Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zebrak

2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Jaioterria ez da aukeratzen, ez ohiko kasuetan, behintzat. Leku zehatz batean egokitzen da lehen arnasa hartzea, zoriak, beharrak edo auskalo zerk eraginda. Geure ahaletatik erabat kanpo dagoen gertakari horrek, alta, erabat baldintzatzen du handik aurrerako guztia. Denok larrubizi jaio arren, ez baita gauza bera han edo hemen suertatzea. Niri, behintzat, bertakoa izateak mundua ikusteko modua eman dit, eta baita pare bat mania edo apeta ere. Munduko berriak hona nola ekarri irudikatzea da bat, eta detaile ñimiñoei erreparatzea bestea. Handitasunak zorabioa eta nahasmena eragiten dizkidalako izango da, agian: horregatik detaile txikiei erreparatzen diet, fokuratzen laguntzen didatelako. Mundua ez baitugu ikusten den bezala, garen bezala baizik.

Brasilgo Amazonia ez da gure Iratirekin konparatu ahal, hango Orinokok eta bertako Ibaizabalek antzik ez duten bezalaxe. Hara begira egon naiz aste honetan, bere garaian aparteko ikusmina eragin zidan iraultza herritarra zertan den jakiteko. Lula da Silva agintaldira iritsi zeneko garai txinpartatsuen arrastorik ez dago ia, eta ikuskizun dago zer jazoko den Rousseff anderearentzat bigarrena zatekeen agintaldian. Besteak beste, kapaz izango ote den lau haizeetara aldarrikatu zen «beste mundu posiblea» azalarazteko.

Hauteskundeen bigarren itzulirako inkestei aurre eginez sailkatu den hautagai sozialdemokratari zebra esaten diotela irakurri dut. Itxura denez, joan den mendean Sao Pauloko zoologikoan pilaturiko zorrak kitatzeko, bertako ugazabak Jogo do bicho izeneko jokoa asmatu zuen, berehala ospe handia lortu zuena. Zoologikoko animaliak irudikatzen dituzten 25 kartarekin osatutako loteria modukoa omen da, gaur egun ere kaleetan estraofizialki jokatzen dena. Bada, jokoak dituen 25 karten artean ez dago zebrarik, eta horregatik hala izendatzen da jokoan ustez ez dagoena, irabazteko kontatzen ez badu ere, azken unean agertuta ezustea ematen duena.

Etxera ekarrita, bada, detaile txikiari erreparatu eta neure buruari galdetzen diot geurean ba ote dagoen zebrarik.

Astean zehar zer esana eman du EAEko Lehendakariarekin elkartu eta gero, EH Bilduko ordezkari Hasier Arraizek esandakoak, hots, Eusko Jaurlaritzarekin eta bertan buru den EAJ alderdiarekin akordio-bideak urratzeko aukera berri eta egingarriak daudela. Frekuentzia desberdinetan igortzen duten arren, sintonizatzeko modua bilatzeko hitzeman izana ez da gutxi, nik uste. Epe jakinik ez dago, ezta hiru arlo nagusitik kanpora xehetasun gehiagorik ere ez oraingoz, baina «ezustea» emateko modua izango dela gaineratu du.

Zebrak behar ditugu, orain arteko bide urratuegietatik aldenduta, bidezidor berriak ibiltzeko kapaz diren zebrak, harrituko gaituztenak. Izan ere, jokalari berberek joko-arau berberetan nekez emango dute aukera berririk. Ohikoa jazoko da, zerbait jazotzekotan. Ez bada, inork espero ez duenean, zebra bat agertzen delako, adibidez, Ajuria Eneko lorategian larratzen, bere marra zuri-beltzekin herrigintza desberdin bat posible dela erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.