Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

'Victoriapreguismo'-aren aurka

2017ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Daitort: herenegun goizean Donald Tusk izena ezaguna egiten ahal zitzaidan, baina Realaren aurrelaria dela esan izan balidate sinetsiko nukeen, edo Donald Trumpen komunikazio arduraduna, edo musika countryaren izar berria. Izenekin gero eta ganoragabeagoa naiz.

Orain badakit Tusk Europar Kontseiluko presidentea dela, eta herenegun eguerdian pertsonalki deitu ziola Puigdemonti balazta zapal zezan. Hala diote, behintzat, Enric Julianak eta Vicent Partalek. Guillem Martinezek ez, oraindik ez duelako zutabea argitaratu. Baina egiten duelarik, aipatuko du, doike.

Hortik abiaturik Julianak eta Partalek, jakina, ondorio kontrajarriak eratorri dituzte: La Vanguardia-ko zuzendariari atxikitakoaren irudikoz, balaztadak arrakalak eragin ditu independentismoan, CUPek aurki Puigdemont sustengatzeari utziko dio, eta hartara hauteskunde autonomikoetara goaz; Vilawebe-ko zuzendariaren aburuz, berriz, Puigdemontek asmatu du Tusken lasaitasun eskaerari men eginez, hala Tuski eska baitiezaioke Rajoy ere lasai dezala, eta Espainiako presidentea ez denez lasaituko eta bortizki erantzunen duenez, Puigdemontek independentzia aldarrikatzeko zilegitasuna irabaziko du Europaren begietara.

Analistak. Gero eta gehiago dira. Goizean dutxan sartu naiz, eta bat aurkitu dut, dutxaren alkatxofa mikrofono moduan zerabilela, bide esloveniarra hamar puntuan laburbiltzen. Ez ote diren gehienak victoriapregoismo-an erortzen ari.

Gazteenentzako azalpena: Victoria Prego Espainiako trantsizioko Fernando Aranburu izan zen. Ez zuen 600 orrialdeko eleberritzarra idatzi, baina bere dokumental ugari eta hanpatuen bitartez, errelato mainstream-aren ahotsa izan zen. Pregoren kontaketaren arabera, dena jauregietan gertatu zen, edo alderdien egoitzetan, edo kasernetan, baina sekula ez karrikan, 70eko hamarkadako langileen grebak, amnistiaren aldeko protestak edo auzo elkarteen mugimendua existitu izan ez balira bezala.

Egun Kataluniarekin ez ote diren gauza bera egiten ari analista asko. Ez bereziki arestian aipaturiko hirurak. Beste asko. Gehienak.

Desobedientzia zibil ez bortitz dinamika batean parte hartzeak aldatu egiten zaitu. Kontzientziatu. Ahaldundu. Barka beste behin bataila antimilitaristak kontatzen hastea, baina Nafarroan intsumisioaren inguruan ibili ginenok ederki dakigu hori. Ez espetxeraturiko intsumisoek soilik, baita senideek, lagunek eta manifestariek ere. Konparaziora, ordura arte politika kontuetan ibili gabeko intsumisoen hainbat guraso solidarioen zein presoen aldeko mugimenduan engaiaturik ikusi genituen gero.

90eko hamarkadakoak berunezko urteak ziren. Sektarismo latza zen nagusi euskal ezkertiarren artean. Halere, Nafarroan, intsumisioaren mugimenduan, korronte politiko askotako jendea elkartu ginen, eta erabakiak adostasunaren bidez hartu genituen. Borroka armatuaz landara, borroka tresna muturreko, eraldatzaile eta eraginkorrak bazirela erakutsi genuen, gizartean gehiengo zabalak sor zitzaketenak. Eta ingurumari horretan, errespetuzko harreman berriak sortu ziren gu guztion artean.

Ene uste harroan, horrek guztiak gerora zerikusi handia eduki zuen bai ETAren gainbeheran, baita Nafarroako aldaketa politikoan ere. Ekarpen periferikoa, joera kostaldezentristatik at ondua.

Nafarroan, dozenaka lagun ibili ginen intsumisioaren lehen lerroan. Katalunian, milaka eta milaka herritar aritu ziren besoz beso hautetsontziak babesten. Desobedientzia zibil ez bortitz masibo eta eredugarri horrek lortu zuen Kataluniaren afera nazioarteko agendan txertatzea. Herritar horien guztien garaipena izan zen hura. Baina hori bezain garrantzitsua begitantzen zait polizien basakeriei aurre egin zieten joera politiko, belaunaldi eta klase sozial ezberdinetako milaka eta milaka herritar horien guztien artean sortu diren komunikazio, konplizitate, elkartasun eta elkarlan zubi indartsuak. Kataluniako gizarteko zati handi baten ahalduntze ariketa masiboa izan zen hura. Eta hori Kataluniarentzat altxor ikaragarria da, ez procès-ari begira soilik.

Ez dakit zer gertatuko den Katalunian. Eta ez diot garrantzi zipitzik kentzen Tusken rolari, Puigdemonten abileziari ezta Rajoyren autoritarismoari ere. Baina ziur naiz gertatzen dena gertatzen dela, herritar ahaldundu sare erraldoi horrek rol erabakigarria jokatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.