Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Ezker abertzalearen berreraketa

2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
L ehendabiziko hauteskundeen biharamunean, 1977ko ekainaren 16an alegia, garai zailak hasi ziren euskal abertzaletasunarentzat eta, batik bat, Ezker Abertzalearentzat. Orduantxe, ordea, zailena zirudien garai hartan alegia, eraiki genuen Altsasuko Mahaia eta haren ondorioz Herri Batasuna.

1977an Nafarroan eskuin abertzaleak kale egin zuen; alde batetik, Urmeneta, Arbeloa, Caballero eta abarrek sortutako Frente Navarro Independientek, FNI zelakoak, ez zuen UCD ordezkatzea lortu Navarrismoko eskuinarekin izandako lehian, eta ezerezean gelditu zen. Beste aldetik, lau hilabete lehenago jeltzaleek eraikitako ustezko eskaintza politikoak ere ez zuen ordezkaritzarik lortu. Beraz, eskuineko abertzaletasuna maila anekdotiko batean murgildu zen eta hamarkada luzeetan maila horretan jarraitu zuen,Nafarroa Bain sarrera eman zitzaion arte.

Urte berean Ezker Abertzalea mendian gelditu zen, bere gora-behera guztiak zirela medio. Erakundeetatik at, preautonomikoan zer esanik gabe, inoiz iritsiko ez zen negoziaketa baten zain. Alde batetik, borroka armatuaren baldintzapena zegoen; bestetik, barneko zatiketa eta, gainera, heldutasun falta. Bazirudien gainbeherakada itzulezina izango zela, baina urpean murgildu eta beheko hondoa jo ondoren, ezker abertzaleak inoiz izan duen egiturarik trinkoena sortzeko oinarriak jarri ziren. 1977ko iraila zen.

Orain, 2016an, badirudi hauteskunde orokorrak berriro etor litezkeela berehalakoan, baina 2015ekoak ez dira oraindik behar bezala aztertu, ez direlako beharrezkoak liratekeen ondorio guztiak atera. Amaiur izenarekin Euskal Herriko lehen indarra izatetik laugarren tokira jaitsi da ezker abertzalea, eta, okerragoa dena, Nafarroan eta Araban ordezkaritza galdu du, horrek daukan eragin adierazgarri guztiarekin. Izan ere, Nafarroako Gobernu berriari eusten dioten lau indarren artetik soilik Podemos alderdiak lortu zuen ordezkaritza, eta bikoitza, gainera, EH Bilduk eta Geroa Baik beren ordezkaritza galdu zuten bitartean. Berriro NaBai asmatu beharko litzateke, zakarrontzian ez balego.

Erronka zailenei eman behar omen zaizkie erantzun ausartenak, eta XXI. mendeko egoera honek dagokion hausnarketa eskatzen du; zera alegia, guztiei irekia, agerikoa, mugarik gabea... Txillardegik esana gogoratuz erantsi beharko litzateke, «modan ez badago ere».

Ezker Abertzalearen ezaugarri ideologikoak zehaztuak daude eta ezagunak dira, baina bere jardunean salbuespenik gabeko beste indar eta eragile guztiek aintzat hartzea kontuan izan beharko da. Fronteen eta Poloen terminologiak ez datoz Interneten gizartearekin bat.

Arnaldo Otegiri askatasunera ongietorria emateko izan bedi lerro hauetako hausnarketa, nahiz eta ahaztu gabe giltzapean gelditzen diren beste preso politiko guztiak, haientzat ere amnistia aldarrikatzen jarraituko baitugu, modan ez badago ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.