Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Biderik ez da

2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bidea ibilian egiten dela esan zuen poetak eskolan erakutsi zizkiguten bertso gogoangarrietan. «Biderik ez da, bidari, itsasoan uharak baizik». Ederra da irudia, ez balitz ikaratzeko moduko hilerri bilakatu delako itsasoa bide berriak urratu nahi dituzten milaka pertsonarentzat. Mediterraneoa ez da egundo itsaso bare eta abegikorra, eta bertan itota hil egingo dena ez da, poetak agindutakoaren kontra, hondartza eta zeruaren artean hilobiratua izango. Urpean desegingo da, edo kostaldera iritsiko da, gorpu.

Milatik gora izan daitezke azken asteon hildakoak; aurreko bi asteetan desagertutakoak zenbatuta, bi mila baino gehiago hilabete eskas batean. Ni bizi naizen herrian 600 inguru biztanle gara. Meñaka halako hiru eta erdi desagertu dira, beraz.

Soka luzeko azken korapiloak dira. Azkena diot, baina litekeena da azken-aurrekoak izatea jada, edo oso laster, beharbada lerro hauek idazten ari naizen unean beste ontziren bat izango baita itsasoratzeko prest Afrikako kostaldetik Europarantz.

Mapetan begiratuta, lerro zuzeneko bidaia da, edonori bururatuko litzaiokeen zuzenena, baina lerro etenak dira. Mapek, izan ere, ez dute pobreziaren eta beldurraren geografia islatzen, eta notiziek gertatutakoa erdizka baino ez dute jasotzen.

Afrikatik datozela diote berri-emaileek, baina Afrika ez da herri bat, bertatik datozen guztiek masa formagabea osatzen ez duten bezala. Izen-deiturak dituzte, sekula ezagutuko ez ditugunak. Ezjakinak eta konplizeak gara.

Ez dakigu Afrika desberdin guztien artetik zein den berea: gerrak astindutakoa, gosearen Afrika, edo beldurrarena. Ez dakigu deserriratzeen atzean zer datzan zehazki, zerk bultzatu zituen bidaia zoroan eskrupulurik gabeko kriminalen esku jartzera, zer pentsatu zuten itsasoratu aurreko gauean.

Ez dakigu zein Europa zuten jomugan, eta, beharbada, beraiek ere ez zuten sumatu ere egingo noizbait askatasun-promesa izan zen hura aspaldi galdu zela interesik zitalen burokraziaren paper-saldoetan itota.

Ez dakigu ezer. Izen eta abizenik gabe hil dira itsasoan, historiarik gabe.

Frantzisko Aita Santuak «geu bezalako gizon-emakumeak ziren, zoriontasun-bila zetozenak» esanez agurtu zituen joan zen domekan. Ameriketako Konkistan ere, kapitain eta apaizen zeregina zen bertako herritar indigenak «gizakiak» zirela egiaztatzea, eta Jainko bakarraren seme-alabatzat onartzea menpean hartu aurretik. Denbora igaro da, dezente, baina lehengo toki berean gaude, ez baikara batere mugitu eskubideak partitu eta gizatasuna nori dagokion grazioski erabakitzen duen ikusmoldetik.

Beltz, arrotz, gosebera eta txiroa direnak ez dira gu bezalakoak. Darwinismo ekonomikoa aplikatuta, eboluzio ekonomikoaren zikloan pauso batzuk atzerago geratzea suertatu zaie eta, beraz, penitentzia dagokie Paradisuaren atean joka jarduteko atrebentziarengatik.

500 hildakotik gora aurrean jarri arte batere mugitzen ez den Europak neurriak iragarri ditu: mugak zelatatzeko baliabide militarrak indartuko ditu, hesi altuagoak altxatuko ditu eta itsasontzi gehiago bidaliko ditu Mediterraneora. Hara iritsitakoan, gehienez ere gorpuak bizkorrago berreskuratu ahal izango ditu Europak.

Neurriak bai, baina erabakiak iragarri gabe geratu dira, beste behin ere. Beste uneren baterako atzeratu du egiazko erabakia Europak, kanpotik datozenei baino gehiago, bertan bizi garenoi eragiten digun erro sakoneko erabakia, hain justu: zer izan nahi dugu guk, europarrok: aterpe edo hilotza? Noraino iristen diren gure mugak? Non hasi eta buka egiten da gure kontzientzia: itsasoak mundua bitan egiten duen kosta-lerroan edo hondamendi etikoaren amildegian?

Machadok ez zuen biderik ikusten, ezta Frida Kahlok errukirik ere: «Mina itotzen saiatu ginen, baina igeri egiten ikasi zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.