Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Historiaz harago

2014ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Nola sortzen da Historia? Jakin nahi nuke non, nola eta norekin eztabaidatu behar den zer den gertakari historiko bat, eta zer ez. Noiz bihurtzen da jazoera bat mendez mende mugiezin bihurtuko den tradizio edo arau? Jakin nahi nuke nori dagokion munta horretako erabaki bat hartzea, eta zergatik aitortu ohi diogun erantzukizun hori besteok. Eta, behin galdetzen hasita, jakin nahi nuke zergatik uste izaten dugun iraganari zor omen zaion begiruneak geure orainaldia horrenbeste baldintzatzeko gaitasuna duela. Barruraino sartuta baitugu, gatozen tokitik gatozelako, helmuga zehatz batera ailegatzea dela geure patua, geografia partikular bat dagokigula, eta ez besterik. Joko-zelai zaharkituaren barruan ezagunak diren jokaldiak inprobisatzera derrigortuta ote gaude? Edo ba ote dugu, menturaz, zelai eta arau berriak entseatzeko modurik?

Eskozia, Katalunia eta Hondarribiko Alardea. Hiru jazoerak hagitz desberdinak dira, baina komunean dute galdera horien harra. Alabek agerian jarri didate hiruren arteko lotura beren galderen bitartez, telebista ikusten ari ginela. Albistegiak hiru kokalekuetara eraman gaitu, eta jakin-minaren txorrota ireki du. Lehendabizi, Eskozian bozkatuko den hori zer den jakin nahi zuten. Kataluniakoa etorri da jarraian, zalantzaren bat edo beste bazutelako, ustez neuk argitu ahal izango nizkiokeenak. Joan den astelehenean Hondarribiko Alardean jazotakoaz, azkenik, argiagoa zuten kontua, ez baitira alferrik bertako alabak; urruti samar bizi arren, hango berri gertua eta zehatzagoa ez zaie falta izaten.

Testu-liburuetan baino ageri ez diren gertaerak erabili behar izan ditut, nola edo hala, hiru auzien nondik norakoa azaltzeko. Hiru kasuetan, bada, oso atzera egin behar izan dut orain pil-pilean ditugun gaien korapiloak askatzen laguntzeko. Hiruretan harritzar bera jarri zaigu begien aurrean: Historiaren agindua irentsi beharra, oka egin arte. Eskozian eta Katalunian mendez mende iraun duen statu quo politiko eta instituzionalak mugatzen du aurrerabidea; Hondarribian tradizioak, ohiturak eta itsukeriak. Business as usual: laga ditzagun gauzak dauden bezala, utz dezagun geure etorkizuna inertzia hutsaren esku.

Hiru adibide hauek zer pentsa eman didate. Kasualitatea da? Ni neu behintzat, ez naiz hipotesi horren batere zalea. Alta, gero eta maizago agertuko diren tentsioak iragartzen dituzten seinaleak direla esango nuke. Fondoko itsasoa mugitzen ari dela iradokitzen duten olatuak. Hainbat arlotan, izan ere, zirt edo zart egiteko ordua iristen ari da. Hitzarmen berriak adostu behar ditugu geure artean, bizikidetzarako arau berriak: herritarrok gure artean lehendabizi, eta herriek euren artekoak ondoren.

Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren Aita Fundatzaileetakoa izan zen Thomas Jeffersonen testu batzuk irakurri ditut uda honetan (tira, hori bai, kasualitatea hutsa izan da). Bertako Konstituzioa 19 urtez behin berriro bozkatzea gomendatu zuen Jeffersonek oinarrizko testua argitara eman orduko, eta hitzez hitz gogoratzen ez badut ere, hauxe da proposamen hori arrazoitzeko esan zuena: «Dena aldatzen da, nola herriak eta pertsonak, hala geure desio eta itxaropenak. Belaunaldi bakoitzak bere aurrekoek egoki iritzi zuten harreman-markoa oso-osorik kuestionatzeko eskubidea du, eta are gehiago, betebeharra. Paper zuri baten idatzi behar du belaunaldi berriak bere gurarien irismena, aurrekoen baldintzarik gabe. Horrela egingo ez badu, belaunaldi berriak hildakoen esku utziko du bere etorkizuna erabakitzeko ardura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.