ARKUPEAN

Espeziearekin adiskidetuta

Mikel Elorza -

2017ko apirilak 5
Tarte bat izaten dute hedabideek, ikus-entzunezkoek batez ere, kirio sentiberenak hunkitzera bideratutako albisteentzat: hondamendian 72 orduren ostean lokatz eta harri azpitik ateratako pertsonarena; trenbidera jauzi egin eta hara eroritakoa trenaren gurpilen azpitik justuan ateratzen dutenarena; hildako nagusia utzi nahi ez eta hura non den erakusten duen txakurrarena... Gure hurkoekin, espezie bezala diot, adiskidetzeko albisteak izaten dira, hainbeste odol eta malkoz betetako inguruan.

Justiziarekin, justizia soziala deitzen dugun horrekin ere bat egiten dugu batzuetan, halako zigortu edo halako libre utzi dutela; edo delako jarduna debekatu egin dela, edo baimendu dutela entzun edo irakurtzean.

Biak elkartzen dituenik topatzea zaila da. Aste honetan izan dezakegu aukera.

Espedientea zabalduko diote, gauzak normal (normal norma-tik, arau-tik datorrela berretsiz), Bilboko su-hiltzaile bati, aurreko batean agindutako lanari huts egin baitzion. Izan ere, su-hiltzaile kamioi eta zaintalde bat osa zezan eman zioten hagindua, Bilboko portuan. Armak eta lehergailuak zeuzkan ontzi bat zegoen, partitzekoa zen, eta halakoetan segurtasunagatik legeak su-hiltzaileen presentzia derrigortzen du. Ordea, haietako baten batek jakin zuen ontzi hark Saudi Arabiara zeramatzala milaka arma eta lehergailu tona. Saudi Arabiak Yemen suntsitzen diharduen gerra-kanpainan erabiliak izateko, jakina. Kontzientzia-eragozpena aldarrikatu zuen su-hiltzaileak, Yemengo herritarrak masakratzeko baliatuko zituzten armak ez zaintzea erabaki zuen langileak, horrek espedientea ekar ziezaiokeela jakitun. Arrazoitu zuen, gainera, bere erabakia: hainbat erakundek eskatua dute arma-bahimendua Saudi Arabiarekiko, Europako Parlamentuak besteak beste, nabarmenegia baita estatu hau Yemenen burutzen ari den triskantza.

Baina adierazpenez eta asmo onez beteak daude munduko erakundeen biltegiak, hautsa hartzen. Ez, ordea, beste biltegi batzuk. Arma fabrikatzaileen biltegiak etengabe berritzen dira, ez dago hautsa hartzeko astirik. Broma gaizto moduan imajinatzen dut legebiltzarren eta erakunde humanitarioen adierazpenak erabiltzen dituztela lehergailu-kutxetako betegarri gisa.

Milioika arma, milioika tona lehergai, misilak... ekoitzi, saldu eta erosten dira. Eta egonen da merkatu beltzik, egon badago jakina, baina nekez imajinatzen da armen ekoizpenarena baino industria kontrolagarriagorik. Edadeko hainbat eibartarrek fresadora batekin egingo dizute igual eskopeta bat, bale, baina RPG misil-jaurtigailua etxeko garajean egitea ez da izango ahuntzaren gauerdiko puzkerra.

Industria da, ordea. Negozioa. Hainbat estaturen merkataritza-balantza berdintzen laguntzen duen sektorea. Nork geldituko? Gure herri solidario honek ziento bat enpresa dauka sektore horretan (lehen ere gomendatua nago Gasteizkoak kolektibokoen Mercaderes de la muerte made in Euskadi liburua, erreferentzia ezinbestekoa), eta zer egiten dugu? Ulertu. Batzuek torlojuak egiten dituzte, eta beste batzuek misilak gidatzeko sistema informatikoak. Azken hauek, gainera, teknologia garatzen laguntzen digute eta aspaldion hain estimatua den emprendedor horietako batek sustatua. Guk ekoitzi egiten ditugu, gero nork eta zertarako erabiltzen dituen...

Kontzientzia-eragozleak adiskidetu nau gure espeziearekin, dena den, eta hori zen artikuluaren abiapuntua. Eragozpena aurrera eramateko prest dagoen bat dagoela jakiteaz aparte, kontzientzia duenik oraindik ere badela berresten duelako, eta ez daukala garajean hautsa hartzen.

Eskertzen da edozein lanpostutan, edozein zereginetan, edozeinekin merkataritza harremanetan ibiltzea bihurtu denean normal. Bizi beharraren bizi beharraz deus auzitan jartzen ez dugun garaiotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna