Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Mozorroak zomorro

2016ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Gainerako egunetan garen zomorroa zokoratu eta izan nahi genukeenaren mozorroa janzteko aukera eskaintzen digute, tarte txiki batez badarik ere, inauteriek. Horixe dute festok bereizgarri behinen, eta asko ikas omen daiteke albotik beha egonik.

Aurtengoetan Lantzen ETBko neska kameralariari eraso egin zioten hiru gizonak mozorropeko inpunitatetik aritu zirela diote hedabideek (eta ardoak adoretuta, ziur asko, adore latza behar baita horretarako).

Beste hainbeste esan liteke Gasteizko erasotzaileez ere, baina hemen bada alderdi are lazgarriago bat: bi neska adingabe izan ziren biktimak; erasotzaileak, berriz, sei mutil, haiek ere adingabeak.Taberna batean izan zen, eta mutilak mozorrorik gabe aritu ziren.

Tolosan ere berdin, protagonista helduagoekin. Biktimak aurrena erasotzaileari aurre egin, eta gero denuntzia jarri zuen. Ertzantzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du. Herrian elkarretaratze jendetsu bat egin zen, mugimendu feministak antolatuta, erasoa salatzeko.

Tolosako Udalak bat egin du erasoaren salaketarekin, Lantzeko Udalak barkamena eskatu du, eta Arabako ahaldun nagusiak esan du «intrantsigente» izan beharra dagoela horrelakoetan.

Bortxakeria matxista gaitzetsi beharra dago, konforme (bide batez: zergatik tematu «bortxakeria matxista» ordez «genero bortxakeria» esaten, begien bistakoa bada norabide bakarreko kontua izaten dela?).

Erasotzaileei merezi duten zigorra ezartzearekin ere konforme, baina ahaztu gabe zigorrak zertarako diren (edo izan behar luketen).

Ezinbestekoa da hori guztia; ez, ordea, aski. Niri, behintzat, hortik gorako kezka sortu zait, aspaldion kontu horren inguruan iristen zaizkigun albisteekin.

Honako bi galderotan eman liteke kezka horren funtsa: Zer gertatzen ari zaigu? Zergatik ugaltzen ari dira gizonkeriazko jokabideak? Galdera handi-mandi horiez gain, txikian ere bada zer galdetua eta zer kezkatua franko. Esaterako: nola liteke gizonezko batek plazer hartzea emakume bati, berak nahi ez duela, zirri eta igurtzi eginez?

Batzuetan, zirri-igurtzi higuingarriak begiz eginda etsitzen du hainbat gizonezkok, eta hori ez da gutxiago harrigarri. Hor daude, esaterako, gure inguruko hainbat kiroldegitako aldageletan (neskenetan, jakina) jarritako bideo kamerak edo kanpotik begiratu ahal izateko hormetan egindako zuloak.

Ez dakit parekatzeko modukoak diren eraso fisikoak eta begizko erasoak, ziur asko ez. Dakidana da batzuk bezala besteak ere sakonagoko gaitz baten sintoma direla, nabarmen. Gizonkeria, matxismoa da gaitzaren muina, bai, baina bada hor beste zerbait ere: nahi ditugun gauza (eta pertsona) guztien jabe izateko joera eragabekoa.

Gaitzespen-zigor sistemarekin gaitzaren sintomak ezabatuko ditugu akaso, baina gaitzaren erroetara jotzen ez badugu gero eta gehiago izango dira gaitzetsi eta zigortu beharrekoak.

Heziketan dago gakoa. Ez hezkuntza sisteman (bakarrik), baizik eta oro har gizartean nola edo hala nagusi garenok gazteagoei eskaintzen dizkiegun balio, erreferentzia eta ereduetan. Etengabe ari baikara gure ume eta gaztetxoak mezu ezinago ustelez bonbardatzen, baita (beharbada bereziki) ustez entretenimendu hutsezkoak diren formatuen bidez ere. Dragoi Bola marrazki bizidunetan, esaterako, Iratxo Dordoka arte martzialetako maixu gorenaren ikasle izan nahi duen mutikoari, Son Gokuri, baldintza bakarra ezartzen dio maixuak: mutikoak lagun duen neskari ipurdia ukitzen uztea. Adibide bat baino ez da, semea alboan nuela neuk ikusi eta entzuna.

Errotikako kontu horiek errotik aldatu ezean, sekula ez dugu jakingo noiz gauden mozorrotuta: inauterietako parentesian, edo gainerako egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.