitzak nahi nituzke esan/ baina gaur ezin dut»… Aiene bat zen, arrangura bat; are, salaketa aldarri bat. Jasangaitza iruditzen zitzaielako gurasoek oinordekotzan lagatako mundua: diruaren morroia, injustiziaz betea, eta eremurik hurbilenekoenean herriaren alde lan egiten zuten gizonak (sic) espetxeratzen zituena… Jakina, horrek denak auzi handi eta garrantzitsuez arduratzeko aldartean jartzen zituen —diktadura baten menpetik askatu, desegite bidean zen herri izate bat defendatu, kultura bat berreskuratu, antolaketa sozioekonomikoa irauli…—, eta, horrenbestez, maitasunaren pareko «kontu txikiekin» soraiotasunez jokatzeko trenpuan.

Antzeratsu kantatu zuen Hertzainak-ek 20 urte beranduago, No time for love, Jack Warshawren abesti ezaguna gurera ekarriz, ez zela maitasunerako garaia: tortura, atxiloketak, espetxeak, gerra… Hori dena tartean izanik, ez zela amodiorako betarik.Eta antzeratsu jarraitzen dugu gaur: sekulako auzi eta arazoak baititugu, serioak, sakonekoak, larriak, maitasunarenpareko «kontu txikiei» heltzeko. Esaterako, azaroaren 13ko Parisko erasoek beldurra oraindik eta sakonago itsatsi digute urdaileko zuloan, eta keinu larriz diogu ez dela onargarria Argiaren —edo, hara, Maitasunaren— Hiriko terraza xarmant batean kafe bat lasai hartzen lagatzen ez digun mundu bat.

Eta lagunarteko bazkarietan aho batez eskatzen dugu jar ditzatela Europan, gutxienez, AEBetara sartzeko adina kontrol eta traba —ahaztu zaizkigu, gogotik, gure umeen hainbesteko traza zuen Aylan haur hilotzaren argazkiak; eta ahaztu ez ezik, ezabatu ere egin zaigu borondatetik behinolako iluntasunean esku-argi izandako Gerrari Ez hura—. Eta segidan aldarrikatzen dugu mundu basa dela gureaz bestekoa: itsua, fundamentalista, matxista —batik bat, matxista; gureaz bestekoaz ari garenean plazer berezia ematen baitu ahoskatzeak: ma-txis-ta—.

Nolanahi ere, maitasun hitzaknahi genituzke esan, baina, agidanez, gaur ezin dugu… No time for love… Eta halaxe joan zitzaigun atzoko eguna, Azaroaren 25an, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkakoa, egunez egun, behartze bat, mehatxu bat, kolpe bat, zauri bat, heriotza bat harilkatzen dituen, nola izendatu, «arazoarena». Halaxe joan zitzaigun: erasotzaile zital, ero, gizatxarrak gaitzesten. Hainbatetan, erasotzailea gureaz besteko erretratatzen.

Halaxe joan zitzaigun, kontu larriez ari garenez, apenas maitasunaz hitz egin gabe. Eta, bereziki, ohartu gabe maitasuna esaten diogun hori dagoela andreoi bakerik ematen ez digun indarkeria horren muinean: ez dela banako ero batzuen edo moroen kontu bat, afektuen, sexuaren eta emozioen gaineko pentsaera, antolaketa eta kudeaketa zehatz baten ondorio baizik. Gure pentsaera, antolaketa eta kudeaketarena. Gehiago oraindik: hurkoaren jabetzan oinarritzen den bikote unitatea dela gure zutoina, antolaketa sozioekonomiko eta politikoarena ez ezik, gutako bakoitzaren giltzadura emozionalarena.

Jelosiari leialtasun esaten dion maitasunaren ikuspegi bat, atxikimendu erabatekotik gorroto muturrekora segundo hamarrenean jauzi egin dezakeena; are, amodioa eta herra txanpon beraren aurki eta ifrentzu biziarazten dizkiguna. Eta maitasunaren irakurketa horretarako desberdin entrenatzen garela emakumeak eta gizonak: printze urdinaren musu/hatsaz bizitzeko batzuk, printzesa ederra babesteko/kontrolatzeko besteak. Eperrak jan ondorengoak hain gutxitan kontatu dizkigute, ordea…

Zer diren gauzak… Hitz egin nahi nuke gauza handiez —arrakala sozialez, ekonomiaren iruzurraz, geopolitikaz, kulturaren noranzkoaz, independentziaz…—, baina gaur ezin dut: hondora begira jarriz gero maitasunaren gaineko ikuspegia eraldatu beharra eta elkarrekin bizitzeko beste eredu batzuk esploratzeko premia agertzen baitzait auzi horietako bakoitzaren erraietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.