Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Bularretakoaren zartailukada

2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Nerabezarora sartu ginenean, 12-13-14 urte geneuzkala, bazen ikasgelan askotan errepikatzen zen jolas bat: mutiko batek eskua neskato baten bizkarraren erdi parera eraman,bularretakoaren elastikoari heldu eta tenk egiten zion, ondoren askatueta gomak neskatoaren bizkarra kolpatu zezan. Jolas hori gerta zitekeen klaseen arteko atseden garaietan, neskak, esaterako, berriketan geundela. Edo gerta zitekeen, baita ere, klase garaian, irakaslearen azalpenak jarraitzen ari ginela edo lanen bat egiten, atzeko mahaiko mutil batek edo aldamenekoak horixe egitea. Egia esaten jarrita, bularretakoaren elastikoaren bizkarreko zartadak ez zuen min ikaragarririk ematen. Erantzuna, berriz, ez-sentituarena egitea izaten zen askotan, muturra okertu eta ahapeka protestaren bat jaurtitzea gehienetan, eta buelta eman eta aurre egitea oso aldi bakanetan.

Jolas bat zela jarri dut lehen lerroan. Halakotzat geneukan. Halakotzat hartzen zutengure inguruko helduek. Adinari, hormonei eta hazte prozesuari lotutako zerbait. Ez zuten txalotuko, jakina, eta oso-oso parean tokatuz gero arbuiatu egingo zuten, baina barkaberatasuna jariatuz. Trauskilkeria onargarria zen. Pasa beharrekoa.

Arestian, jolas bat zela jarri dudan bezala, idatzi dut, baita ere, bularretakoaren zartadak ez zuela min ikaragarririk ematen. Baina beste min bat eragiten zuen. Kolpetxoak baino areago, haren lagungarri ziren irriek eta burlaizeak. Oraindik kosta egiten zait min hura zehazki aletzea, baina, bazuen ezintasunetik, eta, harrigarriki, lotsa eta erruduntasunetik. Jolas hura zerbaiten mugarri eta abiaburu zelako: bat-batean, beste ezeren gainetik gorputz egin ginenaren froga; buru, bihotz, ahots eta ekintzen gainetik gorputz. Horra neskatoon patua. Gorputz ginen: gorputz zaurgarri, erasogarri eta kontrolatu beharreko bat, aldi berean zelako gorputz desiragarri eta probokatzailea. Hortik ezintasuna. Hortik lotsa eta erruduntasuna. Funtsean, ordura arte milioka jolas partekatutako kideekiko harremana hankazgoratzen zuen. Norberaren gorputzean norberaren borondatearen kontrako interbentzioak jasateko eta, batik bat, zilegitzeko aukera esponentzialki biderkatzen.

Izan ere, hortik aurrera gelako neskato bakoitza bere curriculum propioa idazten hasiko zen: bat «bolon-bolon-bolon» garrasi artean hartuko zuten mutilek soinketa klasean lasterka aritzen ginen bakoitzero, titi handiak zituelako auskalo nork erabakitako neurri egokitik gainezkakoak. Beste bat bahituta eramango zuten nesken aldageletatik mutilenetara. Izango zen korridore ertzean ipurdia ukituko ziotenik. Izango zen mutil zaharragoren batekin musukatzen ikusi zutelako oraingoan bai, bere borondatez puta izenaerantsiko ziotenik. Izango zen une batean ezetz esan zuelako buztan-berotzaile bataiatuko zutenik, edo, okerrago behartutakorik. Curriculum luzearen abiaburu, bizi osoan gizentzen joan zaiguna.

Jolas bat zela jarri dut lehen lerroan. Neuk ere halakotzat neukan orduan. Aletzen oso zaila zitzaidan ezintasunezko, lotsazko eta erruduntasunezko min hura eragiten zidan arren. Gaur da eguna, ordea, jolasaren lekuan diziplinatze ariketa bat ikusten dudana: zartailu bat zen bularretakoaren elastikoa, zartada bizkarrean, ohartarazteko zaurgarri, erasogarri eta kontrolatu beharreko nintzela, batez ere, desira eta desiragarritasuna askatasunaren oinarriak tentuz eta, batez ere, neurriz, maneiatzen ez banituen.

Baina, era berean, diziplina ariketa bat zen bat-batean beste aldean kokatu eta bularretakoaren elastikotik tenk egiten ziguten mutiko haientzat: kontrolaren eta indarkeriaren jabe izaten ere ikasi egiten baita, eta ziur nago ikasketa horrek ere eragiten duela minik.

Partekatutako minek emango ahal digute hitz, izendapen, kontakizun eta, batez ere, bizi praktika berri eta justuagoak sortzeko argitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.